EUSKAL PRESOAK

Baimenak emateko, presoek «barkamena» eskatzea nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Foro Sozial Iraunkorrak salatu du urte batean euskal presoen 76 baimen gibelera bota dituela Espainiako Auzitegi Nazionalak, damutze falta argudiatuta. Espetxeetako tratamendu batzordeek onartuak zituzten.

Zaballako kartzelako irudi bat, 2020koa. Kartzela horretako tratamendu batzordeak 24 baimen eman ditu urte batean. Espainiako Auzitegi Nazionalak gibelera bota ditu. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko martxoaren 31
12:03
Entzun

Ez da gauza berria, baina areagotzen ari da: Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala eta lehen zigor sala gibelera botatzen ari dira euskal presoei aurrez euren espetxeetako tratamendu batzordeek onarturiko baimenak eta hirugarren graduak. Foro Sozial Iraunkorrak lehendik salatua zuen espetxe politikaren «inboluzioa», baina datu zehatzak, azalpenak eta izen-abizenak jarri dizkio orain arazoari, gaur goizean Bilbon foroaren Behatokiak aurkezturiko bosgarren txosten monografikoan. «Presoak Euskal Herriko kartzeletara ekartzearekin batera enkistatzen ari den jarreretako bat da», azpimarratu du foroak.

Zehazki, joan den urteko otsailetik euskal presoei emandako 76 baimen bota ditu gibelera Espainiako Auzitegi Nazionalak. Prozedura ia beti antzekoa da: espetxeko tratamendu batzordeak preso horien balorazio ona egiten duen txosten bat idazten du, eta, horrekin, presoarentzako irteera baimena eskatzen du; baina ondotik auzitegiak gibelera botatzen du baimen hori, izan fiskalak helegitea jarrita, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak diligentzia gehiago eskatuta ala ondotik Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak hala aginduta —antzekoa gertatzen da hirugarren graduekin—. Emaitza beti da bera: presoek, bigarren graduan egon arren eta zigorraren laurdena betea izan arren —horiek dira baimenak lortzeko baldintza nagusiak—, ezin dute egun bateko edo batzuetako irteera baimenik erdietsi.

Kasu guztietan bertsua da argudiaketa: presoari leporatzen diote ez duela espresuki eskatu «barkamena», edo erraten diote ez duela «zinezko damurik» erakutsi egin duen delituagatik. Epaile eta fiskalek Espainiako Espetxe Lege Organikoko 72.6 artikuluan oinarrituta argudiatzen dute hori —artikuluak zehazten du «helburu terroristak utzi izana» frogatu behar duela presoak—. Foro Sozial Iraunkorrak salatu du, ordea, artikulu hori hirugarren graduari buruzkoa dela, eta ez irteera baimenen ingurukoa. Halaber, foroak ohartarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak artikulu horren interpretazio «oso zorrotza» egiten duela: «Eskakizun literala, alegia, helburu eta bitarteko terroristak utzi izanarena, honako exijentzietara itzultzen dute: edo egindako jarduera edo ekintzen arbuioarenera, edo, bereziki, biktimei barkamena espresuki eskatzearenera».

Foroak salatu du epai juridiko horien ondorioa presoek eurek eta senideek pairatzen dutela, eta datuek hala diote: gaur egun bigarren graduan dauden zortzi euskal presok baino ez dituzte irteera baimenak, nahiz eta horietako anitzez gehiagok betetzen dituzten eskuratzeko baldintzak. Izan ere, bigarren graduan sailkatuta daude Espainiako Estatuan dauden euskal preso gehienak: %90 —bertzeak hirugarren graduan daude—.

Hona hemen, atalez atal, Foro Sozial Iraunkorraren motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren Behatokiaren bosgarren txosteneko hainbat xehetasun.

ZENBAT PRESO
%80ri gibelera

Foro Sozialak emandako datuaren arabera, Espainiako Auzitegi Nazionalak 76 baimen bota ditu gibelera azken urtean. Baimenak eskatu dituzten euskal presoak, ordea, gehiago dira. Izan ere, anitz dira auzitegira ailegatu aitzin ukatutako baimenak: Behatokiaren txostenak dio tratamendu batzordeek eurek ukatu dituztela 150 baimen baino gehiago.

76 horiek, beraz, tratamendu batzordearen langa gainditu bai baina hurrengoetan aitzinera egin ezin izan dutenak dira. Foroak salatu du espetxe guti ari direla euskal presoei baimenak ematen, izan ere: modu «konstante eta normalizatuan», soilik lau. «EAEtik kanpoko espetxe gehienetan barneratua dute ez dagokiela haiei pertsona horiekin tratamendurik egitea, ulertzen dutelako preso horiek pasaeran daudela, nahiz eta horietako batzuek urte bat baino gehiago daramaten han», azaldu du foroak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak gibelera botatako 76 baimenetatik anitz, bertzalde, preso berei dagozkie. Txostenaren arabera, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak zehazki 31 presori bota dizkie atzera lehendik tratamendu batzordeek onarturiko baimenak; eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak, berriz, bertze seiri. Guztira 37 dira baimenak errefusatu dizkieten presoak, beraz: hots, tratamendu batzordeen aldeko jarrera jaso duten presoen %80 inguru. Preso horietako batzuei lau aldiz bota diete gibelera espetxearen proposamena.

PROZEDURAK
Fiskaltzaren tema

Prozedurak antzekoak izan ohi dira, baina ezberdinak. Eta Foro Sozial Iraunkorrak ohartarazi du fiskaltza dela ezezkoan gehien tematzen dena: «Tratamendu batzordeak baimenaren alde egin duen kasu bakar batean ere ez da hasieratik aldekoa izan fiskaltzaren jarrera». Hala, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baimenaren alde egindakoetan ere jarri izan ditu helegiteak; eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak, gehienetan, gibelera botatzen ditu horiek.

Izan dira salbuespenak, halere. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baimenak gibelera botata, defentsaren abokatuek helegitea jarri ohi dute, eta horietako kasu batean lehen zigor salak baimenaren alde egin du aurten —preso horrek aurtengo maiatzean bukatuko du 30 urteko zigorra, foroak zehaztu duenez—. Bertze bi kasutan, berriz, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onarturiko baimenek aitzinera egitearen alde egin du Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak, fiskaltzari aurka eginda. Salbuespenak baino ez dira, ordea.

LEGEEN INTERPRETAZIOA
Tratamenduaren aurka

Foro Sozialak salatu du «nabariki ideologikoa» dela Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuek egiten duten legearen interpretazioa. Are, gaitzetsi du Zigor Zuzenbidea Espetxe Zuzenbidea «inbaditzen» ari dela, eta epaile eta fiskalen txostenek anitzetan «alde batera uzten» dituztela espetxeek egindako txostenak. Foroaren hitzetan, fiskaltzak «ukatu» egiten du tratamendua «espetxe legediko funtsezko oinarria» dela.

Kontrara, foroak uste du Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak eta fiskaltzak «sinplifikatu» egiten dituztela erabakiak, presoari «barkamena» eskatzea galdeginda, eta maiz Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salaren irizpideari segituta. Preso batzuei, are, «blokean» erantzuten diete, denbora anitz ematen baitute baimen eskaerei erantzuteko: «Ez dute eskaera bat bera ere modu berezituan aztertzen, eta guztiak ukatzen dituzte, kolpean». Txostenak gaitzetsi du, gainera, defentsari prozeduraren berri eman gabe ere hartzen dituztela erabakiak «askotan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.