Koronabirusa

Gaurtik, asintomatikoek eta sintoma arinak dituztenek ez dute bakartu beharko Hegoaldean

COVID-19aren jarraipen estrategia eguneratu dute, eta zaurgarrien zaintza lehenetsiko da hemendik aurrera.

Jendea Donostiatik, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 28a
12:20
Entzun

Gaurtik aurrera beste koska bat malgutuko dira COVID-19aren aurkako kontrol neurriak Hego Euskal Herrian: positibo emandakoek ez dute bakartu beharko sintomarik ez badute edo sintoma arinak baldin badituzte. COVID-19aren kontrol eta zaintza estrategia moldatu zuten joan den astean Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek, Osasun Publikoko Batzordean, eta gaurtik aurrera zaurgarri diren kolektiboen zaintza lehenetsiko da. Funtsean, COVID-19aren gripalizaziorako estrategia bat da abiatu dutena, eta aurrerantzean koronabirusaren jarraipena gripearen antzera egingo da. Hain justu, kontrol sistema ezartzeko jarraibideak Europan gaitzen kontrolaren ardura duen ECDC erakundearekin batera hitzartu dira, eta batera arituko dira herrialde guztiak.

Aldaketa nagusia positiboen bakartzean egingo da. Gaurtik, bakartu beharrik ez dute izango asintomatikoek eta sintoma arinak dituztenek. Positibo direnek eurek artaz ibili beharko dute, besteak beste, harremanak murriztuz, zaurgarrienen inguruan egotea saihestuz eta maskara une oro eta egokia jantziz, baina kalera atera ahalko dira. Positiboen kontaktu estuek ere ez dute berrogeialdirik egin beharko.

Oro har, bakartzeak kentzera egingo da gaurtik, salbuespen batzuekin: zentro soziosanitarioetan eta osasun zentroetan, beharrezkoa ikusten bada, bakartze neurriak ezarri ahal izango dituzte. Espainiako Osasun Ministerioak eta erkidegoek joan den astean erabaki zutenez, ospitaleetan COVID-19 kasuak ugariak ez diren heinean segitu ahal izango zaio jarraibide berriari. Erietxeetako oheen %5 baino gehiago ez dituzte bete beharko COVID-19 pazienteek. ZIUetako tokien kasuan, %10ean egongo da langa. Ohartarazi zutenez, egoera epidemiologikoaren arabera ere egin ahalko dira aldaketak.

Proba diagnostikoak ere ez dizkiete pertsona guztiei egingo, soil-soilik zaurgarriei: esaterako, adinekoei, immunoeskasia dutenei, haurdun daudenei eta gaixotasunen bat dutenei. Egoki ikusten denean, eremu sanitario eta soziosanitarioetan ere egingo dira testak. Baina, oro har, kasu larrienei begirakoa izango da hemendik aurrera COVID-19aren gaineko zaintzaren lehentasuna. Era horretan, pertsona zaurgarrienetan jarri nahi dute arreta eta zaintza, eta haiei bakarrik egingo diete jarraipen zorrotza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.