Hezkuntza

EEPren bulegoetan sartu dira Seaskako ikasle eta irakasleak

«Azterketak euskaraz» oihu artean protesta egin dute, EEPren biltzar nagusiko atarian. Larraineko eskola publikoko gurasoek ere egin dute protesta, murgiltze eredua ezartzeko baimena eman diezaieten.

Celine Tourreuil Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko zuzendariak eman ditu azalpenak akademia ikuskariarekin ukan duten elkarrizketaz. EKHI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko martxoaren 31
14:47
Entzun

Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde, Seaskako ikasle eta irakasleak Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) bulegoetara sartu dira gaur arratsaldean. EEPren biltzar nagusia egitekoa zuten gaur, eta Bordeleko errektorea etortzekoa zen Euskal Herrira. Harekin zuzenean mintzatzea lortu nahi zuten ikastoletako ordezkariek, brebeta eta baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea onar diezaien. Azkenean, errektorea ez da agertu, baina François Xavier Pestel akademia ikuskaria bilkura gelatik atera denean, Iban Tikoipe Bernat Etxepareko zuzendariak interpelatu du, eta Seaskako ordezkari batzuekin mintzatzea onartu du.

Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko zuzendari Celine Tourreuilek eman ditu azalpenak akademia ikuskariarekin ukan duten elkarrizketaz. Adierazi duenez, ikuskariari erran diote arazoa berehala konpondu behar dela, baxoko eta brebetako azterketak laster egingo direlako, maiatzean eta ekainean, hurrenez hurren. Ikuskariak erantzun die «arazo logistikoak» dituztela azterketen zuzentzaileak lortzeko. Seaskako ordezkariek gezurtatu dute hala izatea, eurek badituztelako irakasleak prest azterketak zuzentzeko. «Erantzun finko bat eskatu diogu bakantzen aitzinean».

Seaskakoek barruan protesta egiten zuten bitartean, kanpoan Larraineko (Zuberoa) eskola publikoko gurasoen protesta izan da. EEPren aitzinean ikasgelako mahaiak eta kadirak ezarri, eta Larraineko eskola irudikatu dute. Orain dela urte bat eskatu zuten murgiltze eredua ezartzeko, eta, bat izan ezik, guraso guziak alde diren arren, oraindik ez dute erantzunik izan. Salatu dute urtebete galdu dutela euskara ikasi gabe, murgiltze eskatu zutenetik. «Ez dugu konprenitzen nolaz Larraineko eskolak ez du baimenik». Baina akademia ikuskariak uko egin dio haiekin mintzatzeari, eta argudiatu isilik egoteko betebeharra duela, Frantziako presidentetza hauteskundeen garaia izanik. Frantziako Hezkuntza Ministerioak euskarazko irakaskuntzari buruzko zirkularra atera ondotik, gaur bozkatzekoa zuten EEPn euskara hutseko ikasgelak ireki ahal izateko eskoletarako gida.

«Ez dut ulertzen», erran du Maitesa Akozeberri Larraineko gurasoak. «Baduzu lege bat, baina ez duzu aplikatu nahi». Borrokan jarraituko dutela gaineratu du. «Ez dizugu utziko akitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.