Jokoak

WorldlEH, euskarazko joko arrakastatsuen olatura batu den azkena

Agerian gelditu da azkenaldian euskarazko jokoek duten arrakasta. Egunean Behin, Berbaxerka, Wordle eta WorldlEH dira horren adibide. Sareetan bolo-bolo dabiltza, eta erabiltzaileak pozarren daude euskaraz jolasteko parada dutelako.

WordlEH jokoaren irudi bat. BERRIA
Nagore Arin.
2022ko otsailaren 15a
12:22
Entzun

Euskarazko jokoek goia jo dute? Pentsa dezake inork. Egunean Behin, Berbaxerka, Wordle... Eta, orain, WorldlEH. Egunean Behin izan ezik, azken hilabeteotan goia jo duten eta euskaldun asko eta asko kateatuak dituzten jokoak dira besteak. Berriak, eta euskarazkoak; euskaraz jolasteko eta hizkuntzarekin jolastuz pentsatzeko sortuak.

Berbaxerka izan zen Egunean Behin aplikazio arrakastatsuak sortutako olatura batzen lehena. Urtarrilaren 6an agertu zen, Errege Magoek ekarri balute bezala. Kataluniako Paraulogic jokoaren euskarazko bertsio bat da, eta sortu eta gutxira zale ugari lortu zituen tarte laburrean. Erabiltzaileek, liluratuta, sareetan elkarbanatu zuten jokoak sorrarazten ziena, eta gisa honetako mezuak irakurri ahal izan ziren: «Engantxatu naiz droga berri honetara», «kontuz, adikzioa sortzen du», eta «menpekotasuna sor dezake, ez erabili lanean».

Honela funtzionatzen du: egunero zazpi letra ematen ditu abaraska moduko batean, erdiko letra nabarmenduta. Hura derrigorrez erabili behar da, eta, beste letren laguntzaz, ahalik eta euskarazko hitz gehien osatu behar dira. Euskaltzaindiaren hiztegian agertzen direnak baino ez dira onartzen, gutxienez hiru karakterekoak. Hitz guztiek ez dute berdin puntuatzen: hiru letra dituzten hitzekin puntu bat lortzen du jokalariak, eta lau letra dituztenekin, bi puntu. Zenbat eta hizki gehiago izan kontzeptuak, orduan eta puntu gehiago lortuko ditu erabiltzaileak.

→ Ikusi gehiago: Berbaxerka, bat-bateko arrakasta

Berbaxerkaren ondotik iritsi zen Wordle. Sareetan hasi zen bolo-bolo, eta komunikabideetara ere heldu zen haren oihartzuna. Titulu askorekin laburbildu zuten haren funtsa, baina guztiek nabarmendu zuten gauza bera: sortu berritan izan zuen arrakasta globala. «2022ko lehen joko birala», «milaka erabiltzaile harrapatuak dituen joko birala» eta «modan dagoen denbora-pasa»: horiek irakur zitezkeen lerroburuetan, besteak beste.

Gurutzegrama baten antza du jokoak, eta helburu jakin bat du: hitz bat asmatu behar da sei saialditan, eta horretarako hainbat pista ematen ditu. Lehen hitza jartzean, asmatu beharrekoak hitz horretako zein hizki dituen zehazten du, hizki hori kolore batez nabarmenduta. Letra horiz nabarmentzen badu, esan nahi du hizki hori baduela, baina ez dagoela behar den tokian jarrita. Hizki hori berdez nabarmentzen badu, berriz, esan nahi du hizki hori toki egokian jarrita dagoela. Beste hainbat hizki grisez nabarmenduko ditu, erabiltzaileari adierazteko asmatu behar den hitzak ez dituela hizki horiek.

→ Ikusi gehiago: Milaka erabiltzaile kateatuak dituen Wordle joko ezaguna euskaratu dute

Hasieran ingelesezko hitzekin soilik jolastu ahal zen, baina, denbora gutxian izan zuen harrera ikusita, beste hainbat hizkuntzatan jolasteko moldatu zuten. Euskal Herrian ere izan zen jokoaren arrakastaren berri izan zuenik, eta euskaraz jolasteko aukera eskaini nahi izan zien zaleei. Talaios kooperatibako kideek euskaratu zuten, eta erabiltzaileek pozez jaso zuten jokoan euskaraz aritzeko aukera. Hain justu ere, Talaios kooperatibako kideek sortu dute joko horretatik abiatuta eginiko WorldlEH aldaera ere. Wordle jokoarekin egin bezala, jatorrizko bertsioa euskaratu dute, eta erabiltzaileei joko horretan ere euskaraz jolasteko aukera eskaini.

Kasu honetan, Euskal Herriko herriak eta hiriak dira protagonista. Erraza da: pantailaren erdian Euskal Herriko herri edo hiriren baten mapa agertzen da, muga egiten duen beste herri eta hirien erlieberik gabe. Zer egin behar da? Mapa hori zein herri edo hiriri dagokion asmatu, eta horretarako zazpi saiakera ematen ditu. Lehen aukera jartzean, gainerako saiakeretan emaitza gehiago findu ahal izateko hiru pista ematen ditu: asmatu behar den herri edo hiri hori erabiltzaileak jarri duenetik zenbat kilometrora dagoen, zein norabidetan duen distantzia hori, eta ehunekotan zenbat gerturatu den.

Gainerako jokoekin gertatu bezala, WorldlEH aldaera berriak ere erreakzio soka ekarri du sareetan. Pozik mintzatu dira erabiltzaileak, eta lortu duten emaitza gainerako erabiltzaile eta zaleei erakusten ari dira. Honela mintzatu da, adibidez, Kike Amonarriz: «Hasiera bikaina! Kasualitatez duela gutxi egon nintzen mapa horri begira eta arreta eman zidaten hiru enklabe txiki horiek. Milesker, Talaios». Galder Gonzalez erabiltzaileak, berriz, Wordle jatorrizko jokoarekin alderatu du, eta aldaera hau «frikiagoa» dela adierazi: «WorldlEH askoz frikiagoa da. Baina lehenengoan asmatu dut».

Egunean Behin, aitzindari

Hiru jokoek izan dute arrakasta, eta harrera bero horri Egunean Behin euskarazko joko eta aplikazioak sortutako arrakasta gehitu behar zaio; izan ere, haiek izan ziren aitzindari, duela hiru urte inguru, euskarazko jokoen eta aplikazioen munduan. Codesyntax enpresako kideek garatu zuten, 2019. urtean, eta, bi astean, 2.000 lagun baino gehiago kateatu zituen. Jokoaren tituluak esaten duen bezala, erabiltzaileek egunean partida bakarra joka dezakete, eta tribial moduko hamar galderari erantzun, euskaraz eta Euskal Herriari buruz. Egun, bederatzigarren denboraldiaz gozatzen ari dira erabiltzaileak: urtarrilaren 31n hasi zen, eta apirilaren 10ean amaituko da.

→ Ikusi gehiago: Tribial jokoa, dosi txikitan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.