Albistea entzun

Iñaki Segurolaren heriotza

Juxtu gaurkoa al huen?

 

Arantxa Iturbe -

2022ko apirilak 16 21:08

Gaur, Segurola? Juxtu gaurkoa al huen hiltzeko eguraldia?

Eta zer egin behar diagu? Hil ondorengo hitz lehor moztaile batzuk idatzi pulpitutik? Zer, eta hire alde? Inoren eta ezeren alde jarduteko ezgaitasuna (ezintasuna, ezina) bozgoraz aitortu eta praktikatu zuen saiheslariaren alde?

Aurreneko liburua argitaratu huenean deitu genian irratirako gonbitea egiteko. Hire erantzuna izan huen 'fedabideekin saturatua' hengoala. Deitzeko aurrerago. Eta guk, esaneko, deitu. Eta handik ez askora (asko pentsatu ondoren —ulertuko duk lagunentzat 'Ogrue' denari telefonoz deitzeak berak ausardia punttu bat eskatzen diola erantzun zakarrek mintzeko adinako sensibilitatea duen edozeini), gure irrati tartean sermoia botatzea etorri nahiko ote huen galdetu genian. Xaxardiak maite guk. Lagunak egitea, hik. Eta irratiak horretarako aukera paregabea ematen zian. Hainbeste urtetan ez diagu inor ezagutu hamar minututan irrati-entzuleak bi ekipotan banatzeko halako gaitasuna izan duenik: segurolazaleitsuak versus segurolahorrekzerarraioustedutarrak. Hire esanek eta hire esanmoduek, biek aztoratu izan diate parrokia. Ez hituan denak agertzen, nolanahi ere. Entzule isilak ere bazeudek. Hor bazeuden 'hemen nago' idazteko eskatu genienekoaz akordatzen? Waxapa izuzorabiatu huen erabat. Baina hi nola akordatuko haiz, ez bahago hemen. Gu bai, ordea. Zuztarreko tristura kosmikoak jota bada ere.

Eranskina: ordu batzuk zeramatzat hik esandakoak entzuten. Eta aditzen. Amaraunekoak berrienak: egon lasai esanda ez da inor lasaitu munduan, hildakoek ez dituzte hilerrietako kartel horiek merezi, 'Jabier, ez diat hire heriotza ulertzen, ulertutako heriotzak hildakoa bi aldiz hilda uzten duelako. Zenbat aldiz heriotzaz? Edo hirea jakindakoan joaten ote zaiguk belarria hartara?

Nahiko nikek hiri aditutakoak lerrootara ekartzeko hire graziaren laurdena, graxia erdipurdiko honen ordez. Imitatuko nitizkek konplizitatez hire hitz berriak, lixtoustekoarena eginez, hi bezain libre banintz, nori gustatu edo ez gustatu asko axola gabe. Partituko nikek egurra ezker-eskubi, jarriko nikek zalantzan dena, kritikatu modernokeria, artaldekeria eta motzeria (eta intelektualak, eta etimologoak eta...), ezpalkatu, sasikatu, adarkatuko nindukek hire irribarrea (bai, irrifarñoa esango duk hik, baina irribarre ere egiten huen, eta barre ere bai suelto asko, barrura gehiagotan kanpora baino) pizteagatik. Ezin leizken gauzak.

Eranskintxoa: euskalzulo horrek, ez diguk pista sanorik utzi hil haizela nola kontatu esateko. Hire sentiera, hire pentsaera zertxobait ezagututa 'Segurola hil da' idatzita ikusteak zakarkeria arrazoituren bat esanaraziko dik. Gure sentipentsaerak ez ziguk uzten, ordea, hitz zehatzagoak erabiltzen. Horrekin konformatu behar, erlijio bakar konformidaderik eza zuenaz aritzeko ere.

Amaierakoa: Faltan botako ditiagu olgetan benetan hirekin egindako kontualdiak.

Bejondeiala, Segurola (errima eta guzti, xirikatzeko azken saiakera antzuan).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Oteiza Argentinan' erakusketa Donostiako D'Museoan. ©Andoni Canellada/FOKU

D'Museoak berretsi du Oteizaren lanak benetakoak direla

Miren Mujika Telleria

Oteiza fundazioak faltsutzat jo ditu aste honetan ‘Oteiza Argentinan’ erakusketako lanak, eta Poliziaren aurrean deklaratzen izan da D’museoko zuzendaria

Hasi da EHZ Festibala

Abiatu da EHZ festibala Irisarrin

Joanes Etxeberria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Lau gunetan hedatuko da programazioa. Musika talde anitzek azken lana aurkeztuko dute

Aner Peritzek irabazi du aurtengo Basarri bertsopaper saria. ©Zarauzko Udala

Aner Peritzek irabazi du aurtengo Basarri bertsopaper saria

Jone Bastida Alzuru

Epaimahaiak bertsolari zarauztarrak erabilitako forma berritzailea nabarmendu du.

 ©JON URBE / FOKU

«Hiri osoak etorri behar du, erakusketak balio dezan»

Andoni Imaz

Tabakalera zinemaz betetzear da: 'Imajinatu Zinemaldia' eta 'Vive le cinéma!' erakusketak irekiko dituzte datorren astean. Eragileen arteko elkarlanarekin pozik daude Rebordinos eta Ormazabal.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...