Prezioak

Inflazioak %7,5ra egin du jauzi otsailean Hego Euskal Herrian

Argindarra eta erregaiak inoizko garestien daudela, etxebizitzako gastuetan eta garraioan igo dira gehien prezioak. Elikagaiak ere iazko otsailean baino askoz gehiago garestitu dira. Azpiko inflazioa %3,1era igo da.

Argindar eta gas garestiak etxebizitza gastuak asko handitu ditu otsailean. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 11
10:21
Entzun

Fakturek eta ordainketa agiriek agertzen dutena berrestera etorri da gaur KPIa: otsailean kontsumo gaiak nabarmen garestiagoak izan direla. Iazkoekin alderatuta, prezioen igoera %7,5ekoa izan da Hego Euskal Herrian.

Eta energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioak erakusten du igoera ez dela berehalakoan apalduko. Azpiko inflazioa %3,1era igo da otsailean Hego Euskal Herrian; 2008. urteko irailaz geroztik ikusi gabeko mailara. Hor ikusten da energia garestiek jada ukitu dituztela beste prezioak eta, ziurrenez ere, horren aldakorrak ez diren faktore batzuk ari direla prezioak igoarazten.

Otsaileko KPIan etxebizitzaren arloan izan da igoerarik handiena, batez ere argindarrarengatik eta gasarengatik. Hamabi hilabetean etxeko berokuntza, argiteria eta uraren prezioak %51,7 handitu dira.

Erregaiak garestiak ere igoera nabarmena ekarri du garraio prezioetan, %12tik gorakoa, iazko otsailarekin alderatuta. Eta elikagaiek ere pisu handia izan dute otsaileko inflazio handian. Hamabi hilabetean elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak %5,3 garestitu dira Hego Euskal Herrian.

Datu xeheagoei begira —betiere INEk erkidegoez eskaintzen dituenen artean— ikusgarriak dira ere olio eta koipeek hamabi hilabetetan izandako prezio igoera (%23,8) eta garraio pertsonalarena (%12,6), besteak beste.

Elikagaietan, igoera nabarmenak izan dira: zerealetan eta haien deribatuetan aldea %9,9koa da; esnea %7,5 garestiagoa dago iazko otsailean baino; eta lekale eta barazkietan, igoera %7koa izan da. Behikiek (%6,3 ), arrautzek (%6), fruitu freskoek (%5,2), eta hegaztikiek (%4,9) ere gora egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.