Memoria historikoa

Frankistek 1936 eta 1945 artean fusilatutakoak omendu ditu Jaurlaritzak

Urkullu lehendakariak esker ona adierazi die 2.194 biktimen senideei, haien memoria gordetzeagatik: «Zuen arbasoak Euskadiren memoriaren parte dira».

Urkullu lehendakaria, Derioko hilerrian, frankismoko biktimak atzean dituela. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko martxoaren 26a
15:51
Entzun

1936ko gerran eta gerraostean «demokrazia defendatzeagatik» frankistek fusilatutako eta bestela exekutatutako 2.194 pertsonen «duintasuna, memoria eta eredua» omendu dituzte gaur, Derioko Vista Alegre hilerrian (Bizkaia). Ekitaldi solemne eta hunkigarria egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Gogora institutuak, eta han bildutako senideei esker ona adierazi die Iñigo Urkullu lehendakariak, memoria zaintzeagatik: «Gaurtik aurrera, gorde duzuen familia memoria hori gizarte memoria bihurtu da. Zuen arbasoak Euskadiren memoriaren parte dira».

Hildakoen 300 bat senidek hartu dute parte omenaldian; horietako hogei inguru, biktimen seme-alabak. Haiek ere hartu dute hitza ekitaldian. Rosario Valdivielso izan da mintzatzen lehena, 100 urterekin: UGTko kide zuen aita, Juan Jose Valdivielso, eta errepublikaren alde borrokatu zen. «Asturiasen harrapatu zuten, kartzelatu, txarto tratatu eta heriotzara zigortu». Ordurako, ama ere hila zuen andreak: «Gerraostean aurrera egitea oso gogorra izan zen, gurasorik gabe, hainbeste beharrekin, gorriak izatearen estigmarekin eta, batez ere, gabezia afektibo latzarekin». Maite Canedok aitona izan du gogoan, baina deitoratu du berandu datorrela omenaldia: «Nire amak irailean utzi gintuen; ezin izan du hau ikusi. Aita galtzeagatik markatuta eta traumatizatuta egin zuen bizi osoa».

Azkenik, Florentzia Olazagoitiaren hilketaz jardun da Natividad Roa biloba: «Sozialista errepublikanoa zen. Hiru seme-alaba zituen, eta laugarrenaz haurdun zegoen, baina hori ez zitzaien inporta izan, ez salatu zutenei, ez erail zutenei». Bereziki krudelak izan ziren emakumearekin: «Odolusten ari zela, tiro bat jo zioten sabelean, esanez: ‘Hazia ere hil behar da, ez dadin ernatu’». Roaren aitak ere jasan zituen gerraren ondorioak: «10 urte zituela, frontera eraman zuten erreketeek». Roak aitortu du bere familian tabua gailendu dela, baina gertatua kontatzera deitu ditu gainerako senideak: «Gu beldurrez bizi izan gara beti, baina isiltasunak irabazleei baino ez die mesede egin».

Gehienak, fusilatuta

Hiru horiek bezala, beste ehunka lagun exekutatu zituzten frankistek 1936tik 1945era: 2.194 pertsonaren berri jaso du Gogora institutuak, 2.134 gizon eta 60 emakume. Araban eta Gipuzkoan, gehienak epaiketarik gabe erail zituzten, baina 1937ko martxoan Azazetako fusilamenduek eragindako egonezinaren ondoren, gerra kontseiluak egiten hasi ziren frankistak. Prozesu haietan, garrotez hiltzera ere kondenatu zituzten preso batzuk, baina gehienak fusilatuta hil zituzten.

«Gaur berriro argi eta garbi esango dugu: zigorrik jaso gabe fusilatu eta exekutatu zituzten», berretsi du Urkulluk, eta haien izen ona aitortu du: «Zuen arbasoek askatasuna, demokrazia eta justizia defendatu zituzten, eta horregatik hil zituzten». Izan ere, lehendakariak nabarmendu du gerraren erantzukizuna ez dela «beti partekatua», eta bereizi egin ditu «norbere defentsa legitimoa» eta «eraso militarra». «Eragin ez zuen gerra bat bizi izan zuen belaunaldi hark. Irakatsi ziguten eraso faxistaren aurrean frontean askatasuna defendatzea bat zetorrela ikuspegi humanista eta demokratikoarekin».

Derioko hilerriko hormei ere erreparatu die lehendakariak. Izan ere, bertan fusilatu eta hobiratu zituzten 523 pertsona. Murru horren zati batek bere horretan dirau hilerrian, eta alde banatan bi plaka jarri dituzte, 523 biktimen izen-abizenekin. Lekuari beste esanahi bat eman nahi izan dio, hala, Urkulluk: «Horma hauek frankismoaren basakeriaren sinboloa dira; eta batez ere, askatasunaren eta demokraziaren aldeko duintasunaren sinbolo bizia. Hau memoria positiboa da, konpromisoa duen memoria, itxaropenerako memoria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.