Artea

Oteiza eta Txillida: aurrez aurre eta elkarrekin

‘Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida. Dialogoa, 50eko eta 60ko urteetan’ erakusketa hartu du Donostiako San Telmo museoak. Bi artistei batera eskaini dieten lehena da, eta ehundik gora obra biltzen ditu.

Jorge Oteizaren eta Eduardo Txillidaren zenbait pieza, Donostiako San Telmo museoan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko apirilaren 8a
14:25
Entzun

Bi argazki elkarren ondoan. Jorge Oteiza ageri da batean, bere tailerrean, esperimentazio prozesuan ondutako pieza txiki bat eskuetan duela, hari begira, gogoeta egiten. Eduardo Txillida agertzen du besteak, bere lantokian hura ere, pieza bati kolpeka, ekinean, prozesuaren amaiera zein izango den artean jakin gabe. Pentsakor bata; akzioari emana bestea. XX. mendeko euskal artista esanguratsuenetako bi, haien izaera eta lan egiteko modu desberdinen adibide diren irudietan. Eta hirugarren argazki bat parean, bi eskultoreak elkarrekin solasean erakusten dituena. Bi sortzaileen arteko desberdintasunak nahiz bat egiteak biltzen ditu Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida. Dialogoa, 50eko eta 60ko urteetan erakusketak. Bi artisten lanei batera eskaini dieten lehena da, eta, denera, bien ehundik gora obra biltzen ditu. Donostiako San Telmo museoan urriaren 2ra bitarte izango dira denak ikusgai.

Duela hogei urte hil zirenetik, bi artisten obrak elkarrekin aurkezten dituen lehen erakusketa handia da. Horregatik, «artearen historian mugarri bat» dela adierazi dute sustatzaileek. Donostiako San Telmo museoak antolatu du, Bancaja fundazioarekin lankidetzan; hain zuzen, erakunde horren Valentziako egoitzan (Herrialde Katalanak) iaz ikusgai izan ostean heldu da Donostiara. Bi artisten erakunde legatudunen lankidetza ere jaso du, Oteiza Museoarena (Altzuza, Nafarroa) eta Txillida Lekurena (Hernani, Gipuzkoa). Eta beste zenbait erakunde publiko zein pribatuk utzi dizkiete piezak antolatzaileei. Javier Gonzalez de Duranak komisariatua, 121 artelan biltzen ditu, eskulturak gehien-gehienak, baina baita marrazkiak, zirriborroak, grabatuak eta bestelako lanak ere. Halaber, bien erakusketetako katalogoak, gutunak, argazkiak eta beste hainbat dokumentu bildu dituzte espazioetako batean.

Komisarioak adierazi duenez, bi artisten ibilbide osoa kontuan hartu beharrean, garai jakin batera mugatu nahi izan dute bilduma, eta, hala, 50eko eta 60ko hamarkadetako obrak aukeratu dituzte. Modu kronologikoan osatu dute ibilbidea, eta 1948an abiatzen da, bi artistentzat bidaia urtea izan zena. Hain zuzen, orduan itzuli zen Oteiza Latinoamerikatik, han hamahiru urte igaro ostean, eta urte berean abiatu zen Txillida Parisera, eskultorea izan nahi zuela erabakita. Eta amaiera, berriz, 1969an eman diote, Oteizak Arantzazuko basilikako eskultura multzoa amaitu zuenean eta Txillidak Parisen bere lehen obra publiko handia kokatu zuenean. Tarte horretan, adiskidetasun harremana izateaz gain, interes handiz jarraitu zuten batak bestearen obra. Eta urte haietan nabarmendu ziren biak ere nazioartean. Ondoren etorri ziren desadostasunak, duela 25 urte besarkada baten bidez berradiskidetzea irudikatu zuten arte. Horregatik, komisarioaren hitzetan, «zauri edo mesfidantza zaharren sendatzaile ere baden diskurtso bat» artikulatzen du erakusketak. «Izan ere, bi sortzaile hauengan, garrantzitsuena ez da esan edo egin zutena, baizik eta haien ekarpena, utzi ziguten ondarea, eta eskulturek elkar besarkatzea. Haien arteko besarkada oso ongi egon zen, baina nire ustez, benetako besarkada, benetan ona dena, areto hauetan oraintxe ematen ari dena da».

Lehen aretoetan aurrez aurre jarri dituzte sortzaile bakoitzaren obrak; alde batean batarenak eta bestean bestearenak. Baina hurrengoetan nahasian ipini dituzte pieza guztiak, elkarrekin «elkarrizketan». Gonzalez de Duranak azaldu duenez, elkarren arteko lotura edo «gertutasun» horiek hiru irizpideren arabera antolatu ditu: piezak garai bertsuan sortutakoak izatea, obren arteko «gertutasun formala», eta lanen arteko «gertutasun kontzeptuala». Edonola ere, zehaztu du batzuek besteen alboan bai, baina elkarren arteko distantzia gordez kokatu dituela, ikuslea izan dadin lotura horiek egiten edo bat egite horiek sumatzen dituena. «Gertutasun horiek ez dira modu ageriko batean erakusten; nahiago izan dugu gertutasun horiek airean egotea, eta bisitaria izatea horiek sumatzen joango dena». Halaber, orain arte erakusketa batean aurkeztu gabeko zenbait pieza ere ekarri dituzte Donostiara.

