Cabacas auzia

Iñigo Cabacas zauritu zuteneko plazari haren izena jarri diote senide eta lagunek

Ertzaintzak jaurtitako pilotakada batek zauritu, eta lau egunen ostean hil zen gaztea 2012an, eta oraindik ere egiarik, justiziarik eta erreparaziorik ez dutela jaso salatu dute omenaldian.

Iñigo Cabacasen heriotzaren hamargarren urteurreneko omenaldi eitaldia. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko apirilaren 9a
16:38
Entzun

Iñigo Cabacasen lagunek urteak daramatzate loreak landatzen Ertzaintzak jaurtitako pilotakada batek laguna jo zueneko Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko kantoian. Lau egun eman zituen koman kolpe haren ondorioz, eta gaur bete dira hil zenetik hamar urte. Omenaldi jendetsua egin diote eguerdian, eta urteotan guztiotan auzitegietan, kalean zein etxean ondoan izan dituzten lagun, senide, abokatu eta kazetariei eskerrak ematearekin batera, loreak zaintzen dituzten lagunen keinua ere izan du gogoan Fina Lizeranzu amak. «Astelehenero etortzen naiz hona, eta, azkenaldian, egunero. Pentsatuko dute batzuek, ‘baina emakume hori, nola joan daiteke semea hil zioten lekura?’; bada, etortzeak on egiten didala esango dizuet nik, eta gaizki egoten naizela etortzen ez banaiz». Egia, justizia eta erreparazioa eskatzeaz gainera, halakorik berriz ez gertatzeko bermeak ere eskatu dituzte ekitaldian, eta, azkenik, kantoiko plaza, sinbolikoki, «Iñigo Cabacas Lizeranzu» plaza izendatzen duen plaka bat ere bistaratu dute.

Erantzun zeharo asimetrikoa jaso dutela salatu dute senide eta lagunek ekitaldian. Azaldu dutenez, alde batetik, etengabea izan baita herritarren babes eta gertutasuna, eta, beste alde batetik, erakundeetan beti topatu dutelako «horma bat». Oier Amorrortu Cabacasen lehengusuak eta Eneritz Plaza Iñigo Cabacas herri ekimeneko kideak eman dituzte azalpenak omenaldian. «Hamar urteotan instituzioetatik ezezkoak jaso ditugu, beti hitz politekin, baina inongo aitortza eta erreparaziorik ez». Eta, neurri batean, asimetrikotasun horren erakusle izan da ekitaldia bera, lagunarteko omenaldiaren eta protesta publikoaren artean. Eta ideia bera izan du ahotan Manu Cabacasek ere, Iñigo Cabacasen aitak, lagunen eta gertukoen besarkada eta opariak jaso bitartean emandako hitzaldi laburrean: «Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean».

Europako justizia

Amorrortuk eta Zabalak ekitaldian gogorarazi dutenez, berez, oraindik ere zabalik jarraitzen du bide judizialak, Cabacasen senideek oraindik Europan jarritako helegitearen zain jarraitzen baitute. Hain zuzen ere, kasuan epaitegietan izandako bidea «zaila» izan zela salatu du Jone Goirizelaia abokatuak ere, oholtzara familiari bere doluminak azaltzera igotakoan. «Traba asko izan ditugu», laburtu du. «Fiskalak ez gaitu une bakar batean ere lagundu, eta gertatutakoaren benetako arduradunak epaituen aulkian eser zitezen saihestu du». Eta azaldu duenez, horregatik erabaki zuten iaz Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordera jotzea. «Europara jo dugu, hemen lortu ez dugun justiziaren bila».

2018an egindako epaiketa da zehazki NBEra eramandakoa. Prozedura bera.

Gaztea hil eta zazpi urtera heldu zen Bizkaiko Lurralde Auzitegira Cabacas zauritu zuten gauean izan zen Ertzaintzaren operatiboko sei kideren aurkako epaiketa, 2018an. Cabacasen abokatuek hala eskatu arren, fiskalak ez zuen poliziabururik eser zedin eskatu, eta, beraz, epaitu gabe geratu zen 2013an ezagutarazi ziren audioetan, Cabacas zegoen ingurura «zeukaten guztiarekin» sartzeko agindua eman zuen Ugarteko ezizeneko arduraduna. Sei ertzainetako bakarra jo zuen epaitegiak errunduntzat, eta bi urteko espetxe zigorra eta lau hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion. Ertzaintzaren gau hartako jarrera ez zela egokia izan ere ebatzi zuen epaileak. Edonola ere zigortutako ertzainak ez zuen espetxe zigorrik bete behar izan, 2021ean libre utzi baitzuen Bizkaiko Auzitegiak, baldin eta bi urtez legerik hausten ez bazuen.

Pilotak debekatzeko eskaria

Ezinbestean, 2012ko apirilaren 9an gertatutakoa izan du gogoan Plazak gaurko ekitaldiaren hasiera aldera. Gogoratu duenez, Maria Diaz de Haro kaleko kantoian, «neurriz kanpokoa» izan baitzen Ertzaintzaren erantzuna. «Hemen ez zegoen inolako arazorik, haiek etorri ziren arte». Gomazko pilota batekin jo zuten buruan Cabacas, eta, oraindik ere pilota horien erabilerak debekatu gabe jarraitzen duela salatu du Zabalak. «Ez daude debekatuta», gehitu du Amorrortuk ñabardura, «baina ezin dituzte erabili, gizarteak arbuiatzen dituelako».

Bermeak jartzeko eskatu dute, halakorik berriz gerta ez dadin. «Bestelako polizia eredu bat behar dugu, zigorgabetasunik gabekoa». Erakundeek Cabacasen gurasoak «bigarren mailako biktimatzat» tratatu dituztela ere salatu dute Cabacasen lagun eta senideek ekitaldian. «Baina horretarako gaude hemen».

Hiru bertsoko kronika

Txalaparta saio labur baten ostean, Arkaitz Estiballesek hasi du ekitaldia, eta hiru bertsotan egin du Cabacasen auziak hamar urteotan egindako ibilbidearen kronika kondentsatua. Heriotzaren uneaz lehena: «Ospakizun handi batean/ zegoenean Bilbo,/ Deustun armak kargatuta,/ furgonetara igo./ «Entren con todo a la Herriko»,/ ez zentzu, ez motibo:/ oso metro gutxitara egin zizuten tiro./ Gero epaitegietan hil zintuzten berriro,/ baina gure memorian bizi zara Iñigo». Ardura politikoak izan zituztenez bigarrena: «Manu [Cabacas] eta Fina [Lizeranzu] zeuden/ azalpenen aiduru:/ «no ha sido un pelotazo»,/ lehen gezurra helburu,/ ta horren erantzuleak/ ezagutzen ditugu:/ Jaurlaritzako poltronan/ bakezaleen guru,/ tirogileak, mandoak/ ta pare bat sailburu;/ zuek egin zenutena ere oroitzen dugu».

Eta, azkenik, urteotan herritarrek senideei agerturiko gertutasunari kantatu dio hirugarren eta azken bertsoa. «Manu eta Fina jaso/ guztion besarkada./ Gaurtik aurrera, ongi etorri/ Iñigoren plazara./ Nahiz eta bidean izan/ oztopo eta traba,/ seme bat galtzea beti/ ordezkaezina da,/ baina hor zaudeten artean,/ hemen egongo gara./ Orain dauzkazue mila/ seme eta alaba».

Lore eskaintza batekin eta plazari izen berria ematen dion plaka agerian jarriz amaitu da ekitaldia. Besarkadak, txaloak, eta aldarrikapen modura azken leloa. «Justizia, Iñigorentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.