OROIMEN HISTORIKOA

1978tik haragoko errepresioa ere jasoko duen lege «kritikoago» bat eskatu du EH Bilduk

Koalizio abertzaleak 54 zuzenketa aurkeztu dizkio Espainiako Kongresuan Memoria Demokratikoaren Lege proiektuari.

EH Bilduko diputatuen agerrraldia, artxiboko irudian. GOTZON ARANBURU/ FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 1a
14:46
Entzun

Trantsizio garaiko eta horren osteko jazarpen politikoa ikertzea, egiaren batzorde bat sortzea, gizateriaren aurkako krimenek ez preskribatzea, sekretu ofizialak argitara ateratzea, immatrikulazioen inbentarioa egitea... EH Bildu koalizioak «erroko zuzenketak» aurkeztu dizkio Memoria Demokratikoaren Lege proiektuari Espainiako Kongresuan. Zehazki, 54 neurri zehatz dira, Bel Pozueta diputatuak, Eva Aranguren Iruñeko eledunak eta Paolo Albanese Sartagudako zinegotziak gaur goizean azaldu dutenez.

Izan ere, Memoria Historikoaren Lege proiektua «Espainiako Kongresuan blokeatuta» dagoela salatu du Pozuetak, ez aurrera ez atzera. «Saiatu behar dugu prozesua ahalik eta lasterren abiarazten». Aurkeztu dituzten zuzenketen artean, diputatuak garrantzitsutzat jo du legearen esparrua zabaltzea eta 1978tik aurrerako gertakariak ere jasotzea: «Giza eskubideen urraketak ez ziren bukatu Espainiako Konstituzioa onartzearekin batera; hortaz, epea zabaltzea proposatu dugu. Frankismoak eta haren praktikek jarraipena izan zuten, eta baita errepresio inertziek ere». Besteak beste, GAL eta brigada politiko-sozial frankistak aipatu ditu inertzia horien artean.

Egiaren batzorde bat

Trantsizio urteen gaineko «ikuspegi kritikoagoa» galdegin du Pozuetak, «garai hartan eutsi egin zitzaielako motibazio politikoko giza eskubideen urraketa oso larriei». Garai hartako biktimei «bide bat zabaltzea» proposatu du EH Bilduk, «aitortza eta erreparazioa» izan ditzaten. Puntu horretan jaso dituzte «Espainiako Estatuaren izaera plurinazionala onartzeko» eta «emakumeen ekarpena aintzatetsi eta biktima espezifiko gisa aitortzeko» eskaerak ere.

Egiaren batzorde bat sortzea ere galdegin diote Espainiako Gobernuari, «aitortza eta erreparazio espedienteak tramitatzeaz arduratuko dena, segida emanez Nafarroan eta EAEn martxan diren legeen esperientziari».

Bestalde, koalizio abertzaleko kideek uste dute Espainiak «giza eskubideen nazioarteko itunen menpe» egon beharko lukeela, eta zenbait zuzenketa aurkeztu dituzte horretarako. «Planteatu dugu, besteak beste, Espainiako Estatuak berretsi behar duela gerra krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen preskribaezintasunari buruzko ituna», azaldu du Pozuetak. Izan ere, frankismoko krimenak epaitzeko tenorean oztopo nagusietako bat delituen preskripzioa dela salatu du diputatuak: «Orain arte aurkeztutako salaketa eta kereila ia guztiek talka egin dute preskripzioaren harresiarekin».

Amnistiaren eta sekretu ofizialen legeak

Espainiako Kongresuan eztabaidatzen ari diren lege proposamenean «gizateriaren aurkako krimenen kontzeptua sartzeko» eta 1977ko Amnistiaren Legea aldatzeko ere eskatu du EH Bilduk. «Xedapen gehigarri bat proposatu dugu, hiru hilabeteko epean Amnistiaren Legearen 2. artikuluko E eta F puntuak indargabetu daitezen, horiek biktimarioak blindatzen dituztelako».

EH Bilduko eledunek, bestalde, zenbait proposamen egin dituzte «egia azaleratu eta inpunitatea bukatzeko». Horietako bat da sekretu ofizialei buruzko 9/1968 legea baliogabetzea, Pozuetaren esanetan «Estatuko Administrazio Orokorraren artxibo guztien informazio publikorako eskubidea bermatu beharra dagoelako». Adibidetzat jarri ditu Mikel Zabalzaren eta Martxoaren 3ko hilketak.

Sekretu ofizialez gain, Eliza katolikoak bere izenean immatrikulatutako ondasunen zerrenda egitea planteatu du EH Bilduk, «legez kontra aberastu ote zen ebatzi ahal izateko».

Erorien monumentua eta Ezkabako gotorlekua

EH Bilduk planteatu dituen proposamenen artean daude, halaber, frankismoaren bi ikur «oroimen gune» bihurtzeko asmoa: Iruñeko Erorien Monumentua eta Ezkabako gotorlekua. Alde batetik, Espainiako Gobernuari eskatuko diote Nafarroako Gobernuaren esku utz dezala gotorlekuaren jabetza, «memoria gune gisa egokitzeko»; eta, bestetik, Iruñeko Erorien Monumentuan esku hartzeari trabarik ez jartzea galdegin dute: «Ez dadila inongo mugarik jarri eraikinari beste esanahi bat emateko, zati bat edo eraikin osoa eraisteko edo hortik sortuko den espazio berrian jarduerak egiteko».

Azkenik, apirilean eta maiatzean Nafarroako hainbat herritan eginen duten hitzaldi sortaren berri eman du Sartagudako zinegotzi Paolo Albanesek. Sabino Cuadrak eta Bel Pozuetak emanen dituzte hitzaldiak. Hau izanen da egitaraua: apirilaren 12an Beran, apirilaren 14an Sartagudan, apirilaren 29an Lizarran, maiatzaren 3an Tuteran, maiatzaren 4an Antsoainen, maiatzaren 5ean Garesen, eta maiatzaren 20an Irunberrin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.