Albistea entzun

Korsika

Gilles Simeoni: «Gaurko bilkura prozesu historiko baten lehen pausoa izan behar da»

Frantziako Barne ministroa Korsikako ordezkari politikoekin, eta eragile sozial eta ekonomikoekin elkartu da. Bilera sorta horren bezperan, Gerald Darmaninek adierazi du Paris prest dagoela irlaren autonomiaz aritzeko.

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa —eskuinean, erdian—, gaurko bilkuretako batean
Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa —eskuinean, erdian—, gaurko bilkuretako batean @PNazioneCorsa Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2022ko martxoak 16 09:29

Korsikako mugimendu nazionalistak zuhurtzia handiz hartu ditu Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak irlaren estatusaz eta beste hainbat auziz esandakoak. Darmanin uhartean da bi eguneko bisita bat egiteko, eta horretan landu nahi ditu aldarrikapen historikoetako batzuk; batez ere, autonomia estatusa ematearena eta preso korsikarrak hurbiltzearena. Alderdi autonomistek eta independentistek, ordea, zehaztasun falta egotzi diote, eta, are, engaiamenduen zintzotasuna zalantzan jarri dute. Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua argi mintzatu da Darmaninekin izandako bilkuraren ostean: «Gaurko bilera prozesu historiko baten lehen pausoa izan behar da. 50 urteko ziklo bat itxi behar du».

Frantziako Barne ministroa Simeonirekin batzartu da lehenik; bakarrik egon dira Korsikako Kolektibitatearen egoitzan, ia ordu erdiz, eta, agintari autonomistaren arabera, bilerak balio izan du argitzeko beharrezkoa dela «irtenbide politiko global bat» lortzea.

Aipaturiko prozesuaz, Korsikako gobernuburuak azaldu du, besteak beste, honako auziez aritu direla: batetik, Yvan Colonna presoarentzat «egia eta justizia» behar dela; bigarrenik, Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi Korsikako presondegi batera hurbildu behar dituztela, eta «preso dauden gainontzekoak askatu» beharra dagoela; eta, azkenik, Korsikako herriaren aitortza.

«Problematika guztiak landu beharko dira, kulturatik hizkuntzara. Dokumentu batean islatu behar dira gaur harturiko konpromisoak», eskatu dio Simeonik Frantziako Gobernuari.

Korsikako gobernuburuarekin batzartu ostean, Darmanin Korsikako Asanbleako talde parlamentarioetako presidenteekin elkartu da: Jean Biancuccirekin (Fa Populu Inseme autonomistakoa), Jean-Christophe Angelinirekin (Avanzemu autonomistakoa), Paul-Felix Benedettirekin (Core in Fronte independentistakoa), Josepha Giacometti-Pireddarekin (Corsica Libera independentistakoa) eta Laurent Marcangelirekin (eskuin erregionalista eta jakobinoa biltzen dituen Un Soffiu Novukoarekin). Azkenik, Darmanin irlako eragile ekonomiko eta sozialekin ere batzartu da.

Negoziazio sorta horren ostean, Marcangeli izan da prentsaren aurrean hitz egiten lehena, eta agerraldi horretan adierazi du Darmaninek «hitz garrantzitsu bat» aipatu diela: «Autonomia terminoa erabili du. Berriz diot autonomiaren aldekoa naizela, eta uste dut horri buruzko eztabaida Korsikako gizarte osoarekin izan behar dela». Auziaz erreferendum bat egitearen alde ere agertu da agintari eskuindarra.

Aldiz, Benedetti askoz ere kritikoagoa izan da Frantziako Barne ministroarekin. Buruzagi independentistaren arabera, «arazoaren sustraiek» Colonnaren kontrako hilketa saiakerak baino 50 urte gehiago dituzte, eta, «berriki, hiru-lau urteko mespretxuarekin, Korsikako demokrazia errefusatu baitu [Frantziako Gobernuak]»: «Diferentziaziorako eskubide historikoa dugu».

