Gazte mugimenduak

3.000 gazte izan dira Ernairen gazte martxan, antolatzaileen arabera

Burujabetzaren beharra «inoiz baino agerikoagoa» dela aldarrikatu zuen gazte antolakundeak ekitaldi nagusian. «Hurrengo ziklo politikoaz» eta Europako prozesu independentistez ere hausnartu zuten. Jai gunean izandako erasoak deitoratu ditu Ernaik: «Ez da denontzat espazio segurua izan».

Ehunka gazte Amaiurko gazteluaren aurrean. Ekitaldia egin zuten han, Zugarramurditik Erratzurako bidean. JON URBE / FOKU
2022ko apirilaren 20a
16:42
Entzun

Urtero egin ohi duen udaberriko egitasmoa egin zuen berriz Ernai gazte antolakundeak asteburuan, eta milaka gaztek egin zuten bat: zehazki, 3.000 lagunek, Ernaik ohar baten bidez jakinarazi duenez. «Pozik» agertu da COVID-19ak etetera behartu zuen jaialdia berriz egin izanagatik eta izan duen erantzunagatik. Baita Erratzuko eta Elizondoko herritarrek egindako harreragatik ere.

Hain justu, Zugarramurditik abiatuta Erratzura martxa egin zuten lehen egunean gazteek, eta Elizondon egin zituzten ondorengo bi egunak. «Aisialdi eta musika eskaintza zabalaz gain, eduki politikoan sakontzeko aukera ere izan dugu», azaldu dute oharrean. Ernairen arabera, «hurrengo ziklo politikorako aldarrikapenez, borrokez eta eraiki beharrekoez» hausnartu dute Elizondon; hala nola aliantza feministez, migrazioaz, abertzaletasuna eraberritzeaz, osasun mentalaz, nazioarteaz eta ekologismoaz.

Halaber, Europan izaten ari diren prozesu independentistetan gazteek duten estrategiaz ere aritu ziren, gazte martxako mahai inguru nagusian, larunbat goizean. Horretan hizlari aritu ziren, Ainhoa Bueno Ernaiko kideaz gain, Marina Gispert Arran Herrialde Katalanetako gazte antolakundeko kidea eta Oisin O Siochain Ogra Shinn Fein Irlandako gazte antolakundekoa.

Ekitaldi nagusia ere egun horretan egin zuten, baina iluntzean. Gazteak «desjabetze bortitz bat» pairatzen ari direla salatu zuen Ane Alava Ernaiko bozeramaileak, eta, horren aurka, bestelako «mundu» eta bestelako «bizitza» bat eraikitzera dei egin zuen, Euskal Herriaren burujabetzatik abiatuta. Azaldu zuenez, horren beharra «inoiz baino agerikoagoa» da: «Estatu bat behar dugu, euskarak biziraun dezan. Estatu bat behar dugu, lana eta aberastasuna banatu ahal izateko. Estatu bat behar dugu, aske sentitzeko eta maitatzeko. Estatu bat behar dugu, ama lurra suntsituz aberastu nahi dutenei muga jartzeko. Eta estatu bat behar dugu, nola ez, sozialismorako eta feminismorako bidea egiteko».

Bide hori egiteko, «euskal errepublikaren aldeko nahia eta borondatea batu» beharra nabarmendu zuen Alavak, «balio eraldatzaileetan» oinarrituta. «Independentistak gara abertzaleak garelako, independentistak gara feministak garelako; sozialistak, ekologistak, antifaxistak, euskaltzaleak. Eta zapalkuntzarik gabeko mundu bat nahi dugulako bihurtuko dugu euskal errepublika errealitate», oihukatu zuen.

«Faxismoaren gorakadaz» ere ohartarazi zuen Alavak: «Kaleak hartzen ari dira. Hemen daude». Aurre egitera dei egin zuen: «Ultraeskuina geratuko dugu aske bizi nahi dugulako, aske maitatu nahi dugulako, aske sentitu nahi dugulako, aske egin nahi dugulako larrutan. Argi izan dezatela: ez dira pasatuko».

«Guztiontzako gune seguruak» helburu

«Orokorrean giro ona» izan zela azpimarratu du Ernaik, baina, hala ere, aitortu du jai gunea ez zela «denontzako espazio segurua» izan eta «hainbat eraso» matxista izan zirela ostiralean eta larunbatean. Halakoei erantzuteko protokoloa aktibatu zutela eta «uneko erantzuna eta kudeaketa» eman zizkietela azaldu du gazte antolakundeak. Halaber, erantsi du lanean jarraituko dutela aurrerantzean egingo dituzten udaberriko egitasmoak ere «guztiontzako gune seguruak» izan daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.