Alemania, gas bila Qatarrera

Golkoko herrialdeko gas natural likidotua inportatzeko elkarrizketak izan ditu Alemaniako ekonomia ministroak Dohan. Erresuma Batua, berriz, Ipar Itsasotik gas eta petrolio gehiago ateratzeko asmotan dabil.

Qatar munduko gas natural ekoizle handiena da. Irudian, Doha hiriburua. EFE
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 21a
14:26
Entzun

Errusiako gasarekin betetzen du gaur egun Alemaniak bere gas natural beharraren bi heren, eta itzelezko menpekotasun hori mingarria gertatzen ari zaio orain; baina oso gaitza izango zaio laster batean loturatik libratzea. Besteak beste, Alemaniak ez duelako GNL gas natural likidotua birgasifikatzeko plantarik, bere gas hornikuntza dibertsifikatzen lagunduko dionik.

Baina menpekotasunak arindu eta gasbidetik datorkion gasaren alternatibak bilatzen hasia da Berlin, nahiz eta jakin horrek luze joko duela. Horretara datoz Alemaniak iragarritako bi birgasifikatze plantak, zeinak eraikitzeko hiruzpalau urte behar izaten dituzten normalean.

Eta horretara datoz bai Alemaniako Ekonomia ministro Robert Habeck berdeak Golkoko herrialdeetatik egin duen bira, bai atzo igandez Qatarko agintariekin gas natural likidotua inportatzeko adostutako akordioa.

Habeckek berak ez zuen xehetasun handirik eman Dohan adostutakoari buruz, esan baitzuen berekin zihoazen energia enpresetako buruek zehaztu behar zituztela salerosketak. Pentsatzekoa da Habeckek Europako Batasuna buruan zuela, berez, Batasuneko herrialdeek ezin dituztelako maila horretako akordioak beren kabuz egin.

Horren harira, Batasuneko bazkide batzuk ez daude oso pozik Alemaniak Dohan hitzartutakoarekin. Zenbaiten ustez, halako tratuetarako hobe izango zen, herrialde bakoitza bere kabuz ibili beharrean, EBk erosketa bateratuak egitea energia gaietan ere. COVID-19arekin jokaera horren abantailak agerikoak izan zirela uste dute.

Qatarrek xehetasun gutxi batzuk gehiago eman zituen atzo, eta esan zuen Ā«Qatarrek Alemania urte luzeetan gas natural likidotuz hornitzeko kontratuak negoziatzenĀ» hasiko direla.

Dena den, Qatarren aldetik ere, zaila da GNL hornikuntza berehala iristea Europara. Izan ere, gaur egungo bere ekoizpenaren zatirik handiena luzera begirako kontratuetan dago lotua, batez ere Asiako herrialdeekin. Haien baimena beharko luke oraintxe bertan gasontziak Europara bidaltzen hasteko.

Hori bai, Golkoko herrialdeak baditu bere gas ekoizpena handitzeko proiektuak, baina horietako lehenak ez dira iritsiko 2025. urtea baino lehenago.

Erresuma Batua Ipar Itsasoan

Baliabide propioak ere gehiago garatu nahi ditu Erresuma Batuak, baliabide fosilak: lehengai fosilak ustiatzeko lizentzia berriak banatzeko planak abian jarri ditu Ipar Itsasoko gasa eta petrolioa arautzeko Erresuma Batuko agintaritzak.

Agintaritza horrek ez du lizentziarik banatu azken bi urteetan, haren jarduera, hots, baliabide fosilen ustiaketa berriak eta klima helburuak bateragarriak ziren edo ez aztertzekotan zelako Erresuma Batuko Gobernua. Baina badirudi Ukrainako gerrarekin Boris Johnsonen gobernuak oraingoz zalantzak argitu dituela.

Hala ere, ez du horren erraza eta bizkorra izango Ipar Itsasotik gas eta petrolio gehiago ustiatzea. Egia da, iaz bertan, bere gas beharren %40 Ipar Itsasoko gas propioarekin bete zituela Erresuma Batuak, baina putzu horien emaria urtetik urtera jaisten ari da, munduko petrolio eta gas ustiategirik helduenetako bat delako Ipar Itsasoa. Eta, gainera, gas eta petrolio ustiategi berriak topatu eta eraikitzeak bere denbora behar izaten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.