Ingurumena

Klima aldaketaren aurkako legea onartu ahalko du Nafarroako Gobernuak, EH Bildurekin akordioa lortuta

Zenbait konpromiso hartu ditu gobernuak koalizio abertzalearen babesaren truke: zerga sistema berderako neurriak eta parke eolikoak eraikitzea debeku den eremuen mapa.

jarraia210908.jpg
Ion Orzaiz.
2022ko martxoaren 16a
13:45
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduk baiezkoa emanen dio Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Foru Legeari, Nafarroako Parlamentuan. Bihar eztabaidatuko dute araua legebiltzarreko osoko bilkuran, eta, ezusterik ezean, gehiengo zabal batez onartuko dute, akordioa lortu baitute EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeek. Koalizio abertzaleak gaur goizean eman du azken orduko hitzarmenaren berri. Horren arabera, «fiskalitate berdeari» lotutako neurriak aurkeztu beharko ditu Nafarroako Gobernuak bi urteko epean.

EH Bilduko eledun Adolfo Araizek azaldu du «gaur goizera arte» aritu direla negoziatzen gobernuko taldeekin, eta, hitzarmen horren arabera, zerga sistema berdeko neurriak jasotzen dituen proiektu bat edo gehiago aurkeztu beharko ditu Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, bi urteko epean. Neurriok zehazteko, azterlan bat eginen dute aurretik, eta zerga eta ingurumen alorreko lantalde bat osatuko dute.

Beste neurri bat ere adostu dute EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak: mapa batean jasoko dute non dagoen debekatua parke eoliko eta fotovoltaiko berriak eraikitzea eta non izanen den zilegi halakoak baimentzea.

Araizen esanetan, EH Bilduren ekarpenek «arrasto sakona» utzi dute lege proiektuan: «Legea ez da guk nahi genukeen mailara iristen, baina auzi garrantzitsuak onartu dira. Gure ekarpenik gabe, testu hau askoz lausoagoa eta anbizio txikiagokoa izanen litzateke, fiskalitate berdeari aipamenik ere egin gabe». Arauari «zehaztasuna» eman diotela gaineratu du parlamentariak. Orain, Espainiako Estatuan onartu diren legeen artean «anbizio handiena eta neurri zehatzenak» planteatzen dituen legea izanen dela esan du. «Kostatu zaigu akordioa erdiestea, baina elkarrizketarako eta adosteko borondatea dagoenean, dena da posible», esan du.

Laura Aznal eledunak azaldu du EH Bilduk 123 zuzenketa aurkeztu zizkiola legearen zirriborroari: «Hori esanguratsua da berez». Zuzenketak lau ardatzen inguruan egituratu dituzte: helburuak eta ehunekoak zehaztea, gobernantza, finantzaketa eta trantsizioa. «Aurrera urrats eta hobekuntza nabariak txertatu ditugu legean, ez da prozesu erraza izan, baina denok borondatea agertu dugu, lege hau aurrera atera zedin». Koalizio abertzaleko kideak «pozik eta harro» azaldu dira eginiko lanagatik, «legea hobetzea» lortu dutela iritzita.

Itziar Gomez: «Kontsentsurako borondatea erakusten du»

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Itziar Gomezek ere akordioa txalotu du: «Akordio ona da Nafarroarentzat, eta erakusten du kontsentsuak lortzeko borondatea eta gaitasuna dugula». Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Ekologikoaren legeari buruz, berriz, Gomezek esan du «erronka klimatiko eta energetiko handienei erantzuteko tresna» izanen dela: «Itun honi esker, bukaera emanen diogu legealdi hasieran abiatutako lan garrantzitsu bati, bai maila teknikoan, bai politikoan. Akordioa heldu da, gainera, une oso berezian, larrialdi klimatikoari batu baitzaio krisi energetikoa ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.