Albistea entzun

Juan Carlos Alonso

«Autoritatearen krisia daukagu, errespetuarena, mugena…»

COVID-19arekin depresio eta antsietate sintomak hirukoiztu egin direla jakinarazi du Alonsok, eta ez du zalantzarik izan: «Denok joan beharko genuke noizbait psikologoarengana»

«Autoritatearen krisia daukagu, errespetuarena, mugena…»
«Autoritatearen krisia daukagu, errespetuarena, mugena…» Tamaina handiagoan ikusi

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza -

2022ko martxoak 21 09:42

Aurrez aurreko jardunean lasaitasuna helarazten dute Juan Carlos Alonsoren (Errenteria, 1959) hitzek, eta, hain zuzen ere, errenteriarrak horixe aldarrikatu du «gaixorik» dagoen egungo gizartean. Hogei urte daramatza jada Donostian, Gros auzoan, bere bulegoan lanean, baina Peñaflorida institutuan ere aritzen da gazteen beharrei erantzuten.

Psikologoa al da buru arazorik ez daukan gizaki bakarra?

[Barrez] Nik uste dut psikologook ere, zorionez, gizakiak garen neurrian, gure arazoak ere baditugula. Sentimenduak, gatazkak, beldurrak, traumak eta abar dauzkagu guk ere, baina egia da, teorian behintzat, baliabide gehiago dauzkagula eskura eta horiek kudeatzen saiatzen garela.

Nork zaintzen du orduan psikologoa?

Nork zaintzen du zaintzailea, ezta? Psikologiaren korronte batzuek, psikoanalisiak esaterako, IAT moduko bat igaro behar izaten dute hiru urtez behin; psikoanalisi bat egiten diete haiei ere. Psikologoak dauzkaten psikologo asko ezagutzen ditut, eta oso ondo iruditzen zait, luxu bat delako psikologo baten eskuetan jartzea. Gizartean nolabaiteko estigma dago gai horren inguruan; «psikologoarengana joaten zara? Bai?», galdetzen dute askok. Baina gizartean, zorionez, gainditzen ari gara pentsamendu hori. Denok joan beharko genuke noizbait psikologoarengana, denok dauzkagulako sentimenduak, bizipenak, kezkak, zalantzak eta beldurrak.

«Nik psikologoa izan nahi dut». Gogoan duzu noiz egin zenuen hausnarketa hori?

Nik betidanik begiratu izan diot parekoaren portaerari; nahiko behatzailea izan naiz betidanik. Psikologia ikasten dugunok geuregatik ere egiten dugula uste dut, geuk ere gauzak hobeto ulertzeko, sakontzeko, hobetzeko… Batxilergoa amaitu nuenean, oso argi neukan Psikologia ikasketak egin nahi nituela; betidanik maite izan dut psikologia, nahiz eta onartzen dudan arrisku bat daukala nire lanbideak: izugarri maite dut nire lana, pasioz bizi dut. Bokaziozkoa dut lanbide hau, eta dohain bat da hori, baina arriskutsua ere bada. Lanetik at bizitza dagoela esan izan didate, baina ez nago ziur hala den.

Errenteria eta Donostia izan dituzu bizitoki betidanik?

Errenteriarra naiz jaiotzez, baina 2000. urtean Donostiara etorri nintzen bizitzera; aurretik, 1990 inguruan hasi nintzen Donostiako bulego honetan lanean. Errenterian, eskola publikoan hasi nintzen ikasten, eta El Florido Pensil filma ikusten dudan bakoitzean primeran irudikatzen dut orduko hezkuntza sistema. Koldo Mitxelena institutura joan nintzen gero, herrian bertan, eta Zorroagako fakultate alternatibora azkenik, Donostiara, Psikologia ikasketak egitera. Ondoren, berehala hasi nintzen bidea egiten, Donostian bertan, lagunak nituen psikologo profesional batzuen ondoan.

Gerora, nik, besteak beste, formakuntza saio asko eman izan ditut guraso taldeekin, irakasleekin, hezitzaileekin… eta Galtzagorri elkartean ere banabil, haur eta gazteen literaturan ari den elkartean; hor uztartzen ditut haurraren garapen psikoemozionala eta literatura. Horrez gain, EHUn hirugarren ikastaro osagarri bat emango dugu aurten; nerabeekin emozioak nola kudeatu ere lantzen dut; Berritzegunean ere badaukat barnetegi bat… eta, noski, terapia da nire alor nagusietako bat.

