EUSKARA

Nafarroako dekretuaren aurkako manifestazioarekin bat egin dute ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek

Merezimenduen dekretuak «herritarrak gutxiesten» dituela eta «UPNrena baino atzerakoiagoa» dela salatu dute

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuetako ordezkariak, gaur, Iruñeko Katakrak liburu dendan eginiko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 6a
12:54
Entzun

Iruñeko Katakrak aretoan egin dute agerraldia Nafarroako ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuetako ordezkari Imanol Pascualek (ELA), Imanol Karrerak (LAB), Ixabel Artiedak (LAB), Maitane Urabaienek (Steilas), Eider Larripak (Steilas) eta Xabier Barberrek (ESK), eta Nafarroako Gobernua administrazio publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko prestatzen ari den merezimenduen dekretua izan dute hizpide.

Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean antolatu duen mobilizazioarekin bat egin dute. Izan ere, sindikatuetako ordezkarien arabera, beharrezkoak dira «herritarrak ez gutxiesteko eta nafar guztien eskubideak bermatzeko politikak». Aitzitik, merezimenduen dekretu berria «kontrako
noranzkoan» doala azaldu dute.

Zerbitzu orokorretan, euskara zokoratuta

Sindikatuetako ordezkariak oso kritiko agertu dira gobernuak aurkeztu dien zirriborroarekin. Imanol Pascualek nabarmendu du euskara kontuan hartu beharko litzatekeela Nafarroa osoan, «hizkuntza propioa den heinean». «Printzipio hori errespetatzen ez duen araudi orok mespretxatu egiten ditu euskal hiztunak», gaineratu du. Horretaz gain, ELAko kideak azaldu du UPNk eta CDNk 2009. urtean onartutako dekretua bera baino are atzerakoiagoa dela arau berria: «Dekretu hark ikuspegi eskuzabalagoa zuen eremu misto delakoan». Izan ere, Pascualen arabera, PSNren gobernuak onartu nahi duen dekretuak «ezabatu egiten du zerbitzu zentralen espezifikotasuna, hau da, erkidego osoa jardun eremutzat daukaten zerbitzu orokorrak. Kenduz gero, desagertu egiten da eremu jakin batera mugatuta ez dauden zerbitzuetan euskararen ezagutza baloratzeko aukera».

LABeko ordezkari Imanol Karrerak eta Ixabel Artiedak azaldu dute ez dagoela arrazoirik herritarren hizkuntza eskubideak «irizpide geografikoen mende» egoteko: «Ez dago justifikaziorik eremu mistoan eta eremu ez-euskaldun deiturikoan hizkuntz eskubideak ezberdinak izateko edo, zuzenean, ez existitzeko». Karrerak azaldu duenez, arau berria indarrean jarrita, eremu mistoko 14 lanpostutan bakarrik baloratuko da euskara. «Horiek bakarrik izanen dute euskarari ematen zaizkion hondarrak jasotzeko zortea, nahiz eta eremu mistoan dauden Nafarroa osoari begirako lanpostu guztiak, eta lanpostu horiek funtsezkoak eta nahitaezkoak diren».

Alemana, ingelesa eta frantsesa, gainetik

LABeko ordezkarien ustez, «iraina da» Nafarroan alemana, ingelesa edo frantsesa menperatzea «euskararen gainetik baloratzea». Neurri hori «supremazismoaren erakustaldia» eta «euskaraz bizi nahi dutenei eginiko mespretxu garbia» dela gaineratu du Karrerak.

ELAk eta LABek azaldu dute dekretuaren zirriborroari egindako ekarpenak «irakurri gabe ere» bota dituela atzera Gobernuak, eta ez zuela gauza bera egin gainerako sindikatuek planteatu zituzten neurri are murriztaileagoekin. «Jarrera arras itxia erakutsi du gobernuak», esan du Karrerak: «Herritarren eskubideak bermatzeari begira inolako zuzenketarik onartu ez izanak agerian utzi du atzean zer-nolako borondaterik eza dagoen berdintasunaren aldeko politikak garatzeko».

Steilaseko ordezkari Maitane Urabaienek ere hizpide izan du Nafarroako Gobernuak «atzerriko hizkuntzekin duen obsesioa», eta fenomeno hori, bereziki, «hezkuntzaren alorrean islatzen dela» uste du: «Hezkuntza publikoko lanpostuetan, ingelesez derrigorrez jakin beharra ezarri nahi dute, eta, era berean, trabak jartzen dizkiote euskarazko hezkuntzari, ez dute sustatu nahi euskararen beraren hedapena, eta tinko ari dira PAI eredua inposatzeko eta egonkortzeko estrategian».

ELA, LAB, Steilas eta ESKren aburuz, merezimenduen dekretua «atzerapausoa» izanen da hizkuntza eskubideen garapenean. «Dekretu honek, aurrekoek bezala, Euskararen Legeak inposatzen duen zonifikazioan du oinarria. Zonifikazioa bukatzea beharrezkoa da, artifizialak diren muga batzuen ondorioz diskriminazioak sortzen baititu», azaldu du Xabier Barberrek.

Horregatik, maiatzaren 7an Iruñeko kaleetara aterako dira sindikatuok, «Nafarroako Gobernuari exijitzeko zonifikazioaren etetea eta nafar guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen dekretu bat». Manifestazioa Antoniutti parketik abiatuko da, 17:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.