Aberri Eguna

Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatuko dute Azkainen, Aberri Egunean

EH Baik aurtengo Aberri Eguna aurkeztu du; apirilaren 17an ospatuko dute, Azkainen, eta manifestazioa eginen dute eguerdian. «Nazio eraikuntza berrindartzeko garaia da», erran dute.

Aberri Eguna Azkainen antolatu du EH Baik. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko martxoaren 30a
16:18
Entzun

Azkainen (Lapurdi) eman du ordua EH Baik aurtengo Aberri Eguna ospatzeko. Apirilaren 17an iraganen da, eta 12:00etan manifestazioa eginen dute eguna hasteko. Azken bi urteetan, pandemiarengatik ezin izan zuten karrikan ospatu. Duela bi urte, etxeko leihoetan zintzilikatu zituzten aldarriak; iaz, berriz, herriko plazetan elkartu ziren kantatzeko. Bada, abertzaleei Azkainen biltzeko dei egin diete aurten. Euskal Herriaren burujabetza ezinbestekotzat jo dute: «COVID-19ak eragindako askotariko krisiak egitate bat utzi du beste behin ere agerian: erronka sozialei, ekonomikoei, klimatikoei eta kulturalei aurre egiteko, burujabetza behar du Euskal Herriak».

Manifestazioaren ondotik, ekitaldia eginen dute. Gero, herri bazkaria izanen da, eta arratsaldean ostatua, txarangak alaiturik. «Euskal Herriaren burujabetzaren alde garen guzion indarrak biltzeko eguna izanen da», adierazi dute.

Azken hilabeteetako testuingurua ekarri dute gogora, abertzaleek eramandako borrokak aipatuz: «Hainbat eragileren arteko elkarlanari esker, zenbait erronka garrantzitsuri herri gisa erantzutea lortu dugu: euskarazko irakaskuntzaren defentsan, lurren espekulazioaren aurka, etxebizitza eskubidea berma dadin, eta euskal preso politikoak askatzearen alde, adibidez». Hala, uste dute gertakari horiek, «herri mobilizazioak eta instituzioak elkarren osagarri» direla. Alde horretatik, Euskal Herriaren burujabetza prozesuan «aitzinapausoak» egin direla erran dute.

Nolanahi ere, «eskumen eta tresna gehiago» behar direla azpimarratu dute: «Egungo errealitatetik abiatuz, herritarren nahi eta beharrei erantzuteko eta erabakiak bertan hartu ahal izateko, eskumen handiagoko instituzio bat behar dugula berresten dugu». Mugen «gainetik», Euskal Herriko eragile guzien arteko elkarlana beharrezkotzat jo dute, halaber. «Nazio eraikuntza berrindartzeko garaia da».

Bestalde, azken asteotan Korsikan gertatutakoa aipatu dute. «Preso politikoen» auziari dagokionez, Frantziako Estatuaren jarrera ezarri dute jomugan. «Frantziako Gobernua preso politikoen egoera heriotzaraino usteltzen uzteko prest» dagoela ikusirik, honela mintzatu dira: «Jendarte zibilaren eta hautetsien gehiengoa Ion Parot, Jakes Esnal eta Unai Paroten askatasuna erdiesteko engaiatua den honetan, gatazka politikoari eta haren ondorioei aterabide demokratikoa emateko garaia da, baita Euskal Herriaren nahia eta borondatea errespetatzekoa ere».

EH Bilduk, Iruñean

EH Bilduk Iruñean ospatuko du aurtengo Aberri Eguna, manifestazio bat eginez. Amaiurko gatazkaren bosgarren mendeurrena gogoan hartuta antolatu dute eguna. «Orain dela 500 urte, hemen burujabetzari buruzko lehia bortitz bat izan zen; Amaiurko gatazka egon zen, Gaztelaren eta Nafarroaren arteko burujabetza talka izan zen. 500 urte geroago, hemen gaude, Iruñean, gure hiriburu historikoan», erran zuen aurkezpen agerraldian Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

EAJk, berriz, Bilbon elkartzeko deia hedatu du, Plaza Barrian. Iazko ospakizuna Euskalduna jauregian egin zuten jeltzaleek, murrizketekin. Aurten, kalera ateratzeko asmoa adierazi du alderdiak, «1932an lehen Aberri Eguna egin zuenez geroztik egin duen modu berean». Hala, EAJk «jai eta aldarrikapen giroa» berreskuratzeko asmoa adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.