24 ordukoak dira zure egunak?

Hori jakin nahiko nuke nik ere, ez dakit-eta dena nola egiten dudan. Arazo bat daukat: ez dakit ezetz esaten.

Estigma hitza aipatu duzu lehen. Gizartean, oraindik ere, zergatik ematen du erreparoa psikologoarengana joateak?

Faktore asko daude atzean, baina garrantzitsuena da beldurra daukagula ahulak garela erakusteko besteen aurrean. Seguru agertu nahi dugu gainerakoen aurrean, ez dugula laguntzarik behar sinetsarazi nahi dugu, ez daukagula gatazkarik, autoestimu ona daukagula… Irudi positiboa bilatzen dugu beti. Kosta egiten da onartzea batzuetan gauzak ez ditugula ondo egiten, akatsak egiten ditugula.

Berez, ez da seinale ona zu oso lanpetuta ibiltzea, baina aspaldi honetan…

Ez da seinale ona, ez. Nik urte dezente daramatzat hemen, eta, inoiz ez bezala, bete-beteta daukat agenda. Lan asko daukagu, izugarri; gainezka gabiltza psikologo guztiak. Gizartea gaixorik dago, eta, besteak beste pandemiaren ondorioz, azken bi urteotan ugaritu egin dira gaixotasun psikologikoak. Lehen, nolabait, ezkutuan zeuden arazotxoak azaleratu egin dira bat-batean. Haurrak, nerabeak, gazteak eta helduak; familian, eskolan, gizartean… Izugarrizko eztanda egin du denak.

Depresioa eta antsietatea al dira gizarteko izurrite berriak?

Besteak beste, bai. Nahasmen emozionalez hitz egiten da normalean, eta horien artean depresioa eta antsietatea dira nagusiak. Azken bi urteotan hirukoiztu egin dira depresio eta antsietate sintomak gurean.

COVID-19aren ondorioa da dena?

Ez, baina gizartean, familian, esparru guztietan erdi ezkutuan zeuden zenbait zailtasun azaleratu ditu COVID-19ak.

Normala al da, bi urteren ondoren, askok beldurra izatea lehengoa egiteari, normaltasunari?

Bai. Baina oso erraz hitz egiten da jendeaz, gizarteaz… Beldur hori ez daukate ez gizarte guztiak eta ez pertsona guztiek; alde horretatik, oso garrantzitsua da norberaren egitura psikologikoa. Frustrazioa dago honen guztiaren atzean, eta egitura psikologiko batzuk sendoago daude frustrazio horren aurrean. Beste batzuk, ordea, ahulago daude, eta horregatik beldurtu eta kikildu dira batzuk; euren estrukturaren ahultasunez eta hutsuneez jabetu dira.

Beldurra al da gizakia kontrolatzeko tresnarik baliagarrienetako bat?

Gizakiaren sentimendurik ohikoenetako bat da beldurra, eta berez ez da txarra. Bizitzari aurre egiteko ere balio du; ni beldurrik ez daukaten haurrek beldurtzen naute gehien. Beldurra kudeatzen ikasi egiten da, baina egia da botereak beldurra erabil dezakeela gizartea nolabait manipulatzeko edo kontrolatzeko. Komunikazioaren eta informazioaren aroan bizi gara, eta ez gara konturatzen informazioarekin nola kontrola daitekeen gizarte osoa. Ikuspegi kritikoa behar dugu, informazioa prozesatu egin behar da. Kontuz ibili behar da infoxikazioa terminoarekin; informazioa eta intoxikazioa. Ihes egin behar zaio informazioaren saturazioari.

Gazteekin ere aritzen zara lanean, bulegoan bertan eta Donostiako Peñaflorida institutuan. Nola daude gazteak?

Ni duela 29 urte hasi nintzen lanean Peñaflorida institutuan, psikologo gisa, eta nola dauden irakasleak! Autoritatearen krisia daukagu, errespetuarena, mugena… Guraso batzuen jarrerak ez du laguntzen irakaslearen funtzioetan, eta gazteen artean ere ugaritu egin dira sukortasuna, antsietatea, autolesioak edo cutting delakoa… Horregatik, gaina hartuta daude irakasle asko; kikilduta daude, beldurtuta, erreta. Estresa hedatuta dago gizartean, eta baita hezkuntzan ere; azeleratuta bizi gara, presiopean, eta ez gaude ondo. Horregatik, apaldu egin behar dugu erritmoa. Lasaitasuna behar dugu, isiltasuna, sosegua, geure baitan sartzeko. Geure buruari «Juancar, zer moduz zaude?» galdetzeko denbora hartzea falta zaigu, pentsatzea, sentitzea. Haurrak neurriz gain estimulatzen ari gara.

