Migrazioak

Migratzaileei egiten zaien «kontrol selektiboa» salatuko dute martxa batean

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 25. Martxa egingo dute igandean, Pasaia eta Donostia artean. Aurten, bereziki salatuko dute Irun-Hendaia mugako migratzaileei egiten zaien «kontrol selektiboa»

‘XXV. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxa’ egingo dute igandean, Pasaia eta Donostia artean. ARRAZAKERIAREN AURKAKO MARTXAREN ANTOLATZAILEAK
unai etxenausia
2022ko martxoaren 16a
16:25
Entzun

Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a, eta, urtero legez, Arrazakeriaren Aurkako Martxaren antolatzaileek —SOS Arrazakeriak, Gipuzkoako Medicusmundik eta Euskadiko GKEen Koordinakundeak— Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxa antolatu dute; Pasaia (Gipuzkoa) eta Donostia artean egingo da mobilizazioa, igandean, Pasa lelopean. Aurten, bereziki salatuko dute Irun-Hendaia mugako migratzaileei egiten zaien «kontrol selektiboa» eta paperik ez duten eta mugak zeharkatu nahian bizitza jokatzen duten migratzaileen «babesgabetasuna». Nabarmendu dute «herritarrak mobilizatzea eta kontzientziatzea» dela garrantzitsuena horretarako. Antolatzaileez gain, 57 dira egitasmoa babesten duten erakundeak.

Europako Batasuneko kanpo mugei, beste muga eta ibilbide batzuk gehitu zaizkie azken urteotan: Europako Batasuneko herrialdeen arteko barne mugak, hain zuzen. Irun eta Hendaia artekoa, Frantzia eta Ingalaterra artekoa eta Afrika mendebaldearen eta Kanaria uharteen (Espainia) artekoa, besteak beste. Antolatzaileek salatu dutenez, muga horietan handituz doa hildakoen eta desagertutakoen kopurua. Beraz, uste dute ez dela onargarria migratzaileek «bizi ahal izateko eta familiari lagundu ahal izateko» lan bat bilatu nahi izateagatik bizitza galtzea. Horregatik, «mugak heriotza leku» izateari utz diezaiotela eskatu dute. «Mundua hartzen ari den norabidea ikusita, badirudi gero eta jende gehiago etorriko dela ate joka», ohartarazi dute.

Instituzioei dei

Martxa babesten duten erakundeek argi daukate «egungo errealitate gordinak» erabaki politiko eta sozialak hartzea eskatzen duela, eta, halaber, «migrazio fluxuak eta nazioarteko babes, asilo zein aterpe eskaerak hobeto bideratzea». Era berean, Europako Batasuneko herrialdeen arteko «joan-etorriak hobeto erregulatzeko» eskatu dute: besteak beste, migratzaileei bisak emateko politika eraginkorragoak sortzea, hitzetatik ekintzetara pasatzea, beste herrialdeekin akordioak egitea eta errefuxiatuen azkarrago kokatzea.

Errefuxiatuak babesteko eta laguntzeko antolatzaileek uste dute agintari politiko eta instituzioei irtenbideak planteatu behar zaizkiela: «Pertsona horien egoerak axola digu, eta bidezkoena laguntza ematea litzateke. Migrazio politikek kontuan hartu behar dituzte pertsona hauek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.