Langabezia

Langabezia tasa %9,1era jaitsi da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Eustaten arabera, 0,9 puntu egin du behera langabeziak urteko lehen hiruhilekoan, eta okupazioak handitzen jarraitu du: beste 8.300 landun izan dira. Azken urtean, 28.600 gehiago dira okupatuak, eta 19.200 gutxiago langabeak.

Labideren bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
xabier martin
2022ko apirilaren 22a
10:31
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan merkatuari buruzko 2022ko lehenengo hiruhilekoko datua plazaratu ditu Eustatek, eta horien arabera, beste 8.300 okupatu daude urteko lehen hiruhilekoan; gainera, 8.300 langabe gutxiago daude 2022ko urte hasiera honetan. Euskal Institutuak kalkulatu du 95.200 langabe daudela hiru lurralde horietan, eta 953.800 okupatu; hau da, 2021eko laugarren hiruhilekoan baino %0,9 gehiago. Horiek horrela, azken urtean okupatuen kopuruak gora egin du, 28.600 gehiago baitira, eta langabeen kopuruak behera, 19.200 gutxiago baitira. Hala, azken hiru hilabeteetan, batez beste 921.300 afiliatu daude Gizarte Segurantzan izena emanda, eta horietatik %98,5 okupatuak dira. Atzo bertan jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 982.867 direla apirilean kotizatzen ari diren langileak.

Langabezia tasak %9,1era egin du behera, eta, horrenbestez, iazko laugarren hiruhilekoan baino 8 hamarren apalagoa da. Biztanleria okupatuaren eta langabearen bilakaeraren emaitza gisa, jarduera tasa %56,3koa da 2022ko lehenengo hiruhileko honetan; aurreko urteko urte amaierako mailari eutsi dio, beraz. Azken urtean, langabezia tasak (2021eko lehenengo hiruhilekoan) %11tik %9,1era egin du behera; hau da, 1,9 puntu behera.

Lurraldeka, Gipuzkoan okupazioak gora egin du, eta 6.200 okupatu gehiago daude; Bizkaian, berriz, 5.100 gehiago dira; eta Araban, 3.000 gutxiago. Hiriburuei dagokienez, Bilbon handitu da gehien okupazioa, eta 3.500 okupatu gehiago daude; ondoren, Donostia dator (+1.100), eta, azkenik, Gasteiz, okupazioak behera egin du baitu han: 2.600 pertsona gutxiago daude okupatuen artean.

Sexuri begira, okupazioaren gorakadarik handiena gizonen artean egon da (+5.800); emakumeen artean, berriz, 2.400 gehiago dira okupatuak.

Sektore guztietan gora egin du okupazioak

Sektoreka aztertuz gero, zerbitzuen sektorean (5.500 okupatu gehiago, +%0,8), lehen sektorean (1.400 gehiago, +%17,5), eraikuntzan (800 gehiago, +%1,4) eta industrian (700 gehiago, +%0,4) handitu da landunen kopurua. Hala, okupazio tasa 0,5 puntu igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, 16 eta 64 urte bitartekoen artean, eta %69koa da urteko lehen hiruhileko honetan. Tasa hori %72,4ra iritsi da gizonei dagokienez, eta %65,7koa da emakumeen artean.

Okupatuen ikasketa mailari begira, okupazio tasaren igoerarik handiena goi mailako ikasketak dituztenen artean izan da (puntu oso bat gehiago), eta %84,2koa da jadanik. Lehen mailako edo gutxiagoko ikasketak dituztenen artean, berriz, okupazio tasa 0,8 puntu igo da, eta %60,3koa da. Azkenik, bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenen artean 0,3 puntu igo da, eta %61,3koa da okupazio maila

Lurraldeen arabera, okupazio tasa handiena Gipuzkoan dago, %71,1ekin, eta, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 1,2 puntu igo da; bigarren lekuan Araba dago, %68,5ekin; azken hiru hilabeteetan 1,5 puntuko beherakada izan du, ordea. Bizkaian, berriz, okupazio tasak 0,7 puntu egin du gora, eta %67,9koa da.

Kide aktibo guztiak langabezian dituzten etxeen kopurua apaldu egin da

2022ko lehenengo hiruhilekoan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 902.000 etxe inguru daude, eta, haietatik, herenek ez dute pertsona aktiborik, aurreko hiruhilekoan baino 3.900 etxe gehiagok; hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak daude okupatuta (600 familia gehiago); eta, gainera, etxeko pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak 32.200 dira, aurreko hiruhilekoan baino 5.700 gutxiago.

Horrez gain, enplegua bilatzen ari den, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituen eta gainera lan egiteko prestasuna duen pertsona kopurua 95.200ekoa da: aurreko epean baino 8.300 pertsona gutxiago dira. Gizon langabeen kolektiboa 46.500 kidek osatzen dute, eta 4.900 gutxiago dira (-%9,5); emakume langabeak 3.400 gutxiago dira (-%6,5), eta hiruhileko honetan guztira 48.700 dira.

Lurraldeen arabera, Bizkaian langabe kopuruak behera egin du (-7.000, -%1,3), eta langabezia tasa %10ekoa da. Gipuzkoan, 24.000 pertsona daude lanik gabe, 2.400 gutxiago, eta langabezia tasa 0,7 puntu jaitsi da: %7koa da tasa. Araban, 1.000 langabe gehiago daude, eta langabezia tasa %10,4koa da, aurreko hiruhilekoan baino 0,8 puntu handiagoa. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 6.200 langabe gutxiago daude; Donostian, 400 gutxiago; eta Gasteizen, berriz, 1.400 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.