Pablo Gonzalez

Sanchezek uko egin dio Poloniari kexa bat aurkezteari

Espainiako presidenteak adierazi du Pablo Gonzalezek eskatu duela informazio gehiago ez emateko, baina hitzok gezurtatu ditu kazetariaren abokatu Gonzalo Boyek.

Gonzalezen askatasuna eskatzeko elkarretaratzea, Nabarnizen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 6a
11:05
Entzun

EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak galdetuta, Pablo Gonzalez kazetariaren egoera izan du hizpide Espainiako presidente Pedro Sanchezek. Gonzalezen egoera gertutik aztertzen ari direla azaldu du presidenteak, baina ez du aztertuko Poloniak eginiko arau hauste posibleei kexa bat jartzeko aukera. Kontrara, «elkartasuna» adierazi dio estatu hari, Ukrainatik iritsitako errefuxiatuak jasotzeagatik.

Aizpuruak gogoratu du «egoera larrian» dagoela Gonzalez, «inkomunikatuta» eta «babesgabetasun absolutuan». Halako egoera bat Europako Batasunaren barruan jazo izana salatu du EH Bilduko eledunak, argudiatuta Poloniak nazioarteko erakundearen Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 18 artikulu hautsi dituela, baita informazio askatasunerako eskubidea ere. Hala, esku hartzeko exijitu dio Sanchezi, orain arte eginiko urratsak nahikoa izan ez direla iritzita: «Eskatzen dizugu salaketa argi bat egiteko, eta kexa formal bat jartzeko Polonia egiten ari den irregulartasunen aurrean». Izan ere, koalizio subiranistaren ustez, presio diplomatiko eta politikoa ezinbestekoa da Gonzalezen eskubideak berrezartzeko eta hura lehenbailehen askatzeko: «Espainiako Gobernua ezin dela mugatu soilik laguntza kontsularra eskaintzera».

Espainiako presidentearen esanetan, Jose Manuel Albares Atzerri ministroa Gonzalezen afera jarraitzen ari da, eta harremanetan da Poloniako bere homologoarekin. Horrez gain, kazetariari laguntza kontsularra eskaini diotela azaldu du: Poloniako kontsulatuko kideen bi bisita jaso ditu kazetariak; azkena, aurreko ostiralean. Abokatu bat izateko eskubidea bermatzeko lan egin dela ere gehitu du, eta ofiziozko abokatu bat ezarri zitzaiola. Gehitu du, baina, Gonzalezek beste bi abokatu kontratatu dituela; Gonzalo Boye eta beste poloniar bat.

Presidenteak ez du kazetariaren egoeraren inguruko informazio gehiago eman, argudiatuta «argitaratu ezin daitezkeen aspektuak» daudela, Gonzalezen «errugabetasun presuntzioa jokoan dagoelako». Sanchezen esanetan, Gonzalezek berak ere hala egiteko eskatu du. Hitzok gezurtatu dituzte, baina, EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk eta Boye abokatuak. Lehenak adierazi du Espainiaren kontsulatutik igorritako informazioek aurkakoa diotela. Hau da, kazetariak aurrez ere adierazi duela ez duela «ezkutatzeko ezer». «Sanchezek susmoak elikatu nahi izan ditu, Poloniaren jarrera salatzeko konpromisoa hartu beharrean», gehitu du Iñarrituk. Bide beretik, presidentearen hitzak egia ez direla azaldu du Boyek, Twitter bidez: «Gaizki informatu dute edo gezurretan ari da».

Horiek hala, Sanchezek adierazi du Poloniako justizia izango dela aferaren gainean ebatzi beharko duena. Kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten, «atzerriko inteligentzia ekintzetan» parte hartu izanaren «susmopean»; hau da, espioitza delitu bat leporatuta. EH Bilduren beste galdera bati erantzunez, Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen fiskaltzak agindu zuela haren atxiloketa sekretupean mantentzea, eta Madrili ez zitzaiola jakinarazi martxoaren 3ra arte. Rzeszowko auzitegiak bikotekideari bidalitako gutun baten bidez jakin zen, berriz, Gonzalez maiatzaren 29ra arte espetxeratuta edukiko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.