Hezkuntza

Hezkuntza itunak «sistema duala betikotuko» duela salatu dute

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak protesta egin du Eusko Legebiltzarraren atarian, eta salatu du hezkuntza itunak ez duela publikoaren aldeko apustua egiten. Hezkuntza itunari oniritzia emango diote gaur legebiltzarreko batzordean.

Plataformak gaur goizean egin duen elkarretaratzea. EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO
2022ko martxoaren 28a
12:50
Entzun

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak hezkuntza itunaren aurkako protestara deitu du gaur goizean Eusko Legebiltzarraren parean. Dozenaka lagunek bat egin dute elkarretaratzearekin, Akordio hau ez da hezkuntza publikoak behar duena lelopean. Izan ere, gaur onetsiko dute akordioa Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean; azken aurreko urratsa izango da testua behin betiko onartua geratu aurretik.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak salatu du hezkuntza itunak sare pribatuaren alde eta publikoaren aurka egiten duela. «Entzundako hitzez aparte, ez dago idatzizko aipamenik eskola publikoa ardatz izango dela adierazten duena», adierazi dute. Kontrara, itunak «sistema duala betikotiko» duela gaitzetsi dute. Eusko Jaurlaritzak hezkuntza ituna oinarri gisa hartuko du lege berria ontzeko, baina plataformak ohartarazi du legearen abiapuntua «Euskal Hezkuntza zerbitzu publikoa» izango dela, eta kontzeptu horrek ikastetxe bakoitzaren titulartasuna lausotzen duela: «Bi sareen sistema diskriminatzailea ez da gaindituko euskal hezkuntza zerbitzu publikoaren parte izanik eta baldintza batzuk betez». Halaber, salatu dute lege berriak sare pribatuaren finantzaketa handituko duela:«Ikastetxe pribatuei diru gehiago emango zaie, orain arte bete ez dutena bete dezaten».

Ez dituzte sinesgarritzat jotzen eskola segregazioaren aurka jasotako neurriak ere. Udal matrikulazio bulegoekin, aurrerantzean ere ikastetxe pribatuek familiek «filtratzeko» aukera izango dutela uste dute,besteak beste. Euskarari dagokionez, berriz, «atzerapauso nabarmena» dagoela kritikatu dute. «Murgiltze eredua bertan behera geratu daiteke, ikastetxe bakoitzaren esku uzten baita hizkuntza proiektua sortzea, eta, ondorioz, zenbat ikasgai emango diren euskaraz, gazteleraz zein ingelesez». Irizpide nagusia «ingurune soziolinguistikoa» izatea «arriskutsua» dela ohartarazi dute, era berean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.