Arantzazuko piezak

Sarreran, bi artisten argazkien alboan, bakoitzaren eskultura banak egiten dio harrera ikusleari, biak ere bertikalak eta tamaina handikoak. Oteizaren Laocoonte (1954-55) da bata, Kordobako (Espainia) Merkataritza Ganberarako egin zuen egurrezko obra eta bertan kokatu zuenetik inoiz lekuz aldatu ez zutena. Hori da, beraz, inoiz erakusketa batean erakutsi gabekoetako bat. «Henry Mooreren obraren eragin handia duen pieza bat da, gorputzak zeharkatzen dituzten hutsune horiekin», azaldu du komisarioak. Txillidaren Oyarak I izenekoa da bestea, 1954an sortu zuena, nekazarien metalezko lanabesak erabiliz. «Obra honetan, garai bereko beste zenbaitetan bezala, itzalak rol garrantzitsua jokatzen du hormetan marrazkiak egitean».

Hortik aurrera, bederatzi ataletan banatu ditu pieza guztiak komisarioak, eta ordena kronologikoa jarraitzen du ibilbideak. Lehen aretoan, 1948-1951. urteen arteko lanak daude ikusgai; Oteiza Latinoamerikatik bueltatu eta Arantzazuko basilikako lanen enkargua jaso zuen tarte horretan, eta Parisen izan zen Txillida tarte berean. Biek giza gorputza landu zuten garai hartan, eta eskultura antropomorfikoak ageri dira aretoan, nork bere ikuspegitik landuak. «Txillidarenak oso sintetikoak dira, oso deskribapen fisionomiko gutxikoak; Oteizarenak, berriz, dramatikoagoak dira, espiritualki goratzen dira. Esan genezake gorpuztasunera emanagoa dela bata, eta existentzialistagoa, tragikoagoa bestea».

Hurrengo aretoak 1951-1955. urteetako sorkuntza biltzen du, eta Arantzazuko obrak dira protagonista —garaiko beste batzuk ere badira—. Horien artean daude Txillidak basilikarako eginiko bi ate, orain arte sekula handik mugitu gabeak, eta, beraz, lehen aldiz museo batean ikusgai daudenak. Haien aurrean, parez pare, Oteizak apostoluen frisoa ontzeko prozesuan sortutako hainbat pieza daude —batean hiru eta bestean hamasei jarri zituen—, baita jatorrizko tamainan apostoluetako bi erakusten dituen brontzezko pieza handia ere. Andramari (1953-68) eta Pietaterako estudioa (1969) esperimentaziozko lanak ere ikusgai daude.

Lehen bi espazioetan, aurrez aurre daude jarrita artista bakoitzaren eskulturak. Baina elkarren alboan, nahasian ikusiko ditu bisitariak hortik aurrera. Txillidak nekazaritzako lanabesekin egindako obra gehiago, eta Oteizak metalezko pieza biribilekin osatutako formak daude jarraian, besteak beste. Oteizaren Via Lactea (1955) eskultura bertikalari aipamen berezia egin dio komisarioak. «Interesgarria da, frogatzen duelako Oteiza, apostoluen eskultura figuratiboetan lanean ari zen bitartean, beste ildo askoz ere abstraktuago bat lantzen ari zela aldi berean; horren adibide da pieza».

Hurrengo aretoan dokumentazioa bildu dute, eta besteak beste, bi artisten idatzi eta gutunak, argazkiak eta erakusketetako katalogoak jaso dituzte bitrinetan. Hormetako batean, berriz, zaletu batek Super8-an grabatutako irudiak daude proiektatuak; Oteiza Arantzazun apostoluak jartzeko lanetan ikus daiteke haietan.

Hurrengo gelako obrak biltzeko irizpidea, elkarren artean oso desberdinak izatea izan da, komisarioak azaldu duenez. Hala, elkarren inguruan dabiltza bertan Txillidak harriz eta berunez landutako erliebeak zein paper gaineko marrazkiak, eta geometria zorrotzeko Oteizaren burdinazko eskulturak, besteak beste. Azken aretoan, berriz, harrizko obrak dira nagusi bestelakoen artean.

Erakusketan, guztira, gehiago dira Oteizaren eskulturak, baina tamaina handiagokoak, oro har, Txillidarenak. «Oteizarenak esperimentaziozko lanak zirenez, formatu txikikoak izaten ziren. Aldiz, Txillida ideia batekin hasten zen lanean, eta amaitu arte ez zuen aurkitzen zer zen egin nahi zuena; ez zuen esperimentatzen, aurrera egiten zuen, azken helburua argi izan gabe, eta, horregatik, haren piezak monumentalagoak izaten ziren». Izenburuak jartzen ere oso desberdinak zirela gehitu du komisarioak; ia zientifikoak ziren Oteizarenak —Positibo-negatibo unitate lauzko eraikuntza hutsa, Espazio definitu baten ordenazioa/Kontrol hiperespaziala... — , eta kutsu erromantikokoak Txillidarenak —Haizearen orrazia, Amets ingudea...—.

Erakusketaren osagarri, bisita gidatuak, hitzaldiak, tailerrak eta beste jarduera batzuk izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.