Gerra Ukrainan

Putin «ziur» dago Errusiak ezarritako «helburuak» beteko dituela

Errusiako presidenteak esan du helburu nagusia dela «Donbassko jendeari laguntzea», Ukrainak Minskeko Akordioak bete ez dituela argudiatuta. Mariupolen arma kimikorik erabili ote den ikertzen ari da Kiev.

Errusiako presidente Vladimir Putin, Vostotxniko kosmodromoko espazio gunean egindako agerraldian. EVGENY BIYATOV / KREMLIN POOL / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 12a
13:48
Entzun

Ukrainako Donbass eskualdeko Donetsk eta Luhansk oblastak «askatzeko» erasoaldi militarraren prestaketak «ia amaitutzat» dauzka Errusiak, martxo amaieran «operazio militar bereziaren» bigarren faseari ekin zionetik. Bada, Vladimir Putin Errusiako presidentea «ziur» dago bere herrialdeak ezarritako «helburuak» beteko dituela. «Helburu nagusia da Donbassko jendeari laguntzea, baita Errusiaren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea ere», esan du gaur goizean, Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenkorekin Vostotxniko kosmodromoko espazio gunera egindako bisitan (Amur oblasta, Txinako mugatik gertu), TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Hori bai, Putinek mezu hau bidali dio Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri: «Helburua lortu arte ez gara geldituko».

«Hala izango da, eta ez dago zalantzarik», berretsi du Errusiako presidenteak. Putinek otsailaren 21ean aitortu zuen Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia. «Aitortu beharra geneukan; Ukrainako agintariek, Mendebaldeak bultzatuta, uko egin baitzieten Minskeko Akordioak errespetatzeari eta Donbassko arazoak modu baketsuan konpontzeari». Eta nabarmendu du «ezinezkoa» zela zortzi urtez eskualde horretan gertatzen ari zen «genozidioa» onartzen jarraitzea. Ildo beretik, Putinek gogotik goratu du Errusiako tropak Ukrainako armadaren aurka egiten ari diren lana: «Ausardiaz eta trebeziaz dihardute, eta arma modernoenak eraginkortasunez erabiltzen dituzte».

Arma kimikoen ustezko erabilerak aurrez aurre jarri ditu Ukraina eta Errusia, beste behin. Hain zuzen ere, Donetskeko Herri Errepublikako errusiazaleek Mariupol hirian (Donetsk oblasta) arma kimikorik erabili dituzten ala ez ikertzen ari dira Kiev. Hegoaldeko hiri horretako gune industrialean gotortuta dauden Ukrainako Azov batailoiko paramilitarrek —eskuin muturreko talde armatu bat da, 2014ko estatu kolpean parte hartu zuena, baita Donbassko gatazkan ere— arnasketa arazoak izan zituztela salatu zituzten atzo, Donetskeko errusiazaleek «jatorri ezezaguneko substantzia pozoitsu bat» jaurti ondotik, Azov batailoko buruzagi Andrei Biletskik Telegram kontuan idatzi zuenez.

Biletskiren arabera, zibilen artean adineko emakume bat dago «egoerarik okerrenean». Biktimen sintoma nagusiak hauek direla jakinarazi du: aurpegia gorritzea, presio arterial altua izatea, urdaila lehortzea eta begietako mina edukitzea, besteak beste. Hala ere, Petro Andriuxtxenkok, Mariupolgo alkatearen laguntzaileak, atzo esan zuen ez zela baieztatu eraso kimiko bat egon zenik, eta funtzionarioak «militarren informazio ofizialaren zain» zeudela erantsi zuen.

Azov batailoiko buruzagiaren adierazpenen aurretik, Eduard Basurin Donetskeko Herri Errepublikako buru militarretako batek arma kimikoak erabiltzeko «prestutasuna» agertu zuen Errusiako Lehen Kateari emandako elkarrizketa batean, «arratoiak ezkutalekuetatik ateratzeko». Nolanahi ere, Basurinek berak erabat ukatu du gaur arma kimikoak erabili dituztela Mariupolgo fronte horretan, Interfax Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Bitartean, Erresuma Batuak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek euren kezka azaldu dute, eta Londresek gertatutakoa argitzeko ikerketa bat agindu du.

Bi bandoen artean borroka latzak izaten ari dira Mariupolen, Errusiak setiatua duen hirian. Bada, Donetskeko Herri Errepublikako gobernuburu Denis Puxilinek atzo ziurtatu zuen errusiazaleek hiriko portuaren kontrola hartu zutela; Ukrainak, ordea, gezurtatu egin zuen Puxilinen adierazpena. Hori bai, armadak aitortu zuen «azken guduetan» daudela, jaurtigaiak «amaitzen» ari zaizkiola eta. «Aurrez aurreko borroka besterik ez da geratuko. Gutako batzuk hilko dituzte, eta beste batzuk gatibu hartuko dituzte». Bestalde, Mariupolgo alkate Vadim Boitxenkok atzo Associated Press agentziari emandako elkarrizketan esan zuen gutxienez 10.000 zibil hil dituztela bi aldeen arteko erasoen ondorioz.

«Errusiak laster joko du erasora»

Bien bitartean, Ukrainako Defentsa Ministerioko bozeramaile Oleksandr Motuzianik atzo jakinarazi zuen «Errusiak laster joko duela erasora». Aurretik, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik ohartarazi zuen Errusiako «dozenaka mila» soldadu Donbassen biltzen ari direla, iparraldetik erretiratu ondoren, eta hamahiru kilometroko konboi militarra Kharkiv oblastetik hara bidean dela. Gudu zelaia datozen egunetan herrialdearen hego-ekialdean zentratuko bada ere, Ramzan Kadirov Txetxeniako presidente eta Errusiaren aliatuak aurreratu duenez, Donetsk eta Luhansk oblastak «askatu» ondoren, helburua izango da Kiev hiriburura itzuli eta berau «konkistatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.