Gurasoak lasaitzea eta guraso horiei mugak jartzen irakastea da oreka lortzeko lehen urratsa?

Zalantzarik gabe. Etxetik hasi behar dugu dena eraikitzen; ni neu, nire bikotekidea, seme-alabak… Haurrarentzat etxekoak dira sustrairik garrantzitsuenak. Lasaitasuna behar dute gurasoek, euren emozioak lasai kudeatzeko gai diren gurasoak behar dituztelako haurrek ondoan, guraso seguruak, mugak jarriko dizkietenak. Ezezko gehiegi ematen dizkiegu haurrei, eta ohitu egin dira horretara ere; agian, gutxiagotan esan behar dugu ezetz, baina esaten dugunean bete egin behar dugu. Muga gutxiago behar ditugu, baina sendoagoak, ondorio natural eta logikoekin. Neurriz gain babesten ditugu haurrak, eta haurrak ez dira neurriz gain babestu behar: haurrak babestu egin behar dira; babestu eta maitatu, maitatzen ditugun neurrian ari garelako mugak jartzen.

Literatura aipatu duzu lehen, eta ipuin kontaketa orekarako tresna gisa ulertzen duzu zuk. Zergatik da hain garrantzitsua ipuinak kontatzea?

Haurren garapenean —eta gazteenean ere izan daiteke— altxor bat da literatura, fantasiaren eta irudimenaren bidez jasotzen dituelako bere bizitzako hainbat sentimendu: beldurra, jeloskortasuna, bakardadea, agresibitatea… 2, 4, 7 urterekin haurra ez da gai zer gertatzen ari zaion ulertzeko. Ipuin baten bidez, pertsonaia baten bidez, berak dituen sentimenduak islatuta ikusiz gero, orduan jada bere fantasiari hizketan ariko zaio, maila psikoafektiboan; imajinazioa, fantasia, jolasa, gezurra… Literaturak eta fantasiak asko lagun diezaiokete haurrari bere arazoak ulertzen.

Zuk zeuk esan duzu tarteka komeni dela galdera bat egitea, eta: zu zeu, zer moduz zaude Juan Carlos?

[Barrez] Ondo nago. Lanez gainezka nabil, ez dut kontrakorik esango. Arduratuta nago lan kargarekin, arduratuta balioekin, arduratuta ez dakidalako ondo zeinen eskuetan gauden mundu honetan… Nik gutxi sinisten dut gizartean; gizakian sinisten dut gehiago, eta baikor nago horretan, altxorrak garelako norbanakoak. Gizartearen norabidearekin, ordea, ez nago baikor.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gotzone Sagardui sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarrean ©Raul Bogajo/ Foku

Osasun publikoaren lege egitasmoari «gabeziak» ikusi dizkiote EH Bilduk eta EP-IUk

Edurne Begiristain

Osasuna «politika publiko guztien» oinarrian jarri nahi dutela azaldu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk esan dute lan egingo dutela Eusko Legebiltzarrean Osasun Publikoaren Lege egitasmoa «hobetzeko».

Kimikako Nobelaren hiru irabazleak ©The Nobel Prize
Ikasle batzuk euskararen aldeko mezu bat atzean dutela, Tolosako Laskorain ikastolan. ©JON URBE / FOKU

Irakasleen euskara maila kezkagai

Irati Urdalleta Lete

Hezkuntza Legearen aurreproiektuak jasotzen du irakasleak euskaran eta euskal kulturaren transmisioan trebatzeko prestakuntzak emango dituztela. Beraz, behar besteko maila al daukate? EHUren Hezkuntza Fakultateetako zenbait irakasle gaiarekin kezkatuta daude.
Carmen Adan, Beatriz Artolazabal, Iñaki Subijana eta Blanca Rosa Barbero gaur Bilboko Auzitegi Nagusian. ©Irekia

Justizia «azkarrago eta ulergarriago» egiteko plan estrategikoa aurkeztu dute

Mikel Garcia Martikorena

2028ra arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako justiziaren ibilbidearen noranzkoa adieraziko duen plan estrategikoa aurkeztu dute. 1.500 milioiko gastua aurreikusi dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...