Patronalak «ardura» eskatu die sindikatuei lan hitzarmenak negoziatzean

Adegik ohartarazi du «enpresaren bideragarritasuna» jarriko duela aurretik negoziazioan. Confebaskek dio «krisi baterantz» doala egoera

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia, atzo, Gasteizen. IREKIA.
aitor biain
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Patronalak abisu argia eman die sindikatuei, Hego Euskal Herrian lan hitzarmen gehienak egiteko eta berritzeko daudenean: lehen-lehena «enpresaren bideragarritasuna» izango da. Adegi Gipuzkoako patronalak azpimarratudu Ukrainako inbasioaren ondorioek bete-betean jo dutela enpresa gehienetan, eta egoera «oso kezkagarria» dela. Ukrainako krisiak egoera «guztiz» baldintzatu duela esplikatu du patronalak, eta sindikatuei «ardura» eskatu die, haiek aipatu gabe, «sektore eta enpresa bakoitzaren egoeretara egokitzeko gaitasuna» eduki dezaten.

Izan ere, Adegik azaldu du Ukrainako egoerak aurreikuspenak «aldarazi» dituela, eta «ondorio ekonomiko larriak» eragingo dizkiela enpresei. Egoera hori izanik, enpresen «interesak, jasangarritasuna eta bideragarritasuna» defendatuko ditu negoziazio kolektiboetan. Aurreko urteko inflazioa %6,5ekoa izan da urte arteko tasan, eta, soldata igoera gehienak KPIaren erreferentziarekin lotzen direnez, oztopo handia gertatzen ari da lan hitzarmen berriak egiteko. Hala ere, sektoreko negoziazio mahai asko daude zabalik, eta Adegiren abisuak gehiago gerturatzen ditu lan gatazka berriak, sindikatuek oso garbi utzi dutelako ez dutela erosteko ahalmena galtzeko negoziatuko. Alegia, KPIa behintzat eskatuko dutela.

Lan harremanetan talka handi bat gertatzeko arriskua gero eta handiagoa da, eta EAEko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak energiaren kostua arintzeko premiazko neurriak eskatu ditu, horrek enpresen eta autonomoen egoera apur bat hobetuko lukeelako. Muturreko prezioek jarduera ekonomikoan eta enpleguan ahalik eta gutxien eragin dezatennahi dute mahaiko kideek. Eragile guztiek etengabeko komunikazioa izango dute aurrerantzean, gerrak herritarrengan, enpresetan eta langileengan duen eragin sozioekonomikoa «minimizatzeko».

Hilabeteko atzerapenarekin elkartu zen, atzo, Eusko Jaurlaritza, Confebask patronala eta UGT eta CCOO sindikatuak biltzen dituen foroa. Azken horrek uko egin zion otsailean bileran parte hartzeari, lan erreformaren inguruko bozketan EAJk ezezkora jo zuelako. Baina gatazka alboratzea erabaki du sindikatuak, Gasteizko gobernuak mahaiari «berme gehiago» emango diola aitortu diolako.

Ukrainari begira egin zuten bilera, koiunturak hala eskatuta. Izan ere, energiaren, eta, bereziki, argindarraren neurri gabeko prezioak ataka estuan jarri ditu enpresa asko, eta, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak ohartarazi zuenez, neurriak hartu ezean, egoera egunetik egunera are gehiago larriagotuko da, eta jarduera ekonomikoan eta enpleguan ere eragingo du. «Egoera gainditu ezean, krisi baterantz goaz, eta larria izan daiteke».

Hori horrela, energiaren kostuak mugatzeko neurriak «ahalik eta azkarrena» har ditzala eskatu zion administrazioari. Zubiaurrek azpimarratu zuen, halaber, ezinbestekoa izango dela bestelako neurri sorta bat ere prest izatea: besteak beste, aldi baterako enplegu erregulazioak martxan jartzeko laguntzak, edota maileguak itzultzeko finantza bideak erraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.