Lehen aldiz telefonoz egin ahalko da Nafarroan errenta kanpaina

Bihar hasi eta ekainaren 24ra arte iraungo du. Nafarroak 103.000 proposamen bidaliko ditu

Telefonoz errenta aitorpena egiteko informazio kartela, euskaraz. NAFARROAKO GOBERNU
joxerra senar
2022ko apirilaren 5a
13:39
Entzun

Aste honetan hasiko da errenta aitorpena Hego Euskal Herri osoan. Nafarroan, zehazki, bihartik aurrera zerbitzu telefonikoa (948 106 106) abian jarriko da 2021eko errenta kanpainaren tramiteak egiteko; zerga datuak edo ogasunak bidalitako proposamenen egiaztapena kontsultatzeko. Nafarroako Ogasunak 203.720 proposamen bidaliko ditu, eta zergadunak datuak ondo daudela egiaztatuz gero, ez du ezer egin beharko —aitzitik, zerbait aldatu nahi izanez gero, hitzordua eskatu edo telematikoki berritu dezake bere aitorpena—.

Aurtengo berritasun nagusi da telefonoz ere egin ahalko dela aitorpena. Apirilaren 13tik, internetez egin beharko da hitzordua eskatu, bai ala bai, segurtasun arrazoiengatik. Hitzordua eskatuta, Ogasuna bera jarriko da harremanetan zehaztutako egun eta orduan, eta soilik 948 106 106 telefono zenbakiaren bidez —ezingo da deitu edo ogasunak ez du beste zenbaki batetik deituko, ziurtatu nahirik zergadunaren izenean beste inork egiten ez duela aitorpena—. Une horretan informazio guztia eskura edukitzea eskatuko zaio zergadunari.

Ohi legez aurrez aurre ere egin daiteke aitorpena apirilaren 20tik aurrera. Kasu honetan ere, apirilaren 13tik hitzordua eskatu ahalko da telefonoz, 948 505 505/506 telefonoetan, astelehenetik ostegunera 08:00etatik 17:30era eta ostiraletan 15:00etara bitarte. IAurten ohiko bulegoetan egingo da —Iruñean, Tuteran, Lizarran eta Tafallan—. Gainera, ogasunez gain, ohiko finantza erakundeekin ere egin daiteke.

Halaber, apurka, Ogasunak internet bidez errenta aitorpena egitera animatu nahi ditu herritarrak. Errenta kanpainari begirako webgunean herritarrak bere aitorpena egin dezake. Ziurtagiri digitala, @Clave sistema digitala edo NAN + pasahitza sistema erabili beharko da. Tramite hori errazteko zein kanpainaren inguruko beste xehetasun batzuen berri emateko hainbat azalpen bideo landu ditu ogasunak:

Iaz, 2020ko errenta kanpainan, 356.000 aitorpen egin ziren, eta aurten antzeko datuak izatea espero du. Aurten, Ogasunak 203.000 proposamen bidaliko ditu. Horietatik bi hereni (%67) dirua itzultzea aterako zaie eta beste herenari ordaintzera. Ontzat joz gero, zergadunei apirilaren 20an itzuliko zaie dirua: orotara, 70,2 milioi euro —ordaintzea ateratzen zaienek, guztira, 58,1 milioi euro pagatu beharko dute—.

Gasolindegiei ordainketa

Errenta kanpainaren prentsaurrekoan, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak adierazi du bihartik aurrera hasiko direla ordaintzen gasolindegiek aurreratutako dirua. Espainiako Gobernuak martxoaren 29an egindako dekretuan, erregaia 20 zentimo litro merkatzeko laguntza ezarri zen —15 zentimo administrazio publikoak ordainduko du eta beste bost zentimoak gasolindegiek eurek—. Gasolindegiak kexu dira aurreratutako litroko hamabost zentimoek likidezia arazoak eragiten dizkietela. Saizek azpimarratu du eskaera egin eta baldintza bete dutenei bihartik aurrera hasiko direla pagatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.