Gerra Ukrainan

NBEk Errusia Giza Eskubideen Batzordetik kanporatu du

Batzar Nagusiak onartu egin du AEBek egindako eskaera: 93 ordezkarik alde bozkatu dute; 24k, aurka; eta 58k abstentzioaren alde egin dute. NATOk laguntza militar gehiago emango dio Ukrainari.

Borodianka hiriko eraikin bat erabat suntsituta, Kievetik gertu. OLEG PETRASYUK / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 7a
13:21
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak kolpe gogor bat eman dio Errusiari; izan ere, Giza Eskubideen Batzordetik kanporatu baitu gaur egindako bozketan. AEB Ameriketako Estatu Batuek babestutako ekinbide bat izan da, Kremlineko tropek Ukrainan egindako «giza eskubideen urraketa sistematikoengatik», eta Batzar Nagusiak onartu egin du Washingtonen eskaera: aldeko 93 boto jaso ditu; 24 ordezkari aurka azaldu dira; eta 58k abstentzioaren alde bozkatu dute.

Bozketa egin aurretik, Errusiak NBEn duen lehen ordezkariaren alboko Dmitri Polianskik ohartarazi du Mosku kaleratzeak «ondorio suntsitzaileak» eragin ditzakeela. Haren esanetan, Errusia zigortzeko aitzakian Mendebaldeak NBEren erakundeak «ahuldu» nahi ditu, eta «zinismo hutsa» dela iruditu zaio. Halaber, Polianskik gogorarazi du AEBak 2018an Giza Eskubideen Batzordetik erretiratu zirela eta hiru urte geroago itzuli zirela. «Batzordea guztiz bazterrean utzi zuten. AEBak ez daude Giza Eskubideen Batzordearen alde engaiatuta», nabarmendu du.

NBEren Giza Eskubideen Batzordea 2006an eratu zuten, Genevan, eta ordutik herrialde bat kanporatu zuten: Muammar Gaddafiren Libia, 2011ko protesten errepresioari erantzuteko, baina hilabete batzuk geroago berriro onartu zuten batzordean.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, berriz, gogor jo du Errusiaren aurka, eta «hildakoak kaleetatik eta sotoetatik ateratzea» leporatu dio, haren armadak Ukrainan egiten ari diren «gerra krimenen» ebidentziak ezkutatzeko, Butxa herrian (Kiev eskualdea) gertatutako «sarraskien» ondotik. Nazioarteari ere zuzeneko mezua bidali dio: «Edo bakea lortzearen alde laguntzen duzu, edo justifikatu gabeko sarraskiak babesten dituzu». Errusiako herritarrei ere «Moskuko errepresio makineriari» aurre egiteko eskatu die.

Errusiaren erasoak areagotu direla eta, Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak zera eskatu du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdeetako Atzerri ministroen bilerara sartu aurretik: Ukrainara arma gehiago bidaltzeko. «Arma astunak behar ditugu: misilak, hegazkinak, ibilgailu blindatuak, defentsa sistema indartsua... Butxa herrian [Kiev eskualdea] jazo den moduko sarraski gehiago ez gertatzeko», zehaztu du. Bada, Kieven eskaerari erantzunez, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek iragarri du laguntza militar gehiago emango diola Ukrainari, batzarraren ondoren egindako agerraldian. Hori bai, ez ditu xehetasun handirik eman nahi izan. «Baina lasai egon. Aliantza militarrak era guztietako armak bidaliko dizkio». Ukrainari ez ezik, NATOko kide ez diren Georgiari eta Bosnia eta Herzegovinari ere laguntza militarra indartuko diela adierazi du Stoltenbergek.

NATOko idazkari nagusiak aurreratu du aliantza militarreko kideek Madrilen egingo duten hurrengo goi bileran Errusiaren mehatxua ez ezik, Txinaren jarrera ere izango dutela hizpide, «Pekinek Moskurekin bat egin baitu». Horrez gain, Stoltenbergek berretsi du Ukrainako gerra «fase berri batean» sartu dela: «Errealistak izan behar dugu: gerrak hilabete edo urteak iraun dezake»,

Kremlineko eledun Dmitri Peskoven esanetan, ordea, Mendebaldeak Ukrainari armak bidaltzeak bake negoziazioei «kalte» egiten die. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek, berriz, Kievi leporatu dio Istanbulgo negoziazioetako akordioetatik aldentzea. «Kieveko erregimena AEBek eta bere aliatuek kontrolatzen dute, eta Zelenski estutzen ari dira, liskarretan jarrai dezan». Ukrainako negoziatzaile Mikhail Podoliakek, berriz, «propaganda hutsatzat» jo ditu Lavroven adierazpenak.

