Albistea entzun

Kulturgintza

Maiatzaren 12tik 15era itzuliko da Sormene Galdakaora

Arreta euskal kulturgintzaren transmisioan jartzen segitu nahi du egitasmoak. Liburu aurkezpenak, ikasleekin tailerrak eta askotariko ikuskizunak izango dira.

Sormeneren udaberriko programazioaren aurkezpen ekitaldian parte hartu duten ordezkariak, gaur, Galdakaoko Elexalde BHI institutuan.
Sormeneren udaberriko programazioaren aurkezpen ekitaldian parte hartu duten ordezkariak, gaur, Galdakaoko Elexalde BHI institutuan. Sormene Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2022ko apirilak 6

«Bagaude denok?», galdetu die Edurne Azkarate Formol Laborategiko kideak ikasleei. Baina bueltan ez du erantzunik jaso. Sekulako zalaparta dago Galdakaoko Elexalde BHI institutuko (Bizkaia) areto nagusian, eta bertara joan diren nerabeak aztoratuta daude, ohartu berri direlako tailerra izango dutela, eskola beharrean. «Zerbait esan dizuete? Zer egingo dugun edo?», saiatu da berriro Azkarate. Eta oraingoan bai, lortu du ikasleen arreta bereganatzea. Intza Alkain Formoleko kidea ere berehala igo da oholtza gainera, eta, aurkezpenak egin ondoren, playlist bat osatzea izan da egin beharreko lehenengo jarduera. «Proposatu gustatzen zaizkizuen abestiak, zuen belaunaldia definitzen dutenak», eskatu die Alkainek. Talde txikitan jarrita, zeta belaunaldia izan dute mintzagai tailerrean, eta, ordu eta erdiz, euren belaunaldiaren inguruan hausnartzeko aukera izan dute nerabeek. Ikasleentzako tailerrak dira, hain zuzen ere, Sormene Galdakaoko Sorkuntza Plazak joan den azaroan martxan jarritako proposamenetako bat. Transmisioa sustatzea dute ardatz, eta, hori bultzatzen jarraitzeko, udaberriko ekitaldien berri eman dute gaur.

Formol Laborategiko kideek joan den azaroan ezagutu zituzten Galdakaoko Elexalde BHI institutuko lehenengo Batxilergoko ikasleak. Album euren lehenengo antzezlana aurkeztu berritan izan zen. Millennial izendatutako beren belaunaldia hartu zuten Formoleko kideek antzezlanerako gai gisa, eta, ikasleekin egindako tailerren bitartez, zeta belaunaldiaren berri izatea da orain asmoa. «Album sortzerakoan, ikusten genuen bazegoela guri buruzko kanpo irakurketa bat, eta aukera bat sortu nahi genuen horren aurrean guk hitz egiteko geure buruari buruz; orain, prozesu bera errepikatu dugu, eta, tailerren bitartez, gazte horien interesen berri izan nahi dugu», azaldu du Azkaratek.

Egindako tailerren emaitza maiatzean aurkeztu beharko dute, eta, Alkainen hitzetan, pozik daude egindako bidearekin: «Tailer formatuan egin dugu prozesu osoa, eta lortutako materiala azken emaitzari forma emateko baliatuko dugu». Ikasleak ere «gustura» ari dira tailerretan parte hartzen, eta Ugaitz Fernandez lehenengo mailako ikasleak kontatu du prozesu aberasgarria izaten ari dela: «Prestakuntza lan bat egin behar izan dugu aurretik, eta, gaiaren inguruan hausnartu ondoren, hainbat konturen inguruan eztabaidatu dugu gaurko saioan».

Ikastetxeetan egindako lanketan jarri du Sormenek arreta oraingo honetan. Hala ere, Gotzon Barandiaran idazle, kultur eragile eta Sormene jaialdiko zuzendari artistikoaren hitzetan, kulturaren ekosistema osoa hartu nahi dute kontuan: «Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea ez da hezkuntza arautuaren ardura soilik: ekosistema osatzen dugun eragile eta herritar guztiona da ardura». Bide horretan, Rakel Iruarrizaga Elexalde BHI institutuko irakasleak «eragileen arteko hartu emana eta elkarlana» nabarmendu du.

Beste behin, transmisioa izango da ardatz nagusia, eta, aurrerantzean ere, hori sustatzen segitzea izango dute helburu. «Transmisioarena da egun kezka larriena eragiten diguna: hezkuntza arautuan, hezkuntza ez-arautuan eta etxeko giroan eman da etena euskarazko kulturgintzaren transmisioan», adierazi du Barandiraranek. Eta, haren iritziz, hiru kanal horiei beste bat gehitu zaie azken urteotan: «Ingurune digitalean ere eman da etena, eta kosta egiten zaigu transmisio lana egitea».

Udaberrirako eskaintza

Ikasleentzako tailerrak programaren hegaletako bat badira ere, emanaldi programa irekia egingo dute maiatzaren 12tik 15era, Galdakako Kurtzeko plazan. Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu duenez, kulturazaletasuna bultzatzea izango da ekitaldi horien asmo nagusia: «Espero dugu ereindako hazi honek etorkizunean ere ondorioak izatea».

Oraindik ere programazioa lantzen ari direla kontatu du Espillak, baina bertan izango diren ekitaldi batzuen berri eman du. Besteak beste, Metrokoadroka konpainiak Bidaide antzezlana eskainiko du maiatzaren 12an; eta, Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvadorrek Mauriziak ez dau inor hil ikuskizuna emango dute, maiatzaren 13an. Horiez gainera, kultur sorkuntzen azoka ere egingo dute.

Bestalde, Durangoko Azokako Ahotsenea sortzaileen gunearekin elkarlanean, euskarazko liburu eta diskoen aurkezpenak egingo dituzte maiatzaren 13an eta 14an. Alde horretatik, euskara hutsezko lanak aurkeztera animatzeko deia egin die Espillak sortzaileei. Gero, hainbat irizpideren arabera egingo dute hautaketa, eta, besteak beste, lehen obrak ekartzeari erreparatuko diote, egile berriei lekua emateko asmoz. Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera, Ahotsenearen webgunean.

Maiatzeko data horietatik kanpo, ekitaldi gehiago egiteko asmoa dutela aurreratu du Espillak, baina pixkanaka emango dute horien berri: «Sormene gure egiteko modu bilakatu behar dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Ni osatzen eta minberatzen nautenak kantatu nahi ditut»

Miren Mujika Telleria

Arzallusek, gutxien espero den lekuan arrastoa utz daitekeela jakitun, mikrofonora hurreratuko den aldiro pentsatu nahi du ariketa horretan dagoela egun horretan gerta daitekeen ederrena.
Bi ume Durangoko Azokan, bi helduren bizkarrera igota. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Transmisioa: nor-nori-nork

Iñigo Astiz

Egitarautik beretik hasita, bi urteko osasun larrialdiak kultur transmisioan izan duen eraginari buruzko kezka igar daiteke Durangoko Azokan. Gaiari buruzko iritziak bildu ditu BERRIAk Landako gunean
Jordi Panyella Pollen argitaletxeko editorea, atzo, Durangoko museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Editorial katalan bat azokan

Andoni Imaz

Aurten, lehen aldiz, Euskal Herritik kanpoko argitaletxe batek ere parte hartu du Durangoko Azokan: Polálen-ek. Euskaratik katalanera itzulitako lanak ekarri dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.