Enplegu publikoa

Administrazio orokorreko behin-behineko 4.500 lanpostu finkatzeko eskatu du ELAk

Sindikatuak lau orduko lanuztea antolatu du hilaren 12rako. Jaurlaritzari proposamen zehatzak igorri dizkio.  

Mobilizazioa iragartzeko egin duten agerraldia, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko apirilaren 5a
13:08
Entzun

ELA sindikatuak salatu du EAEko administrazio orokorrean 4.500 langile ari direla behin-behinean lanean: hau da, hamar langiletik ia sei. Gainera, horietako gehienek –%80k– hiru urte baino gehiago daramatzate egoera horretan, eta haien batez besteko adina 55 urtetik gorakoa da. Bada, enplegu publikoaren itzelezko behin-behinekotasuna amaitu eta enplegu horiek finkatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, neurririk hartu ezean ehunka lanpostu «arriskuan» egongo direlako. Hori eskatzeko, ELAk protesta antolatu du hilaren 12rako: lau orduko lanuztera deitu du, 10:00etatik 14:00etara.

Sindikatuaren hitzetan, behin-behinekotasuna gehiegizkoa da administrazio orokorrean eta haren menpeko erakunde autonomiadunetan (Osalan, Lanbide, Ibaiondo). «Egoera guztiz dramatikoa da», gaitzetsi du Eva Arrieta ELAko administrazio orokorreko arduradunak. Eta gogora ekarri du hogei urte baino gehiago direla sektore publikoan azken LEP lan eskaintza publikoa egin zela. Asko dira, ondorioz, kontratu finkorik gabe ari diren bitarteko langileak; urteak daramatzate egoera horretan.

Arrietak adierazi duenez, horrek agerian uzten du Jaurlaritzak enplegu publikoarekiko duen jarrera; «prekarizatzeko apustua» egin duela iritzi dio: «Administrazioa pribatizatzeko eta negozio eremu bilakatzeko apustu politikoa dago».

Proposamen zehatzak
Behin-behinekotasuna murriztu eta bitarteko langileen lanpostuak finkatzeko hainbat egitasmo jarri ziren martxan iaz. Espainiako Gobernuak Iceta legea onartu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak, Kidego eta Eskalen Legea. ELAren ustetan, ordea, ez dira aski izan arazoa konpontzeko, eta lege horiek dituzten hutsuneak baliatuta proposamen zehatzak egin ditu.

Jaurlaritzari eskatu dio, esaterako, lanpostu publikoak finkatzeko salbuespenezko prozesu bakarra adostea, eta horretarako 4.500 lanposturen finkatze prozesua eskaintzea. Arrietak azpimarratu du, hori bai, prozesu horrek «bermatzailea» izan behar duela, eta, horretarako, beharrezkoa dela ahalik eta lanpostu gehien meritu lehiaketara ateratzea.

Sindikatuak galdegin du, halaber, Kidego eta Eskalen Legea ere finkatze prozesuen ondoren jartzea indarrean. Gainontzean, «arriskuan» jarriko lituzke ehunka lanpostu, «eskatuko zaien titulazioa aldatuko duelako edo haien lanpostuak kidego orokorretara bideratzen dituelako».

ELAk salatu du, baina, Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartu eskari horiek, eta orain arte izandako negoziazioetan informazioa «ezkutatu» izana egotzi dio gobernuari. Gainera, iritzi dio iragarri dituen lan eskaintza publikoak ere ez direla nahikoa: Jaurlaritzak bi deialdi egin ditu, 3.600 lanpostuetarako guztira, baina, sindikatuaren ustez, beste 900 beharko lirateke behin-behinekotasun tasak murriztu ahal izateko.

Hori horrela, Jaurlaritzari eskatu dio orain arteko norabidea aldatu eta enplegu publikoak finkatzeko prozesua bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.