Euskal diaspora

Euskaldunak ziren 1855. urtean Buenos Airesko atzerritar komunitate nagusia

Michael Goebel Berlingo Unibertsitate Askeko ikerlariak mapa batzuk osatu ditu, azalduz nongoak ziren 1855. urtean Buenos Airesen bizi ziren migratzaileak. Euskal Herria zen jatorri nagusia, Galiziarekin eta Liguriarekin batera.

1855. urtean Buenos Airesenbizi ziren euskal herritarren jatorria erakusten duen mapa. MICHAEL GOEBEL
Paulo Ostolaza.
2022ko martxoaren 15a
17:12
Entzun

Nongoak ziren, 1855eko erroldaren arabera, Buenos Airesen bizi ziren atzerritarrak? Galdera horretatik abiatuta osatu ditu mapa batzuk Michael Goebel Berlingo Unibertsitate Askeko irakasleak. Twitterren argitaratu zituen joan den astean, eta emaitzek askori piztu diete kuriositatea eta harridura; begi bistakoak dira: hirian bizi ziren migratzaile gehienak euskal herritarrak ziren, galiziarrekin eta liguriarrekin batera. Euskal herritarrak, bai, eta, bereziki, Iparraldekoak eta Baztangoak.

Irudiaren deskribapena

Lucas Llach argentinarra, adibidez, harritu egin du mapak: «Zein euskalduna zen Argentina immigrazio handiaren aurretik!», idatzi du Twitterren. Beste erabiltzaile batek, berriz, aipatu du orain ulertu duela Vasco edo Vasquito ezizenak zergatik diren horren ohikoak han. Bi futbolariren adibideak jarri ditu: Julio Vasco Olartikoetxea, 1986. urtean Argentinarekin munduko txapeldun izandakoa; eta Rodolfo Vasco Arruabarrena, Boca Juniorseko eta Vila-Realeko jokalari ohia, gaur egun Arabiar Emirerri Batuetako hautatzailea.

1855. urtera arte iritsitakoak baino migratzaile gehiago iritsi ziren hurrengo hamarkadetan Argentinara, baina Goebelek azaldu du zergatik ez duen ikertu hori: geroagoko erroldarik ez dagoelako edo digitalizatu ez direlako. Dena den, azaldu du zenbaki absolutuetan askoz gehiago izan zirela hurrengo urteetako migratzaileak, nagusiki Galiziakoak eta Italia hegoaldekoak.

Aitortu du ziurrenik zentzu handiagoa izango lukeela datuak herrialdeka ez baizik «lurralde transnazionalen arabera» banatzeak, eta esan du aurrerago egingo duela hori: «Hori da ideia! Kontua da lehenik eta behin herrialdeka bildu behar nituela datuak, herriak identifikatzeko eta abarretarako», azaldu du.

Erabiltzaile batzuek beste galdera bat ere egin diote: «Nola osatu duzu mapa?». Buenos Airesko 1855. urteko errolda mormoiek digitalizatu zuten, eta eskuragarri dago Family Search webgunean. Bere ikasleen laguntzaz, hilabeteetan, datuak aztertu eta txukundu ditu Goebelek. Euskal herritarrak Argentinako hiriburuko zer tokitan bizi ziren ere jaso du (puntu moreak dira euskal herritarren bizilekuak, gorriak galiziarrenak eta berdeak liguriarrenak).

Irudiaren deskribapena

Goebel Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean izango da datorren asteazkenean, mapari eta beste gai batzuei buruz hizketan. oraingoz, aitortu du uste zuen baino arrakasta handiagoa izan dutela mapek: «Misteriotsuak dira Twitterren algoritmoak!».

Migrazioaren arrazoiak

Zerk eraman zituen, ordea, garai hartako euskal herritarrak Argentinako hiriburura? Nagusiki, Frantziako Iraultzak eta Lehen Karlistaldiak. Frantziako Iraultzaren ostean, zentralismoa ezarri zen Frantzian, eta estatuak ez zituen aitortzen euskaldunen hizkuntza eta erakundeak. Jazarriak izan ziren milaka euskal herritar, eta haietako askok erbesteratzea erabaki zuten.

Hegoaldean, berriz, 1833. eta 1840. urteen artean izan zen Lehen Karlistaldia, Espainiako tronuaren ondorengotzan izandako arazoek eragindako gerra zibila. Karlistak (Karlos Maria Isidroren aldekoak) nagusi ziren penintsularen iparraldean, nagusiki Euskal Herrian. Izan ere, isabeldarrak zentralismoaren alde zeuden, eta, ondorioz, foruen aurka. Twitterreko @harlockapitain erabiltzaileak jarri du adibide bat. Kontatu duenez, foruek ematen zituzten eskubide batzuk galdu ostean, bere arbasoetako batek alde egin zuen Argentinara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.