Benedettiren arabera, Darmaninek preso korsikarrak «oso azkar» hurbilduko dituztela «hitzeman» die, eta «eboluzio konstituzionalaz egutegi oso estu bat» proposatu die Korsikako ordezkari politikoei. «Engaiamendu moral bat hartu du hau guztia ez dela hitzemate faltsu bat izango, eta ekintzekin itzuliko dela», esan du Core in Fronteko agintariak.

Egutegiaz, Frantziako Barne ministroak France 3 Corse kateari adierazi dio honako proposamena egin diola Simeoniri: urte amaierarako amaitzea autonomia estatusari buruzko negoziazioak. Betiere, bai Emmanuel Macronek, baita Korsikako gobernuburuak ere agintean jarraitzen badute; noski, baldintza hori datorren hilabeteko Frantziako presidentetzarako bozei begirakoa izan da.

Angelini autonomista ere kritiko agertu da Darmaninen jarrera baloratzerakoan. Oraindik «kezka» dagoela aitortu du, eta faltan bota duela «engaiamendu itxi bat» Korsikako auziez; hau da, azaltzea zer den autonomia Frantziako Gobernuarentzat eta hori nola adostuko duten, esaterako.

«Atzerakorik ez duten engaiamenduak direla ziurtatzea, hori faltan bota dut. Baita edukia ere, erraza baita autonomiaz aritzea eta hurbilketez. Kezkaz diot edukia faltan bota dudala», adierazi du agintari autonomistak.

Bilkura sortaren aurretik, Corse Matin egunkariak Frantziako Barne ministroari egindako elkarrizketa bat argitaratu du, eta, horretan, Darmaninek adierazi du bere gobernua prest dagoela Korsikaren autonomiaz hitz egiteko. Hori bai, zehaztapen bat egin du, eta baldintza bat ere jarri: «Kontua da zer den autonomia. Hori eztabaidatu behar da. Horren aurretik, beharrezkoa da kaleko istiluak amaitzea. [...] Uste dut [elkarrizketak] ezin direla presiopean garatu».

Frantziako Barne ministroak «aurrekaririk gabeko elkarrizketa» hitzeman dio Korsikari bere estatusaren inguruan, eta, esan duenez, haren asmoa da prozesu hori «ahalik eta zintzoena» izatea: «Helburua da elkarrizketarako harremanak berriz lotzea, irlara lasaitasuna itzultzea eta zer nahi dugun eta noraino joan nahi dugun jakitea. [...] Gobernuaren eta errepublikako presidentearen eskua luzatuta dago».

Darmanin preso korsikarrez ere aritu da elkarrizketa horretan. Adierazi duenez, horiek Korsikara hurbiltzeko erabakia «jada» hartua zegoen, eta Colonnaren kontrako hilketa saiakerak ez du zerikusirik izan horretan. Horrez gain, aitortu du Frantziako Estatuak «erantzukizun bat» izan duela Colonnari gertaturikoan, baina zehaztu du hori «pertsonen babesaren zentzuan» izan dela; hau da, ez zuela presoa babestu.

Egun, hiru ikerketa daude martxan preso korsikarraren kasua aztertzeko: lehena, Terrorismoaren kontrako Frantziako ministerio publikoak hasitakoa; bigarrena administratiboa da; eta hirugarrena, Frantziako Asanblea Nazionaleko parlamentariek sustaturikoa.

Colonna Arlesko presondegian (Okzitania) ari da betetzen biziarteko zigorra, eta kartzela horretako zuzendari Laurent Ridel gaur izan da Asanblea Nazionaleko legeen batzordean, kasuaz aritzeko; diputatuei azaldu dienez, ez zuten «gaizkitze baten seinale objektiborik» ikusi erasotzailearengan.

Franck Elong Abek azaldu zuenez, Colonnari eraso egin zion hark «profetari birao egin» ziolako; zortzi minutuz jipoitu zuen jihadismoagatik zigorturiko presoa. Aberi «hilketa terrorista» leporatu diote.

