Omar Mansur

«Gatazka konpontzen ez den bitartean, sahararrek ez dugu onartuko Marokorekin su etenik egitea»

Mendebaldeko Saharako Barne ministroak deitoratu egin du Espainiako Gobernuak Mohamed VI.ari amore eman izana.

Omar Mansour. JOAN CABASES VEGA
2022ko apirilaren 22a
10:44
Entzun

Espainiako Gobernuak urratu egin du azken 47 urteetan Mendebaldeko Sahararen auzian izandako politika, baina Omar Mansurrek dio Pedro Sanchezek agindutako bide berriak ez duela deus aldatzen. Fronte Polisarioaren buruzagi historikoa da Mansur, hau da, Mendebaldeko Sahararen independentziaren alde borrokatzen den erakunde politiko eta armatuarena, eta, haren aburuz, Espainia «beti egon da Rabaten alde», Saharako auziaren inguruko «hitz onak goiti-beheiti».

Mansur Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko egungo Barne ministroa da, Hezkuntza eta Atzerri ministro izandakoa, eta, ohartarazi duenez, NBEren ebazpenen edukiarekin bat etorriko den erreferendum bat egitea da modu bakarra marokoar okupatzaileekin duten gatazka bukatzeko, ebazpen horiek sahararren autodeterminazio eskubidea jasotzen baitute. Lur okupatuetako biztanleek, berriz, urteak daramatzate gatazka izoztu batean harrapatuta, eta batere begiramenik gabe diharduen erregimen baten menpe; izan ere, erregimen hori Mendebaldeko Sahara arpilatzen ari da, nahiz eta ez duen sekula aginpiderik izan eremu horretan. Mansurrek Mendebaldeko Saharatik bertatik BERRIAri errandakoaren arabera, Sanchezen erabakiak iskin egiten dio Espainiako Gobernuaren erantzukizun historikoari, eta baliteke gaizki kalkulatutako kontzesio bat izatea, Mohamed VI.ari egindakoa.

Espainiako Gobernuak gertatu denaren inguruko bere ikuspegia azaldu du egunotan. Zure iritziz, zer gertatu da eta zer ondorio dakartza Madrilek hartutako erabakiak?

Tamalgarria da Madrilek horrela amore eman izana Marokori, migrazioaren inguruko presioengatik. PSOEren programa ikusita, uste genuen NBEk Mendebaldeko Sahararako prestatutako bide orriari eutsiko ziola Madrilek, lurraldearen autodeterminazio eskubidea bermatzen baitu, eta gatazka konpontzeko bide iraunkor baten alde egin.

Madrilek inolako lotsarik gabe saldu gintuen 1975ean ere. Ondotik, armak saldu dizkio Marokori, estatu okupatzaileari, nahiz eta jakin Fronte Polisarioaren aurka erabiliko zituela, subiranotasuna eta independentzia lortzeko gerran ari diren sahararren aurka. Orain, sahararrak saldu egin dituzte berriz ere, inongo argumenturik gabe.

Egoera berriak nolabaiteko gatazka edo gutxienez deserosotasuna sortu du Magrebeko herrialdeekin –Maroko ez bertze guziekin–, sahararren aldekoak baitira.

Zer eragin du erabaki horrek gatazkaren konponbidean?

Batere ez. Nazioarteko legediaren aurka doa. Segurtasun Kontseiluaren ebazpenekin bat ez datorren ezein erabakik ez du eraginik izanen. Kontuan hartu behar da Europako epaitegien zenbait erabakik baieztatzen dutela Maroko eta Mendebaldeko Sahara bi lurralde direla, eta Rabatek ez duela inongo eskubiderik Mendebaldeko Saharari dagokionez, ez haren kostaldean, ez haren plataforma kontinentalean eta ez haren aire eremuan. Espainiako Gobernua horren jakitun dago, eta ez du inolako gaitasunik Espainiako iritzi publikoa konbentzitzeko. Errusiak Ukraina inbaditzearen aurka agertu da, eta inbasioa dela salatu du. Ondoan duen inbasioa, ordea, NBEk berak inbasiotzat jo duena, Marokorekin adostu du, gordeka. Noiz-eta NBEk Sahararen autodeterminazio eskubidea aitortzen duten 74 ebazpen onartuak dituenean jada.

