Garraioa

Ehunka kamioik Iruñea hartu dute, garraiolarien sektorea «muturreko egoeran» dela salatzeko

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak deituta, 300 inguruk protesta egin dute gaur. Ozendu egin dituzte atzo Hego Euskal Herriko garraiolariek hasitako grebaren aldarriak. Mobilizazioek Gasteizen izanen dute segida, bihar.

Hainbat kamioi Hiruk deitutako karabanan, Iruñean, gaur. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko martxoaren 15a
18:25
Entzun

Kamioiz josiak izan dira gaur goizean Iruñeko erdiguneko zenbait bide. Errenkadan, bata bestearen atzetik, 300 kamioi inguruk protesta egin dute hirian, garraiolarien sektoreak bizi duen egoera salatzeko. Atzo ekin zitzaion lanuzteari Hego Euskal Herrian, eta, hain zuzen, egoera «sostengaezina» dela gaitzetsi dute gaur, ozenki, eta «guztiz muturrekoa» dela salatu; hala azaldu du Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko teknikari Alberto Nuñezek.

Nuñezen esanetan, egoeraren larritasuna dela eta, garraiolariak «gelditzera behartuak» dira, ezin baitiete gastuei aurre egin. Gasolinaren prezioaren igoerak gogor zigortu du sektorea: «2021ean %26,5 handitu zen prezioa, eta joan den astean ikusi genuen beste euro erdi igo dela jadanik aurretik zuena», ohartarazi du. Horregatik, teknikariak nabarmendu du gasolinaren prezioa apaltzeko «edozein neurri» izanen dela «ongi etorria»; horretara dute zuzendua itxaropena, hain zuzen.

Hala eta guztiz ere, zehaztu du mesfidati direla administrazioak eginen duenarekiko. «Agintarien abandonua» salatu dute. «Erregulazioa behar dugu, kostuak horrela igotzea eragozteko».

Protestek Gasteizen hartuko dute leku aurrerantzean: Hiruk biharko deitu ditu garraiolariak grebara Arabako hiriburuan. Langraiz Okan hasiko dute karabana, eta Lakuarainoko bidea eginen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.