Katalunia

Forcadellek Estrasburgora eraman du bere auzia, «aurrekaririk gabekoa»

Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatu du Espainiak zenbait eskubide urratu dizkiola prozesu independentista sustatzeagatik ezarri zion 11 urte eta erdiko kartzela zigorrarekin. Iñigo Iruin izango da haren defentsa abokatuetako bat.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Iñigo Iruin haren defentsa abokatua, gaur, Bartzelonan egin duten prentsaurrekoan. ANDREU DALMAU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 7a
13:45
Entzun

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiak Estrasburgon salatu du Espainiako Estatua, Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu independentistaren harira epaitu zuenean haren oinarrizko eskubideak urratu zituela iritzita. Gorenak 11 urte eta erdiko espetxe zigorrera eta epe bereko inhabilitaziora kondenatu zuen sedizioagatik. «Espero dut han aurkitzea Espainiako Estatuan aurkitu ez dudan justizia», adierazi du gaur eguerdian Bartzelonan egin duen prentsaurrekoan.

Forcadellek bezala, aurretik Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente izandakoak, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohiak, eta Jordi Turull eta Josep Rull Generalitateko kontseilari ohiek. Forcadellen kasuak, baina, baditu zenbait berezitasun besteen aldean. Iñigo Iruin defentsa abokatuak nabarmendu du Europan ez dagoela aurrekaririk, «eztabaida bat baimentzeagatik zigortua» izan den parlamentu presidente baten beste kasurik.

Aurrekari falta aukera eta arriskua izan daiteke aldi berean. Batetik, epaiak jurisprudentzia ezarriko duenez, kasua arreta handiz aztertuko dutela uste du defentsak, eta iruditzen zaio litekeena dela azken erabakia Estrasburgoko Areto Nagusiak hartzea. Beste alde batetik, baina, Forcadellek ezin izango du bere defentsa oinarritu beste kasu batzuetan erabili diren irizpideetan, eta soilik printzipio juridiko orokorrak baliatu ahalko ditu.

Parlamentuko presidente ohiak joan den astean aurkeztu zuen salaketa Estrasburgon, Espainiako justizian egin zezakeen ibilbide juridiko osoa agortu ostean. Forcadellek Gorenaren epaiaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta hark baztertu egin zuen, iazko urriaren 28an, argudiatuta parlamentarien bortxaezintasunak ez zituela babesten Forcadelli leporatzen zitzaizkionak.

Erabakia ez zen ahobatezkoa izan. Boto partikularra eman zuten bi magistratuk. Haien esanetan, Gorenak Forcadelli ezarri zion zigorra «gehiegizkoa» izan zen, eta epaiak urratu egin zuen parlamentuko buru ohiaren ordezkaritza politikorako eskubidea. Biek nabarmendu zuten Forcadell ez zela independentzia erreferenduma antolatu zuen Kataluniako Gobernuaren parte, eta hari leporatzen zaizkion ekintzak ez direla nahikoa larriak sedizioagatik zigortzeko. Aldiz, berresten du parlamentarien bortxaezintasunak ez duela babesten Forcadellek zenbait eztabaidari bide eman izana.

Iritzi horren kontra, Parlamentarien bortxaezintasuna da Forcadellen defentsak Estrasburgon aurkeztu duen salaketaren ardatzetako bat. Parlamentuko presidente ohia eztabaida jakin batzuk baimentzeagatik zigortzean, Espainiak haren ordezkaritza politikorako eskubidea eta adierazpen askatasuna urratu dituela adierazi du defentsak Estrasburgoren aurrean, Giza Eskubideen Europako Ituna oinarri hartuta. Europako auzitegiak bere jurisprudentzian jasoa du parlamentuko jardunaren parte diren diskurtsoek babes handia dutela, eta parlamentua funtsezko foro bat dela sistema demokratikoak egoki funtziona dezan.