Bisita, garai gatazkatsuan

Darmanin garai zailean iritsi da Korsikara, tentsioa handia baita Colonnarekin gertaturikoaren ostean —koman dago oraindik ere—. Astebetez egunero protesta egin dute korsikarrek, eta presioa handitzen ari zaio Frantziako Gobernuari, are gehiago kontuan harturik presidentetzarako bozen kanpaina bete-betean lehertu dela afera.

Gainera, Colonnari DPS bereziki zainduriko estatusa hilketa saiakeraren ostean kentzeak are gehiago handitu du irlako haserrea; egoera baretu nahian, Jean Castex Frantziako lehen ministroak Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi preso korsikarrei ere DPS estatusa kentzea erabaki zuen, baina horrek ez du testuingurua aldatu.

Egoera horren erakusle izan da Marie-Antoinette Maupertuis Korsikako Asanbleako presidenteak herritar talde batekin izan duen solasa —berrehun eta hirurehun artean ziren—, horiek kritiko agertu baitira ordezkari politikoek Darmaninekin izan duten bilkurak fruiturik eman ez duelako. Gerora, Benedetti independentista ere herritar horiekin mintzatu da, eta pazientzia izateko eskatu die.

<script async="" charset="utf-8" src="https://platform.twitter.com/widgets.js">div>

Frantziako lehen ministroa irlara iritsi aurretik, FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak agiri bat argitaratu du, eta horretan Parisi ohartarazi dio «mespretxuak errebolta eragiten» duela, eta «erreboltak, matxinada».

Talde armatuaren iritziz, Frantziako Estatuak «ezjakinarena» egin du Korsikako mugimendu nazionalistaren aldarrikapen historikoen aurrean, eta, zehazki, Frantziako Gobernuak ez du «erreakziorik izan» Colonnaren hilketa saiakeraren kasuan. Aldiz, FLNC pozik agertu da Korsikako gazte mugimenduen mobilizazioagatik, eta babesa helarazi die horiei; Parisi, berriz, ohartarazpen bat ere egin dio: eraso sorta bat berriz egitearena —iragan urrian eraso saiakera bat eskatu zuen—.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Italiako parlamenturako hauteskundeen jarraipena. ©EFE

Europako eskuin muturrak beso zabalik hartu du Meloniren garaipena

Julen Otaegi Leonet

«Merezitako garaipena» lortu duela adierazi dute haren aliatuek. Bestalde, hauteskundeen emaitzak «tristeak eta kezkagarriak» direla adierazi du Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak.

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Alesandr Lukaxenko Bielorrusiakoa, gaur, Sotxin. ©EFE

Kazakhstanek eta Serbiak ez dituzte aitortuko Ukrainan okupatutako lurretako galdeketen emaitzak

Igor Susaeta

Errusiaren aliatuek eskatu diote Kremili errespetatzeko estatuen «lurralde batasunaren printzipioa». Putinen inguruko agintariek errekrutatzean gertatzen ari diren «hutsegiteak» salatu dituzte.

Giorgia Meloni FdI ultraeskuindarraren buruzagia, gaurko ordu txikietan, emaitzak ospatzen ©EFE

Ultraeskuindarrak buru dituen gobernu bat aldarrikatu du Melonik

Ander Perez Zala

Koalizio eskuindarrak irabazi ditu Italiako Parlamenturako bozak, botoen %44 inguru bilduta, behin-behineko emaitzen arabera. Abstentzioa inoizko handiena izan da: %36.

Oinezkoak Francisco de Paula Santander zubian, Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko mugan. ©Rayner Peña R. / EFE

Zazpi urte ondoren berriro ireki dute Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko muga

Maddi Iztueta Olano

2015ean igarobidea itxi ostean, lurreko eta aireko merkataritza trukeetarako erabili ahal izango da bi herrialdeen arteko muga. Kolonbiako gobernu aldaketak aukera eman du bi lurraldeen arteko harreman diplomatikoak berreskuratzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...