Koronabirusa

Pandemiak Europako osasun sistemak «mugara» eraman dituela esan du OMEk

Erakundeak adierazi du «neurriz kanpokoa» izan dela osasun krisiak buruko osasunean izan duen eragina.

arantxa iraola
2022ko martxoaren 11
12:30
Entzun

Izurriaren hasieran oinarrizko osasun zerbitzuen %40 partzialki eten zituzten; 2021eko lehen hiletan, %29. OME Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusaren ondorioen gainean egin duen ikerketa batean jasotako datuak dira, eta adierazi du COVID-19aren izurriak «mugara» eraman dituela Europako osasun sistemak. Buruko osasunean izan duen eraginari erreparatu dio bereziki, eta adierazi «neurriz kanpokoa» izan dela. Datu kezkagarri gehiago ere badira azterlanean; minbizia atzemateko zerbitzuetan, esaterako, 2020 hasieran %50ekoa izan zen Frantziako osasun sisteman, eta %28koa Alemanian. Jakinarazi dutenez, 2021. urtearen amaiera bitartean, COVID-19ak 1,7 milioi lagun hil ditu, eta gaixotasuna gainditu dutenen %20k luzera begira ondorioak izateko arriskua dute.

Erakundeak onartu du datuak falta direla oraindik herrialde askotan benetan zer jazo den jakiteko, eta denbora beharko dela ondorio argiagoak izateko. Garbi dago, ordea, buruko osasunean, bereziki, eragina izan duela pandemiak. «Azkarra eta sakona» izan da OMEren arabera. Izurriak beldurra eta bakardadea ekarri dituela esan du erakundeak, eta depresio eta antsietate kasuak ugaritu egin direla. Zenbait kalkuluren arabera, hiru heldutik batek estres psikologikoa pairatu zuten izurriaren lehen hilabeteetan.

Izurriak eragin txarra izan du, halaber, bizi ohitura askotan; alkoholaren eta tabakoaren kontsumoari begira, esaterako, ikusi dituzte joera kezkagarriak. Jendeak ariketa fisikoa egiteko ohitura galdu du zenbait kasutan, eta jateko orduan ugaritu diren zenbait joera txarrekin batera, osasun arazoak eragin ditu horrek guztiak ere.

Ondorioak ez dira igualak izan herritar guztientzat. OMEk onartu du larriagoak izan direla egoera «sozioekonomiko» kalteberenetan dauden pertsonentzat.

Horiek horrela, NBE Nazio Batuen Erakundeak 2030erako dituen helburuei begiratu behar zaiela esan du, lortze aldera. Europan erronka nagusien artean hauek lehenetsi behar direla esan du: suizidioen tasa handia apaltzea, GIB infekzioen gorako joera apaltzea, eta babes ekonomikoa ematea beharrean diren familiei. Osasunaren aldeko politikak indartzea ezinbestekoa dela esan du, buruko osasunaren aldeko egiturak indartu behar direla, eta osasun langileen lanaren aitortza egin behar dela, «etorkizunean» etor daitezkeen erronkei taxuz erantzun ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.