1936ko gerra

1936ko gerra garaiko Euskal Herriko hobi komun handienetako bat da Begoñako hilerrian aurkitutakoa

Aurkitutako arrastoengatik, ELAren, UGTren eta anarkisten batailoietan parte hartu zuten «gudari eta milizianoak» direla uste dute.

Gaur goizean egin dute agerraldia Bilboko udaletxean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko martxoaren 30a
11:53
Entzun

Begoñako hilerrian aurkitu du Aranzadik Euskal Herriko 1936ko gerrako hobi komun hori. 46 gorpu aurkitu dituzte bertan, eta horietatik 42 orain arte desagertutakoenak ziren, erregistratu gabeko hildakoenak. Guztira, gerra horren ondorioz hildako 76 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte hilerri osoan. Gaur aurkeztu dituzte aurkikuntzak, Bilboko udaletxean.

Gorpuzkiekin batera, munizioa, txanponak, botak eta txapak aurkitu dituzte, besteak beste. Aurkitutako arrastoengatik, ELAren, UGTren eta anarkisten batailoietan ibilitako «gudari eta milizianoak» direla uste dute. Bertan izan da Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta hildakoen inguruko xehetasunak eman ditu: «Bilboren defentsan parte hartu zuten ideologia askotako pertsonak [dira]. Gudari eta miliziano gazteak, bizitza gobernu legitimoa defendatzen eman zutenak. Askatasunaren, autogobernuaren eta demokraziaren alde borrokatu ziren gazteak».

Gogora Institutura jo dezatela eskatu die Artolazabalek Bilboren defentsan hildakoen senideei, informazioa emateko. Behar bada, DNA lagin bat ere utzi ahalko dute. Izan ere, aurkitutako gorpuzki guztiei proba genetikoak egingo dizkiete hildakoen identifikazioan laguntzeko.

Ezustekoa izan zen Aranzadikoentzat hainbeste gorpuzki aurkitzea. Horixe esan du Carmen Coch arkeologoak: «Bagenekien bertan lau gorpu zeudela, baina ez genekien 46 aurkituko genituela, lau aurkitu beharrean». Frontean hildakoak dira, seguruenik Artxandako batailan. Zauriak dituzte, eta metraila zatiak hezurretan. Ikertzaileek ondorioztatu dute 1937ko ekainaren 15 eta 17 artean lurperatu zituztela. Gudari eta milizianoez gain, bando faxistako errekete bat ere aurkitu dute.

Lurdes Errasti Memoria Historikoaren alorreko Aranzadi zientzia elkarteko zuzendariak adierazi duenez, orain arteko handiena da, baina agian ez da azkena izango. «Hau ustekabe bat izan den moduan, besteren bat ere ager daiteke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.