Prezioak

Euroguneko inflazioak errekorrak hautsi ditu, martxoan %7,5era igota

Ukrainako gerrak eta energia krisiak kontsumo gaiak garestitzen jarraitzen dute, eta Kontsumo Prezioen Euroguneko Indizeak sabaiak hausten jarraitzen du. Energia gaiak iaz baino %44,7 garestiagoak izan dira martxoan eurogunean.

Elikagaien prezioak Maongo saltoki batean, Balearretan. DAVID ARQUIMBAU SINTES /  EFE
Irune Lasa.
2022ko apirilaren 1a
12:33
Entzun

Europarren poltsikoek erakusten dutena berrestera datoz estatistikak. Martxoan inflazioak %7,5era egin du jauzi eurogunean, analisten aurreikuspenek uste zuten baino gehiago. Otsailean %5,9an kokatu zen datua.

Energiako kontsumo gaien %44,7ko igoera ikusgarriak izan du pisurik handiena inflazioaren datu aurreratu handi horretan. Baina elikagaiak, edari alkoholdunak eta tabakoa batzen dituen alorraren %5eko igoera ere nabarmena izan da.

Prezio aldakorreneko kontsumo gaiak —energiarenak eta elikagai freskoenak— kanpoan uzten dituen azpiko inflazioa ere errekorrera iritsi da, %3ra igota. Inflazioaren eta azpiko inflazioaren arteko tartea orain artean Eurostatek jasotako handiena ere bada.

Batasuneko herrialde guztiei begira, deigarriak dira Baltikoko herrialdeen datuak: inflazioa %15,6ra iritsi da martxoan Lituanian, %14,8ra Estonian, eta %11,2ra Lituanian. Herbehereetan prezioek urtebeteko tartean izandako igoera ere deigarria da: %11,9. Eta zer esanik ez Espainiako %9,8ko inflazioa eta Belgikako %9,3koa.

Historikoki inflazioak asko eragin izan dio Alemaniari, eta han ere %7,6 ikusgarri batera igo da inflazioa martxoan. Europako Banku Zentralak interes tasak igoko dituelako apustuak gero eta gehiago dira merkatuan. Igoera irailean etorriko dela uste dute batzuek; abendura arte ez iristea nahiko lukete diru politika hedakorren defendatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.