Gerra Ukrainan

AEBek beste 15.000 milioi metro kubiko gas likidotu ekarriko dute Europara

Europaren Errusiarekiko mendekotasuna apaltzeko akordioa iragarri dute Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta AEBetako presidente Joe Bidenek.

Von der Leyen eta Biden, Bruselako goi bileran. OLIVIER HOSLET / EFE
xabier martin
2022ko martxoaren 25a
11:01
Entzun

AEBek beren ekarpena egingo diote energia kontuetan Europako Batasunak Errusiarekiko duen menpekotasuna arintzeko estrategiari. Agindu diote aurten beste 17.000 metro gas kubiko salduko dizkiela EBko estatukideei, eta hurrengo urteetan kantitate hori handituko dutela. Laguntza hori, noski, ez da doan izango: AEBetatik datorren GNL gas natural likidotua garestiagoa eta kutsakorragoa da Errusiako gasbidetik datorrena baino.

Kostu horiek badaudela aitortu zuen Joe Biden AEBetako presidenteak, baina justifikazio bikoitza eman zion: «Badakit Errusiako gasak kostuak dituela Europarentzat. Baina erabaki zuzena da, ez soilik ikuspuntu moral batetik; estrategikoki ere, indar handia emango digu».

Bidenek eta Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek atzo Bruselan azaldutakoaren arabera, AEBek 15.000 milioi metro kubiko gas gehiago esportatuko dituzte aurten Europara. Gasaren zati bat agian ez da AEBetatik iritsiko, baizik eta haren bazkide batzuetatik, eta Etxe Zuriak argitaratutako agiriak ulertarazten du Asiara joatekoa zen gasa Europara bideratuko dutela, epe luzeko kontratuekin lotuta ez dagoena hain zuzen ere.

Goldman Sachs inbertsio bankuak zalantzan jarri du esportazioak maila horretan handitu ahal izatea, AEBetan gasa likido egiteko plantak bete-betean ari baitira lanean. Epe nahiko laburrean gehiago eraiki beharko ditu bere esportazioak handitu nahi baditu.

Errusiatik, 155.000 milioi metro kubiko

Tratua gauzatuz gero, %67,5 handituko dituzte Europarako gas esportazioak. 2021ean 22,200 milioi metro kubiko gas iritsi ziren AEBetatik EBko portuetara. Bi kopuruak batuta, 37.000 milioi metro kubiko izango lirateke; asko da, baina motz geratuko litzateke Errusiaren gasak utz dezakeen zuloa betetzeko. Izan ere, iaz Errusiatik 155.000 milioi metro iritsi ziren, gasbideen bitartez gehiena, baina baina gasontzien bidez ere. Azken asteetan, esaterako, Errusiako gasa zekarten bi itsasontzi iritsi dira Bilboko portura. Von der Leyenen arabera, AEBetako gasarekin gai izango dira Errusiatik gas likidotua ez inportatzeko.

Baina Bruselaren eta Washingtonen akordioak badu beste puntu bat. Horren bidez, EBk konpromisoa hartu du aurrerago eta gutxienez 2030. urtera arte urtero beste 50.000 milioi metro kubiko gas erosteko AEBetako konpainiei. Errusiarekiko menpekotasuna txikitzeko balioko lioke horrek EBri, baina mesede handia egingo lieke AEBei ere, merkatu bat bermatzen baitie fracking bidez lortzen duen gasarentzat, noiz eta, klima larrialdiari aurre egiteko, energia iturri berriztagarrien mesedetan gasaren kontsumoa jaitsi beharko lukeen honetan.
­

Alemaniaren nahia

Errusiaren gasarekiko menpekotasunik handiena dutenetako bat Alemania da, baina Robert Habeck Ekonomia ministroak esan du aurtengo urte amaieran gai izan nahi duela Errusiako petrolioa bazter uzteko, eta haren gas inportazioak %30 apaldu nahi ditu ordurako. Uste du 2024rako utziko diola Errusiako gasa ekartzeari. Udazkenerako, Errusiako ikatza erosteari utziko lioke, era berean. Habeckek garbi esan du helburu horiek lortzeko gas eta petrolio gutxiago baliatu behar dituela Alemaniak energia iturri gisa. Gasa, ordea, beharko du, eta gaur egun ez du gas likidotua berriro gasifikatzeko plantarik. Hiru eraiki nahi ditu, baina ez dira 2023ko negura arte eraikiko.

Berlinek ez ditu luzatuko Errusiarekin dituen akordioak petrolioa erosteko, eta ordezkatuz joango da handik ekartzen duen petrolioa, beste ekoizleetara joanda. Udarako, erdira apalduko ditu Errusiako petrolio inportazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.