Musika

Ines Osinagak irabazi du Joseba Jaka beka

Itsasoa da bide bakarra proiektua garatuko du musikariak. Hemezortzi lan aurkeztu dira sorkuntza laguntzeko deialdira, eta epaimahaiak aho batez hautatu du Osinagarena.

Ines Osinaga, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko apirilaren 5a
14:37
Entzun

Bi urtetik behin ematen du Elkar fundazioak sormena sustatzeko Joseba Jaka beka, eta musika proiektuak sortzeko deialdia izan da aurtengoa. Hemezortzi proposamen jaso dituzte guztira, eta, horien artetik, Ines Osinagak aurkeztutakoa hautatu du Joana Barbierrek, Sara Zozayak eta Jon Eskisabelek osatutako epaimahaiak. Itsasoa da bide bakarra izena darama musikariaren egitasmoak, eta urtebeteko epea izango du berau garatzeko. 10.000 euroko laguntza izango du bere sorkuntza lantzeko.

Osinagak azaldu du sormen prozesua lantzeko «izugarrizko bultzada» emango diola bekak, eta eskertuta agertu da epaimahaiak bere egitasmoa aukeratu duelako, «aitortza» garrantzitsua baita harentzat. Bere proiektuak hiru fase nagusi izango dituela aurreratu du. Lehen zatia Kuban garatu du, duela gutxi Habanan egin duen egonaldian; ikerketa proiektu bat egin du bertan, eta emakume musikari ugari ezagutzeko aukera izan du. Ondoren, bertatik ekarritako materialekin osatuz joango da orain sorkuntza prozesua, eta, hortik, «diskoaren A eta B aldeak» aterako direla gehitu du azkenik.

Osinagaren proiektua aukeratzeko arrazoiak aletu dituzte Sara Zozaya eta Jon Eskisabel epaimahaikideek. Zozayaren hitzetan, beka sormenari bideratuta egonik, sormen prozesu «bete-betean» dagoen egitasmo bat hautatzeari garrantzia eman diote, batetik. Bestalde, disko batetik harago doan proiektua dela iruditu zaie. Zozaya: «Inesen proiektuan oso argi ikusi genuen ez dela disko bat soilik, baizik eta ikerketa lan bat, Habanan lan egiteko proiektu bat, eta, beraz, Kubako kultura, tradizioak... hori guztia bilduko ditu». Osinagarena «proiektu kontzienteki feminista bat» izatea ere oso garrantzitsua iruditu zaie epaimahaikideei, eta sormen prozesurako aukeratu dituen bidelagunak emakumeak direla gogorarazi dute. Anbizio eta kalitate handiko proiektutzat jo dute Osinagarena, «etorkizun oparoa» izan dezakeena.

Eskisabelek, berriz, nabarmendu du bekara aurkeztutako hemezortzi proiektuak elkarren artean oso ezberdinak izan direla, estilo aldetik askotarikoak. «Esango nuke ia-ia ez zeudela bi proiektu antzekoak izan zitezkeenak, eta proiektu bakoitzak nortasun bat zeukala». Kantautoreak, pop, rock, elektronika zein folka lantzen duten taldeak... denetarik egon da parte hartzaileen artean. «Proiektuen nolakotasuna oso aberatsa izan da». Bestalde, parte hartu dutenen adin tarte zabalari ere egin dio erreferentzia, ibilbide luzeko musikariek nahiz hasi berriek aurkeztu baitituzte beren egitasmoak. «Bazegoen zer aukeratu, ez da erraza izan, baina aho batez bat etorri ginen hirurok, eta uste dugu aukeratu dugunak merezi zuela beka jasotzea».

Elkar fundazioko lehendakari Joxemari Sorsek azaldu du 1996an hasi zirela Joseba Jaka beka banatzen, eta 2016tik aurrera bizialdi berri bat izan duela. Orduan erabaki zen sormena sustatzeko beka izatea eta deialdi bakoitzean zehaztea zein kultur adierazpide lagunduko zen. Aurreko ekitaldietan literatura eta antzerki sormenerako izan da beka, eta musika proiektuak laguntzera bideratu dute aurtengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.