Interes tasak

Sei urteren ondoren, Euriborra positiboan dago: %0,005

Hipoteken interes tasa gora bultzatzen ari da luze gabe banku zentralen diru politika gogorragoa izango delako ustea.

Euriborraren eboluioa, azken egunetan. ALTEA TEJIDO / FOKU
xabier martin
2022ko apirilaren 12a
19:19
Entzun

Hipoteken interes tasaren erreferentzia nagusia dena, Euriborra, positiboan da sei urteren ondoren. Diru politika gogorragoa badatorrelako ustea gora bultzatzen ari da erreferentzia, eta interes tasa positiboa markatu du hamabi hilabeterako indikatzaileak, gaur: %0,005. Dena den, apirileko batezbestekoa negatiboa da: -%0,057; baina ezin da ahaztu Euriborra -%0,502an zegoela 2021eko hondarrean, eta ordutik joera aldatu duela modu nabarmenean.

Izan ere, 2016ko otsailetik ez da positiboa izan Euriborra. Hil horretan, estreinakoz markatu zuen interes tasa negatiboa, eta egoera berria eragin zuen. Eztabaidarako gai izan zen bankuek %0 azpiko interes hori nola aplikatu behar zuten maileguen ordainketak finkatzean, eta maileguetan oso interes tasa txikia lotutako bezeroek dirua jaso behar ote zuten ere argitu behar izan zen; bai, badira bezeroak mailegu baten bidez dirua jaso dutenak. Auzitegiek argitu zuten gaia.

Gero, egoera normaldu egin zen, eta finantza entitateek bere negozio tradizionalean erabateko eragina izan duen diru merkearen egoerari aurre egiten ikasi dute. Orain, berriz, interes tasak gora doazela argi geratzen ari da. Ukrainako gerrak eta hark eragindako energiaren prezioen krisia eragin handia izaten ari da inflazio handian, eta inflazio hori gora eramaten ari da euriborra ere.

EBZren zalantzak

EBZ Europako Banku Zentralak ez du asmorik oraingoz interes tasak igotzeko, baina aurten bertan hori gerta daitekeenik ez du baztertu. Inflazio handiak aldarazi egin ditu EBZren planak, izan ere: zorra erosteko programa txikitu egingo du, eta atea zabal-zabalik utzi dio pentsatu baino lehenago amaitzeari. Baina banku zentralak uste du interesak igotzeak hazkunde ekonomikoa traba dezakeela, eta hori kosta ahala kosta eragotzi nahi du, Ukrainako gerrak hazkundea bera auzitan jarri duelako.

Edonola ere, zalantzak zabaldu dira banku zentralean, eta gobernu kontseiluko azken bileran kide batzuek proposatu zuten ezer ez egitea; beste batzuek, ordea, inflazioa gutxitzeko neurriak hartzea babestu zuten. Tarteko bidea hartu zuen banku zentralak, zorra erosteko programa murriztu zuelako, baina hura berriro handitzeko aukera inondik inora baztertu gabe. Merkatuek, ordea, ulertu zuten belatzen alde egin zuela, hau da, inflazioaren kontrolari lehentasuna ematen dietenen alde. Euroguneko zorraren errentagarritasuna handitu zen, interes tasen igoera gertuago dagoela ikusi zutelako merkatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.