Badirudi Ukrainako gerraren sarraskiek ez dutela amaierarik. The New York Times egunkariak joan den astelehenean Errusiako Telegram kanal batean argitaratutako bideo baten irudien berri eman du. Bideo horretan, Ukrainako armadako kideak ageri dira, Kieven harrapatutako soldadu errusiarrak exekutatzen. Bideoa martxoaren 30ean grabatu zuten, Errusiako tropak erretiratzen hasi ziren egunean, Dmitrivkan, Butxa hiritik 11 kilometrora.

Irudi batzuk oso bortitzak dira; bat, bereziki, soldadu ukrainar batek bi aldiz tiro egiten baitio lurrean zauritutako soldadu errusiar bati, burua trapu batez estalia duela. «Oraindik bizirik dago. Grabatu. Begira, oraindik bizirik dago. Arnasestuka ari da», dio soldaduak berriro tiro egin aurretik.

Borrokak Ukraina ekialdean

Gerra frontean, Errusia Donbass eskualdearen kontrol osoa hartzeko erasoaldi militarra prestatzen ari da oraindik ere. Mariupolen (Donetsk probintzia), esaterako, Errusiako tropek hirian beste oldarraldi bat egin dutela jakinarazi dute goizaldean Kieveko agintariek. Adierazpen horiek egin aurretik, Eduard Basurin Donetskeko Herri Errepublikako errusiazaleen bozeramaileak esan du Mariupoleko erdiguneko borroka nagusiak amaitu direla, eta, «pixkanaka», Ukrainako tropak Azovstaleko industrialdera kanporatzen ari direla. Bestalde, gaur zortzi urte bete dira Donetskeko Herri Errepublikak independentzia aldarrikatu zuenetik. Mariupolen ez ezik, Slobozhanskin (Zaporizhzhia hegoaldea), Donetsken eta Tavrian (Azoveko itsasotik gertu) ere eraso gogorrak izaten ari dira bi bandoen artean.

OME Osasunaren Mundu Erakundeko Europako buruak ostegun honetan esan duenez, erakundea prestatzen ari da Ukrainan eraso kimiko posibleei aurre egiteko. «Egungo egoeraren ziurgabetasunak direla eta, ez dago bermerik gerrak okerrera egingo ez duenik», ohartarazi du Hans Kluge OMEren Europarako eskualdeko zuzendariak, Lvivetik (Ukraina ekialdea) kazetariei bidalitako ohar batean. «OME agertoki guztiak aztertzen ari da, eta Ukrainako herriari eragin diezaioketen hainbat egoeratarako kontingentziak egiten ari da, biktima masiboen etengabeko tratamendutik hasi eta eraso kimikoetaraino», azaldu du Klugek.

EBko 27 estatuetako enbaxadoreek gaur erabakiko dute Europako Batzordeak mahai gainean Errusiaren aurka proposatu dien bosgarren zigor sorta onartu ala ez. Aldaketa batzuk egingo dituzte, baina, okerrik ezean, Errusiako ikatzari enbargoa jartzea adostuko dute. Aitzitik, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek atzo Europako Parlamentuan gogorarazi zuen «lehen neurria baino ez» dela, eta zehaztu zuen litekeena dela Errusiaren aurkako «zigor gehiago» heltzea, petrolioa eta gasa jomugan jarrita.

Von der Leyen eta EBko diplomaziaburu Josep Borrell Zelenskirekin batzartuko dira bihar, Kieven. Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea joan den astean batzartu zen Ukrainako presidentearekin.

1.563 zibil hil dituzte

Bien bitartean, ebakuazio planek aurrera segitzen dute. Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek iragarri du hamar korridore humanitario irekiko dituztela. Mariupol hirian —Errusiak setiatua du—, ibilgailu pribatuentzako korridore bat zabalduko dute; Zaporizhzhian, lau korridore autobus eta autoentzat; eta Luhansk eskualdean, berriz, bost bide.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera, 1.563 zibil hil dituzte Errusiaren erasoaldia hasi zenetik. Bestalde, jada 4,3 milioitik gora errefuxiatuk ihes egin dute Ukrainatik, NBEren arabera.

Finlandiak NATOra batzeko jarrera erakutsi du

Errusiaren Ukrainako inbasioak Europako herrialde batzuen asmoa aldatu eta azkartu du segurtasunaren alorrean, eta horien artean dago Finlandia. Helsinki ez dago NATOn, baina gertuko aliatua da 1990eko hamarkada erdialdetik, Suediarekin batera. Bada, orain, Finlandiako agintari nagusiek aliantza militarrera batzearen aldeko jarrera azaldu dute, herrialdeko iritzi publikoak bultzatuta.

Errusiaren erreakzioa, baina, berehala heldu da, eta Vladimir Dzhabarov Errusiako goi ganberako ordezkari eta Biltzar Legegileko Federazioko Kontseiluko kideak ohartarazi du Finlandiak NATOra batzeko egiten duen edozein mugimendu «akats estrategikoa» izango litzatekeela, eta Moskuk Helsinkirekin duen harremana «etengo» lukeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.