Zahar etxeak

Egoiliarren arretan eta ongizatean oinarrituko da Gipuzkoako zahar etxeen eredu berria

Hamabost pertsona inguruko bizikidetza unitateak ezarriko dituzte, egoiliar gehienak banakako gelatan biziko dira, eta espazio irekiagoak eta komunitateari lotuagoak izango dituzte. Eredua «positibotzat» hartu arren, Gipuzkoako Senideak elkarteak adierazi du ezin direla ezkutatu sistemaren «gabezia larriak».

Markel Olano eta Maite Peña Gipuzkoako adinekoen egoitza eredu berriaren aurkepenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko apirilaren 4a
12:41
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetan egoitza eredu berria ezarriko du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz-en eta Gipuzkoa 2020-2030 Agendaren barruan. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatuak azaldu dutenez, aldaketak «erabateko lehentasuna» du Aldundiarentzat, eta «zaintzaren abangoardian» kokatuko du lurraldea. Ereduak egoiliarren arretan eta ongizatean izango du eragina, eta hiru oinarri nagusi izango ditu ardatz: pertsona erdigunean kokatzea, komunitatearekin harremana lantzea eta arretaren inguruko berrikuntzak lantzea.

Olanok nabarmendu duenez, garrantzitsua izango da egoiliarrek «etxean» daudela sentitzea, eta «ez ospitalean» daudela. Horretarako, besteak beste, bizikidetza unitate txikiagoetan biziko dira: hamabost pertsona inguruko komunitateak ezarriko dituzte, gehienak banakako gelatan biziko dira, eta espazio irekiagoak eta komunitateari lotuagoak izango dituzte. Arreta pertsonalizatuagoa ere jasoko dute egoiliarrek.

Hori lortzeko, ekipamendua erosteaz gain, zahar etxeak arkitektonikoki egokituko dituzte. Eredu berria Gipuzkoako 25 zentrotan ezarriko dute, eta, horretarako, Aldundiak COVID-19 funtsetatik ateratako 20 milioi euro bideratuko ditu. Lanak 2023a amaitu baino lehen egitea aurreikusten dute.

Zahar etxeen eredu berria «positibotzat» hartu du Gipuzkoako Senideak egoitzen erabiltzaileen eta haien elkarteak. Hala ere, nabarmendu du ezin direla ezkutatu sistemaruen «gabezia larriak». Horrez gain, salatu du eredu berria diseinatzeko orduan ez dela «inoiz» Gipuzkoako erabiltzaileen eta senideen elkarteen iritzirik edo parte hartzerik jaso, «behin eta berriz» eskatu duten arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.