Jokoak

Beste erditze bat euskarazko jokoetan: Wikitribia jaio da

Wikitrivia jokoa euskaratu dute Talaios Kooperatibako kideek. Sarean aritu daiteke, aplikaziorik deskargatu beharrik gabe. Historia da jokoaren oinarri: denbora lerro bat, hainbat gertakizun, hiru bihotz.

Wikitribia jokoaren partida bateko irudia, erabiltzaileak dagoeneko huts bat egin duelarik. Gorrian agertzen da afixa, huts egiterakoan. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko apirilaren 6a
15:20
Entzun

Inork dudarik baldin bazuen, orain bada argiki erantzuterik: euskarazko jokoak goia jo gabeak ziren artean. Bestela esanda: bolada ez da bukatu, eta gehiago dira egunetik egunera. Zein baino zein arrakastatsuago. Berriki, beste bat atera da argitara: Wikitribia. Talaios Kooperatibako kideek euskaratu dute.

Gauzak noiz gertatu diren, zeren aurretik eta zeren ondoren: horra jokoaren funtsa, eta, beraz, erabiltzaileak asmatu beharrekoa. Korapilo handirik gabeko jokoa da Wikitribia, aski soila, eta, hain zuzen, horrek ekarri du haren arrakasta euskara ez beste hizkuntza batzuetan zabaldu denetan. Esaterako: Nor jaio zen lehenago, Frida Kahlo ala Rosario Artola euskal idazlea? Noiz ireki zuten Tafallako tren geltokia? Erabiltzaileak denboraren lerroan kokatu beharko ditu jokoak proposaturiko gertakariak. Lerro horizontalera arrastaka eraman, ordenatu, eta, hara: asmatzen den bakoitzeko, puntu bat zakura. Geroz eta gehiago pilatu, orduan eta hobe.

Saiakerak ez dira mugagabeak, ordea. Hau da, ez da posible nahi adina hutsegite metatzea. Partidan aurrera egin ahala, pantailaren goiko aldean kokaturik diren bihotzek adieraziko dute zenbat aldiz egin daitekeen huts. Hiru bihotz izanen dira partida hasten den aldiro; beraz, hirutan egin daiteke huts gehienez ere. Aukera horiek xahutu ondotik, jokoak erregistratu eginen du ordura arteko marka.

Talaios Kooperatibak ekarri du euskarara jokoa. Jatorrizkoaren antzera, Wikipedia lagun. Hain zuzen ere, entziklopedia kooperatiboan bilduriko dokumentazioak parez pare ireki ditu jokatu eta lehiatu bitartean ikasteko aukerak. Izan ere, afixa bakoitzaren gainean esteka bat paratu dute jokoaren sortzaileek. Gertakari edo pertsonaia bakoitzari buruz Euskarazko Wikipediak argitaraturiko orrialdera zaramatza loturak.

Jokoen bolada, geldiezin

Egunean Behin izan zen aitzindari, eta, atzetik, errenkadan etorri dira beste hainbat joko, WorldlEH eta Berbaxerka, kasurako. Ukaezina dirudi: euskarazko jokoak arrakasta betean dira. Euskal Herrian milaka lagun dira batera edo bestera kateaturik, lehian.

Ikusi gehiago:Euskarazko jokoen arrakasta, adibidetan

Bada, Wikitribiarena ez ezik, beste nobedade bat ere izan da berriki jokoen munduan: Berbaxerka eta BERRIA elkarlanean hasi dira, eta 'Berria.eus'-en sartuta aritu daiteke jokoan orain. Marc Font informatikariak eta Gorka Salces irakasleek euskaraturiko jokoa BERRIAren webgunean azaltzen da astelehenetik. Klikatu hemen. Zenbat hitz asmatuko dituzu gaur?

Ikusi gehiago: Berbaxerka eta BERRIA elkarlanean hasi dira, jokoa 'Berria.eus'-en jarrita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.