Koronabirusa

Aldaketa handirik ez maskara derrigorrezkoa ez den lehen egunean

Gaurtik, Hego Euskal Herrian toki itxi gehienetan ez da nahitaezkoa maskara erabiltzea, baina aro berriaren lehen egunean herritarrek ez dute babes hori kentzeko presarik erakutsi.

Ion Orzaiz - Edurne Begiristain
2022ko apirilaren 20a
13:47
Entzun

Alde handirik ez, oraingoz. Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du barrualdean maskara erabiltzeko obligazioa (ministroen kontseiluak atzo onartu zuen dekretua), eta, araudi berri hori oinarri, «salbuespen» egoera jakin batzuetan bakarrik erabili behar da maskara, pertsonarik zaurgarrienak babesteko: erietxeetan, osasun zentroetan, transfusio zentroetan eta botiketan, alde batetik, eta garraio publikoan, bestetik. Gainerako espazio itxietan, ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea, baina, aro berriko lehen egunean bederen, herritarrek ez dute babes hori kentzeko presarik erakutsi.

Ikusi gehiago: Gaurtik ez da derrigorrezkoa toki itxietan maskara erabiltzea

«Goizeko bezero guztiak maskara jantzita etorri zaizkit, bat izan ezik», azaldu du Pedro Itoiz ile apaintzaileak. Iruñeko Donibane auzoan du negozioa, eta jada ohitua zen bezeroei ilea moztera maskara jantzita zutela. «Denbora luzez eraman dugu, eta kosta egiten da ohiturak aldatzea. Gainera, nire bezero asko adinekoak dira, eta ez dira ausartzen egun batetik bestera maskara eranztera». Maskararik gabe joan da Itoiz lanera, baina, azkenerako, jantzi du berak ere: «Maskara jantzita zetozenekiko errespetuagatik, batez ere». Uste du maskararen erabilera «oso errotua» dagoela jada gizartean eta, horregatik, ez du uste jendeak berehalakoan kenduko duenik: «Udara arte, gutxienez, ez dut uste alde handia ikusiko dugunik».

Antzeko iritzia dute Artikako Kirol Hirian ere (Nafarroa). «Goiz arrunt bat izan da gaurkoa», laburbildu du Anak [ez du abizenik eman nahi]. «Gehienak maska jantzita etorri dira, eta bakan batzuek erantzi dute lehen aldiz. Gimnasioan, adibidez, ia ez dugu alderik nabaritu, lehendik ere askok musukoa kentzen zutelako kirola egiten ari ziren bitartean. Eta gaur ere, antzera aritu dira».

Ikusi gehiago: Osalanek enpresei gomendatu die dituzten baldintzak aztertzeko maskararen derrigortasuna kendu aurretik

Morea, Hiper Eroski eta halako merkataritza gune handietan ere, maskara kirurgikoari eutsi diote bezero askok.

Garraio publikoan derrigorrezkoa da maskara janztea, baina geltokietan, aldiz, ez. Gasteizko autobus geltokian, ordea, gehien-gehienek ahoa eta sudurra estalita daramate. «Leku askotan erabiltzen jarraituko dugula uste dut, beldur hori oraindik badelako». Bergaratik (Gipuzkoa) Gasteizera iritsi berri da Maite Larrañaga, eta autobusetik jaitsi ostean ere maskara kendu gabe jarraitzen du. Zuhurra da: «Pandemia hor dago; ez da joan». Aitortu du oraindik «goizegi» dela jende asko pilatzen den tokietan maskararik gabe ibiltzeko, eta berak «oraingoz» janzten jarraituko duela.

2020ko maiatzean ezarri zen lehen aldiz maskara erabiltzeko derrigortasuna, COVID-19ari aurre egiteko ahaleginetan. Frantziako Gobernuak martxoaren 14an nabarmen arindu zituen COVID-19aren aurkako neurriak. Txertatze agiria erakustea ez da beharrezkoa ordutik leku publikoetara sartzeko, eta maskararen erabilera ere murriztu zuten, oro har, toki publiko gehienetan. Gaurtik, arintzea orokorra da Euskal Herriko herrialde guztietan.

Ikusi gehiago: EHUk unibertsitatearen barnealdeko lekuetan maskara «arduraz» erabiltzea gomendatu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.