Lan gatazkak

ELAk salatu du patronala «aitzakia» gisa erabiltzen ari dela gerra

Salatu du Euskal Herrian 541.600 langile prekario baino gehiago daudela, eta lanbideen arteko akordio bat bultzatu nahi du, haien egoera hobetzeko.

Bizkaiko bulegoetako garbitzaileen manifestazio bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 16a
13:23
Entzun

ELA sindikatuaren kalkuluen arabera, Euskal Herrian 541.600 langile prekario daude gutxienez, eta horietatik 311.000 emakumeak dira. Haientzat prekario dira behin-behinean daudenak, urteko 18.200 euroko soldata gordinera iristen ez direnak eta osasuna kaltetzen duen lanpostuetan dihardutenak. Azken horiek ezin izan dituzte arakatu estatistiketan, horregatik diote 541.600etik gora direla, horiek baitira, hain zuzen, lehen bi baldintzak betetzen dituztenak. «Prekaritatea ezin da bizimodu normaltzat jo. Erakundeek eta patronalek eraikitako anormaltasun bat da. Nola? Azpikontratekin, aldi baterako lan enpresekin, estatu mailako lan itunekin...», salatu du Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak.

ELAk, izan ere, egungo lan harreman ereduarekin ez du ikusten prekaritatea atzean uzteko aukerarik. «Lan erreformarekin aukera bat galdu dugu. Behin-behinekotasuna murriztuko zela esaten zuten, eta ikusi dugu: %92tik %87ra murriztu da, bost puntu baino ez. Eta, hori gutxi balitz, orain prekaritatea makillatu ahal izango dute behin betiko kontratu ez jarraitua bezalako formulekin. Bitartean kaleratze merkeek hor dihardute». Alde horretatik, nabarmendu du lan itunetan KPIaren araberako soldata igoerak lortzeko egongo diren arazoak: «Okerren daudenak kolpatzen ditu gainera».

Ikusi gehiago:Patronalak «ardura» eskatu die sindikatuei lan hitzarmenak negoziatzean

Lakuntza oso kritiko mintzatu da patronalak negoziazioetan izaten ari den «jarrera itxiaz». Gogoratu du Ibex-35eko enpresek inoizko irabazi markarik onenak lortu dituztela, eta sindikatuan badakitela lan karga badagoela. «Confebaskek gerra aitzakia gisa erabiltzen du. Gerra duela hogei egun hasi zen, baina negoziazio arazoak aspaldikoak dira», kritikatu du. Gai berean, nabarmendu du arazoa energia bada Confebaskek ez lukeela langileengan bilatu behar erantzuna: «Horretarako, Espainiako Gobernuari edo Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea seinalatu beharko lukete; iaz 13,2 milioi euro irabazi zituen bere lanarengatik».

Norabide horretan, ELAk kanpaina bat hasiko du prekaritatea salatzeko, eta ekitaldi konfederala egingo du apirilaren 6an Bilbon, Casilla kiroldegian. Oinarrian lanbideen arteko akordio bat bultzatzea da helburua, sei neurri bermatuko dituena: gutxieneko soldata 1.381 euro gordinekoa izatea; astean hogei orduko gutxieneko kontratua; subrogazio eskubidea bermatzea azpikontratetan; behin-behinean diharduten 70.000 langile publikoak finkatzea; iruzurrean dauden behin-behinekoen kaleratzeak indargabetzea; eta Euskal Herrian diharduten lan ikuskarien kopurua bikoiztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.