Peru

Fujimori presidente ohia aske uztea onartu du Konstituzionalak

Gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Fujimori. Protestak piztu ditu erabakiak.

Fujmori askatzeko erabakiaren kontra Liman bilduriko ehunka herritarretako bat. PAOLO AGUILAR/ EFE
2022ko martxoaren 18a
08:10
Entzun

Peruko Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Alberto Fujimoriri 2017an emandako indultua bertan behera utzi zuen ebazpen judiziala baliogabetzeko habeas corpus eskaera. Horrek esan nahi du aske utziko dutela 1990 eta 2000 bitartean herrialdeko presidente izandakoa. Gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari da Fujimori. Ebazpenaren berri izan eta berehala, Peruko lehen ministro Anibal Torresek nabarmendu zuen Auzitegi Konstituzionalak «desagertu» egin behar duela.

Erabakiak ika-mika handia eragin du, baita hartu aurretik ere. Izan ere, Augusto Ferrero Konstituzionaleko presidentearen botoa erabakigarria izan da, epaileen arteko berdinketa ebazteko. Pedro Castillo presidentearen gobernuak iragarri du helegitea jarriko diola ebazpenari nazioarteko erakundeetan.

Litekeena da Fujimori datorren astelehenean edo asteazkenean geratzea aske, haren abokatu Cesar Nakazakik esan duenez.

Halere, erabakiak poza eragin du Fujimoriren jarraitzaileen artean, eta horietako milaka segizioan joan ziren presidente ohia preso dagoen Limako kartzelara. Keiko Fujimori alabak esan du erabakia «justiziazkoa» dela.

Baina erabakiaren aurka beste ehunka herritar bildu dira Limako erdigunean, Fujimoriren biktimen senideekin. «Cantuta kasuko senide gisa, sumindurik gaude [Fujimori] legez kanpo aske uztearekin», adierazi du Gisela Ortiz Kultura ministro ohia. La Cantuta Unibertsitatean 1992. urtean bahituriko, torturaturiko eta desagerrarazitako ikasleetako baten arreba da..

Barrios Altoseko (1991) eta La Cantutako sarraskien egile gisa zigortu zuten Fujimori, eta baita 1992ko estatu kolpearen ostean enpresaburu bat eta kazetari bat bahitzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.