Madeleine Albright eta euskaldunak

Ez da ohikoa euskaldunon aipamenik aurkitzea munduko agintarien memoria liburuetan, ur tanta bat baita gure herria diplomaziaren itsasoan.

Madeleine Albright, 2016ko argazki batean. TANNEN MAURY, EFE
martxelo otamendi
2022ko martxoaren 24a
16:52
Entzun

Ameriketako Estatu Batuek urteetan eduki duten Estatu idazkari estimatuenetako bat hil zen atzo: Madeleine Albright (1937, Txekoslovakia, Txekia orain). Bill Clinton presidentearen bigarren agintaldiko Estatu idazkaria izan zen 1997tik 2001era, eta aurreko lau urteetan AEBetako enbaxadorea NBEn.

Estatubatuar askok nahiko zuketen Albright bera izatea AEBetako presidentea, baina ez zuen betetzen legeak eskatzen duen baldintza ia bakarretakoa: AEBetan jaio behar da presidente izateko. Albright, Txekoslovakian jaio, eta Bigarren Mundu Gerratik ihes eginda iritsi zen AEBetara, aurretik sei urte igarota.

Emakume liderrak prestatzen berezitua zegoen unibertsitate batean egin zituen ikasketak, eta ondoren senatari demokrata baten taldean egin zuen lan AEBetako Senatuan, nazioarteko harremanen gaietan. Politika aktiboan segitzeko aukerari uko eginda –Walter Mondale hautagai demokrataren presidentetzarako kanpainako arduradunorde izatea eskaini zioten–, irakasle izan zen Georgetown unibertsitatean, orduan ere diplomazian lan egingo zuten emakumeen prestakuntza programak bultzatzen.

AEBek kanpo harremanen politikan aspaldi marraztuta daukaten lerro nagusitik irten gabe, gatazka askoren konponbide saioetan hartu zuen parte. Jugoslaviatik irteteko asmotan zen Kosovoren etorkizuna erabakitzeko prozesua izan zen horietako bat. 1999ko otsailean Parisko kanpoaldean dagoen Rambuilleteko Gazteluan Nazioarteko Konferentzia bat egin zuten Kosovoko etorkizun politikoaz hitz egin eta adosteko. Mahairen bueltan, Serbiako ordezkariak, Kosovoren independentzia nahi zutenen ordezkariak (Ibrahim Rugova moderatua batetik, eta ELK talde armatuko ordezkariak bestetik) eta Harreman Taldekoak (Errusia, AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Alemania).

Albrightek, Estatu idazkaria zelako, hartu zuen AEBetako ordezkaritzaren pisua. Rambuilleteko Nazioarteko Konferentzia horren gorabeherak kontatu zituen Albrightek Madam Secretary memoria liburu interesgarrian. Kosovarrek independentzia nahi zuten kosta ahala kosta, baina Albrightek bi arrazoi ematen ditu liburuan eskaera horri une horretan uko egiteko, argi utzita AEBak ez zeudela Kosovoren independentziaren aurka, baina ez zela garai egokia. Lehena, mahaian ELK «talde terrorista kosovarra» zegoela, eta «talde terrorista» bati ezin zitzaiola horrelako garaipenik eskaini. Bigarrena, Kosovori independentzia emateak beste erregio batzuetako independentzia nahia pitz zezakeela: «Beste herrialde batzuek ere bazeuzkaten independentzia nahi zuten gutxiengoak, Errusiako txetxeniarrak, Georgiako azerbaijandarrak, Turkiako kurduak eta Espainiako euskaldunak». Hori da Albrightek liburuak dauzkan 657 orrialdeetan euskaldunoi buruz egiten duen aipamena.

Albrighten aita unibertsitateko irakasle izan zen. Aita hil zenean, etxean egin zioten omenaldira gero oso ezaguna izan zen ikasle bat joan zen: Condoleezza Rice. Handik urte batzuetara Albrightek, Michael Dukakis hautagai demokrataren Kanpo Arazoetako Aholkulari zela, bere taldean lan egiteko eskaintza egin zion Riceri. Horrela erantzun zion Ricek Albrighti: «Madeleine, ez dakit nola esan, errepublikanoa naiz». Handik urte batzuetara, Ricek Albrighten bulegoa hartu zuen Etxe Zurian 2005etik 2009ra, Estatu idazkari izendatu baitzuen George W. Bush presidente errepublikanoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.