Saskibaloia

Lointek Gernika Kopako finalerdietarako sailkatu da

Mendean hartu du Cadi La Seu (51-55), Valentzian, eta Perfumerias Avenida indartsua izango du parean larunbatean. Espainiarrek IDK Euskotreni irabazi diete beste final-laurdenetako partidan (60-56).

jarraia211270.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 24a
20:46
Entzun

Lointek Gernika triste antzean zebilen emaitza aldetik azkenaldian. Behar zuen poz handi bat, eta, bila dabilenak aurkitzeko aukera izaten duenez, badu nahi zuen hori. Espainiako Kopako final-laudenetan, irabazi egin dio Cadi Lau Seuri (51-55), eta finalerdietan da Mario Lopezen taldea. Larunbatean dauka partida hori (14:00, Teledeporte), gaurko leku berean, Valentzian (Herrialde Katalanak).

Faboritoa ez zen Gernika, kataluniarrak hirugarren direlako ligan, eta euskal herritarrak bederatzigarren. Zazpi garaipen gehiago dituzte haiek. Baina Kopa partida bakarrera izaten da, kale edo bale, eta erakutsi egin behar izaten da zein den faboritoa. Lotu egin du, baina, Gernikak. Hain gustuko dituen bi ezaugarrirekin: defentsa sendoa eta kontraerasoa, joko bizia.

Taldea nabarmendu da guztiaren gainetik, eta defentsan hori horrela izatea da normalena. Hala ere, txalogarria izan da Margaret Roundtreek Irati Etxarri nafarrari egin dion defentsa. Ia bere onetik aterata erabili du. Erasoan, hiru jokalari nabarmendu dira: Tirana Moore (22 puntu sartu ditu), Roso Buch (10), eta Angela Bjorklund (12). Moorek, gainera, 11errebote batu ditu. Zoratu egin ditu pibotak kataluniarrak uztaipean. Buchen lanak ere txaloak merezi ditu, joko antolatzailea izan gabe bikain gobernatu duelako partida; baita taldea ere, jakina. Bjorklund, berriz, erabakigarria izan da hirugarren laurdenaren hasieran, hiruko bi saskiratze segidan sartuz, aldea zabaltzeko modua eman diolako taldeari. Laurden horren erdian izan du tarterik handiena Gernikak (17 goitik). Atsedenaldian, bost zituen fabore (22-27).

Azken laurdenean, baina, La Seu suspertu egin da, eta aldeak murriztuz, bi puntura gerturatu da: 51-53, minutuaren erdia falta zenean. Roundtreeri txapela jarri dio Etxarrik, baina ezin erreboteari eutsi, eta jabetzarekin segitu dute bizkaitarrek. Hiru segundo bakarrik geratzen zitzaien, ordea, erasoa amaitzeko. Saskipetik atera dute, eta Bjorklunden jaurtiketa azkarra ez da sartu. Errebotea Moorek hartu du, ordea, eta falta egin diote kataluniarrek. Jaurtiketa libre bakarra sartu du, baina nahikoa izan da garaipena Euskal Herrira ekartzeko.

>Gauza bera egitear egon da IDK Euskotren aurreko partidan. Gutxi falta izan zaio balentria egiteko. Baina kaleratu egin du Perfumerias Avenida faborito handiak (60-56). Dena dela, azkenera arte finalerdietarako sailkatzeko aukerarekin egon da Azu Muguruzaren taldea. 25 segundo falta zirenean, hiru behera zegoen, eta baloiaren jabe zen, baina ez du saskiratu, eta hor joan zaizkio ezusteko handia emateko aukerak.

Ligako bigarrena eta bosgarrena izan dira aurrez aurre, eta, horrela ikusita, ematen du alde handirik ez duela egon behar bien artean. Baina badago. Nahieran osa dezake taldea Salamancako taldeak (Espainia), dirua duelako. Hainbesteko pagotxarik ez du Euskal Herrikoak, eta zazpi garaipen gehiago dituzte haiek hemengoen aldean, eta bi partida gutxiago jokatuta. Horrek guztiak faborito egiten zuen Perfumerias, nahiz eta IDK-k ere izan zezakeen zeresana, partida bakarrera edozer gerta daitekeelako. Horixe du bereizgarri Kopak, eta ia-ia bete da Valentziako (Herrialde Katalanak) partidan.

IDK-k bi gauza egin behar zituen ondo ezustea eman ahal izateko, eta bi horien ondorioa izango zen hirugarren bat: defentsako lanean zorrotz aritu, eta erasoan luze jokatu, espainiarrei kontraerasoan jokatzeko aukerak mozteko. Hori guztia egiteko gai izan da, eta, ondorioz, irabazteko aukerekin heldu da azkenera. Horrelakoetan, gauza txikiek erabakitzen dute, eta ondo azaldu du noren aldera joan diren Maria España IDK-ko jokalariak: «Saskiratze erraz batzuetan kale egin dugu». Epaileen lanak ere haien aldera egin du erabaki batzuetan, eta hori ere kalterako azkenean. Zama.

Berdintasuna ondo azaltzen du datu honek: talde bakoitzak bi laurden irabazi ditu. Perfumeriasek bigarrena eta hirugarrena, eta IDK-k beste biak. Atsedenaldira, Salamancakoak joan dira aurretik (29-24), eta alderik handiena zortzi punturena izan dute, hirugarren zatia amaitzeko minutu eta erdia falta zenean (44-36). Gipuzkoarrak aurretik ere izan dira, ordea. Lehenengo saskiratzea Kahleah Copperrek sartu badu ere Perfumeriasentzat, hortik bigarren laurdeneko erdira arte, IDKk agindu du. Datua da, taldearen lan onaren erakusgarri.

Akabera arte iraun du jardun on horrek. 1.16 minutu falta zirenean, bat behera zen Muguruzaren taldea, adibidez. Hirura igo du aldea Isabella Alariek 55 segundo geratzen zirenean, eta, hurrengo erasoan, IDK-k baloia galdu du. Mariam Coulibaly bakarrik zen saskipean, baina ez zaio baloia iritsi. Espainiarrek ere ez dute asmatu gero. Ezta euskal herritarrek ere segituan. Leo Rodriguezek puntu bat sartu du gero jaurtiketa libre bidez, eta bigarrena huts egin badu ere, errebotea Copperrek hartu du, eta falta egin dio IDK-k zazpi segundo geratzen zirenean. Bi jaurtiketa libreak sartu ditu estatubatuarrak (60-56), eta, Coulibalyk azkar erantzun badio ere biko batekin, azken lau segundoetan ez da ezer gertatu. Markagailuak ez du gezurrik esaten (60-56). Ezta partida akaberako aurpegiek ere IDK-koen artean: pozik egindako partida puskarekin, baina minduta. Ez baita egunero lortzen Europako txapeldunordearen aurka oso ondo jokatzea eta estu hartzea.

Partidako saskiratzailerik onena Lauren Cox estatubatuarra izan da. IDK-koak 19 puntu sartu ditu. Zortzi errebote ere harrapatu ditu. Perfumeriasen onena Copper izan da,10 punturekin eta zazpi erreboterekin. Baloraziorik handieneko jokalaria Cox izan da, 31rekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.