Gainera, Forcadellen abokatuek adierazi dute, parlamentariek bezala, parlamentuak berak ere baduela bortxaezintasun babesa. Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak, baina, ez dute Kataluniako Parlamentuaren bortxaezintasuna aipatu ere egin beren erabakietan.

Horrez gain, defentsak Espainiako Estatuari leporatuko dio biltzeko eta elkartzeko eskubidea urratu dizkiola Forcadelli, haren kontrako epaia helburu politiko bat lortzeko xedez eman duela, Pablo Llarena instrukzio epaileak eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez dutela inpartzialtasun printzipioa bete eta Espainiako Auzitegi Gorena ez zela Kataluniako Parlamentuko presidentea epaitzeko organo konpetentea.

«Nire eskubideen urraketa argi eta larriak dira. Gure proiektua zilegizkoa, demokratikoa eta baketsua da», ziurtatu du Forcadellek. Gaineratu du Kataluniaren autodeterminazio eskubidea herrialdeko gizartearen gehiengo batek babesten duela.

Berariazko lege aldaketa

Forcadellen kontrako akusazioaren oinarrian dagoena da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2017ko udan eta udazkenean egin zion errekerimendu sorta. Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuko presidente zenari agindu zion, hain zuzen, prozesu independentista garatzeko helburua zuten proposamenen eztabaida eragozteko parlamentuan. Besteak beste, erreferendum legearena eta iragankortasun juridikorako legearena. Forcadellek bide eman zien eztabaida parlamentario horiei, eta Konstituzionalak parlamentuko buruaren kontrako kereila jartzeko agindu zion Fiskaltzari.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez zuen bere ebazpenak betearazteko eskumenik, harik eta, 2015ean, Espainiako Gorteek auzitegiaren funtzionamendua arautzen duen lege organikoa moldatu zuten arte. Aldaketa hori Kataluniako prozesu independentistari begirako berariazko aldaketa izan zela salatu izan dute independentistek.

Lege erreforma Kataluniako prozesu politikoa geldiarazteko egina izan ala ez, defentsak ziurtatu du Konstituzionalak ez duela zilegitasunik Forcadellen kontrako kereila bat bultzatzeko, ezta 2015eko moldaketa horrekin ere; legeak ez duelako espresuki jasotzen auzitegiak botere betearazlea hautetsien aurka erabili dezakeenik. Defentsak azaldu du, Estrasburgoko jurisprudentziaren arabera, oinarrizko eskubide bat mugatzen denean, legeak propio jaso behar duela murrizketa hori. Are gehiago, gogorarazi du Espainiak Auzitegi Konstituzionalaren legea moldatu zuenean Veneziako Batzordeari eskatu ziola aldaketari buruzko iritzia, eta hark erantzun zion legeak zehaztu egin beharko lukeela Konstituzionalak noren aurka erabili dezakeen eskumen betearazlea, eta kezkagarria litzatekeela botere hori hautetsien aurka erabiltzea, horrek botere banaketaren printzipioa urratuko lukeelako. Forcadellen defentsak ohartarazi du horixe dela, hain justu, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuko presidentea zenaren kontra egin duena.

Antzekoena, 'Atutxa auzia'

Forcadellen kasuarekin parekatu daitekeen kasu «bakarra», defentsaren iritziz, Atutxa auziarena da: Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Legebiltzarreko presidente Juan Maria Atutxa, eta mahaiko kide Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao zigortu zituen 2008an, Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa desegiteko agindu judizialari uko egiteagatik.

Atutxak, Knorrek eta Bilbaok Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten, eta hark arrazoia eman zien. Espainiako Estatua zigortu zuen 2017an, baina ez zen auziaren muinera sartu. Akats formal batengatik kondenatu zuen epaia. Auzitegiaren esanetan, prozesu judizialak hiru parlamentari ohien eskubideak urratu zituen, Gorenak azken erabakia hartu zuelako kaltetuen testigantza entzun gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.