Elezkano II.a-Zabaleta 18-22 Laso-Imaz

Azken jardunaldian erabakiko dira bi finalistak

Lasok eta Imazek mendean hartu dituzte Elezkano eta Zabaleta (18-22), eta finala jokatzeko aukerak dituzte oraindik bikote guztiek.

Unai Laso, gaur, tanto bat ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 13a
19:41
Entzun

Azken jardunaldian erabakiko da zein bi bikotek jokatuko duten Binakako Txapelketako finala. Gaur erabaki zitekeen bat: Elezkano II.ak eta Zabaletak irabazi izan balute, matematikoki finalean izango ziren Altuna III.a eta Martija —atzo mendean hartu zituzten Irribarria eta Rezusta (22-21)—. Baldintza hori, ordea, ez da bete. Eibarren, Astelena pilotalekuan, hasieratik amaieraraino izan dira hobeak Laso eta Imaz (18-22).

Bi finalistak, beraz, azken jardunaldian erabakiko dira. Altuna III.a-Martijak Laso-Imazen aurka jokatuko dute, eta Irribarria-Rezustak Elezkano II.a-Zabaletaren kontra. Iruñean eta Eibarren jokatuko dituzte azken jardunaldiko neurketak, datorren larunbatean eta igandean.

Bikote guztiek dituzte finalera heltzeko aukerak. Asko dira eszenatoki posibleak. Errazen, noski, Altunak eta Martijak dute: nahikoa dute euren partida irabaztearekin. Emaitza horren zain egongo dira Elezkano eta Zabaleta; hori hala gertatuko balitz, Irribarria-Rezustari irabazita aukerak izango baitituzte, tantoen aldearen arabera.

Laso-Imazek orain arteko bikoterik indartsuena izango dute parean, eta, irabaziko balute ere, ez lukete txartela ziurtatuko; Irribarria-Rezustak galtzea komeniko litzaieke. Bestela, tantoen aldearen arabera erabakiko lirateke finalistak kasu horretan ere. Ez dute lan makala izango apustuzaleek.

Nahasmenaren errudunak

Kontuak askoz ere sinpleagoak izango ziren gaur, Eibarren, Laso-Imazek irabazi ez bazuten. Bikote hori, ordea, ez da erraz amore ematen dutenetakoa, eta beste behin erakutsi dute gaur.

Parekatuta hasi da partida (4-4), baina azkar hartu dute lehen errenta urdinek (4-9), gorrien akats batzuk tarteko. Zabaleta ez da txapelketako garairik onenean heldu finalerdietako ligaxkara. Lehen atsedenaldi luzearen aurretik, ordea, egin ditu pare bat tanto on, eta txukundu dute markagailua (9-12).

Horren ostean, ordea, segurtasun handiagoa erakutsi du Imazek, eta Lasok ere asmatu du (13-20). Estutu dute gorriek, baina zaila zuten ordurako. Bi pareta ikusgarri batekin amaitu du Lasok neurketa (18-22). Ea zer gertatzen den datorren astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.