EUSKARA

Korrika hasi da «motorrak berotzen» Iruñean

AEK-ko antolatzaileak, euskalgintzako kideak eta arduradun politiko ugari batu dira lasterketaren aurkezpen sozialera

Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz
2022ko martxoaren 17a
20:49
Entzun

Lekukoak oraindik ere ez du hasi eskutik eskurako bidea, baina martxoaren 30ean hasiko den lasterraldia jadanik ari da ilusioa zabaltzen. Lehendik ere egina zuten aitorpena arduradunek: 22. Korrika antolatzea ez da izan lan samurra. Edonola ere, orain, prestaketa lan gehienak amaitzearren diren honetan, ailegatu da garaia egitasmoari darion irrika herritarrei transmititzeko: Korrikaren aurkezpen soziala izan da, gaur, Iruñeko Antzerki Eskolan.

AEK-ko antolatzaileez gain, euskalgintzako eta alderdi politikoetako zenbait ordezkari izan dira ekitaldian, besteak beste, Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia; Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria; Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Javi Arakama (Geroa Bai) legebiltzarkideak; eta baita Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria ere.

Ekitaldiaren aurkezpenean nabarmendu dute hiru urte direla Korrika Euskal Herria alderik alde azkenekoz zeharkatu zuenetik. «Gogoa» nabaritzen dute antolatzaileek, eta baita euskaltegietako irakasle eta ikasleek ere. Horiek hartu dute hitza hasieran, bakoitzak Korrikarekin duen harremanaz hitz egiteko. AEK-ko arduradun Aitziber Balantzategik hitz egin du gero. Gogoratu du Korrikaren bi helburu nagusiak bete gabe daudela oraindik: «Euskarari hauspoa ematea eta AEKren eguneroko jarduna diruz laguntzea». Horregatik, beti bezain beharrezko ikusten dute egitasmoa.

«Hitzez ekiteko» deia

Hitzekin da aurtengo Korrikaren leloa, eta horren esanahiaz hitz egin dute aurkezpenean. Zehazki, «hitzez ekitearen» garrantzia nabarmendu du Balantzategik: «Ekintza nahitaezko dugu eragiteko: enpresen euskara plan eta arauetan, pantailak euskaraz gozatzeko, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko, belaunaldi berriek erabil dezaten, arnasguneetan, administrazioan...». Hain zuzen, administrazioetatik euskarak jasotako kolpeak hizpide izan ditu AEK-ko ordezkariak eta, bereziki, Nafarroako Gobernua prestatzen ari den merezimenduen dekretu berria: «Atzerapauso izugarria da».

Nerea Urbizuk musikatu eta Sustrai Colinak hitzez jantzitako Hitzekin abestia entzun ostean, hitza hartu du Asier Amondok, Korrikaren koordinatzaileak. Eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei, eta baita antolaketa lanetan parte hartu duten boluntario, irakasle eta laguntzaile guztiei: «Zuen bultzadari esker gaude hemen». Korrika «auzolan erraldoi» bat dela nabarmendu du Amondok, eta, hiru urteko geldialdiaren ostean, AEK-ko kideak «irrikaz» antzeman ditu: «Pozik gaude, eta gogo gara. Denok behar dugu kaleak eta errepideak hartzeak ematen digun bizipoz hori. Korrika hori baita: bizipoza».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.