Mendebaldeko Sahara Marokoko autonomiatzat hartu ahal izateko, Rabatek lurraldearen gaineko aginpidea eskuratu behar du. Eta 46 urtean ez du halakorik lortu, ez bide militarra baliatuz, ez bide judiziala erabiliz. Rabatek argi baldin badu saharar independentistak gutxiengoa direla, egin dezagun erreferendum bat.

Nola hartu dute sahararrek erabakia?

Lotsa eman die, eta dezepzioa piztu. Baita inguruko herrialdeei ere, Aljeria barne. Madrili hainbertze gustatzen bazaio Marokoren laguna izatea, oparitu diezaiola Errege jauregia edo Zibele iturria, baina bizilagunaren etxea saltzeak ez du itxurarik. Sahararrei Marokoren autonomia bat izan daitezen proposatzea haiek umiliatzea da, espainiarren eta sahararren 96 urteko historia komuna pikutara botatzea. Justifikazio gisa, Madrilek erran du bestelako harreman bat sortu nahi duela Marokorekin, kide fidagarria izan dadin. Fidagarria, zein-eta Maroko? Hori pentsatzea zera da, Espainia eta Marokoren arteko harremanen historiari ez ikusi egitea. Rabat ez da sekula fidagarria izan, deusetan ez. Ez terrorismoaren kontrako borrokan, ez migrazioaren arloan, ez droga trafikoan, ez mugen gaian, ez deusetan. Marokorekin harreman fidagarri bat lortu nahi izatea Espainiaren eta Rabaten arteko historiari ez ikusi egitea da.

Dena azkartu egin da 2020az geroztik, Guerguerateko gertaeren ondotik.

Guergueraten [Mendebaldeko Sahararen hegoaldean] mugako pasabide bat ireki zen, Mauritaniako mugan, egoera jakin batean, eta Marokok irekita eutsi nahi izan dio, eta gehiegitan erabili du. Espero genuen NBEk ahaleginak eginen zituela arazoa konpontzeko, baina, ikusita NBEk ez zuela deus egiten, Maroko lotsarik gabe jokatzen hasi zen, eta armada bidali zuen inguru hartan zeuden zibil sahararren aurka. Fronte Polisarioak ohartarazia zuen Marokoko armada harresiaren ekialdera dagoen Mendebaldeko Saharako eremuan sartzeak –Fronte Polisarioaren esku dago inguru hori– 1991z geroztik genuen su etena urratzea zekarrela, eta ezin zela halakorik onartu. Etengabe urratu da su etena, baina ez hain modu larrian, eta are gutxiago zibil errugabeei eraso eginez. Hori horrela, Fronte Polisarioak tiro egin beharra zuen, eta su etena hautsi egin zen.

Gazte saharar anitz gerrara joan ziren, eta guda ez da bukatu oraindik.

Espero baino gazte talde gehiagok bat egin zuten Fronte Polisarioarekin garai hartan. Entrenamendu eskolak mukuru bete ziren, ez zegoen ibilgailu aski denak alde batetik bertzera eramateko, eta hainbat arazo konpondu behar izan ziren sortu ahala.

Higatze gerra bat da, ez dago bataila handirik, eta harresiaren inguruan ari dira borrokan [Marokok okupatuak dituen lurren eta Fronte Polisarioaren esku daudenen artean; lehenak kostaldean daude, eta bigarrenak barnealdean]. Marokok soldadu anitz galdu ditu, desabantailak dituelako. Posizio finkoak ditu harresian barrena, eta, gureak, aldiz, mugikorrak dira. Guk ikusten diren posizioak bonbardatzen ditugu; haiek zarata egiteko bonbardatzen dute, baina ez dakite non gauden. Sarraski izugarria pairatzen ari dira, eta horrek, bistan denez, Marokoko armadari eta gobernuari eragiten die; hainbertzeraino, ezen orain alde batetik bertzera baitabiltza, lasterka, NBEri eta mundu guziari galdezka bi aldeen arteko su etena lor dezatela. Guk, ordea, ez dugu halakorik onartuko gatazka konpontzen ez den bitartean.

Blokeoak hiru hamarkada iraun du jada, eta, tarte horretan, Marokok inpunitatez ustiatu du Mendebaldeko Sahara. Zer interes komun dituzte Madrilek, Rabatek eta Bruselak inguru horretan?

Bistan denez, Marokoren okupazioak helburu ekonomikoak ditu. Rabati ez zaizkio axola ez sahararrak ez basamortuko eremuak. Saharako fosfatoa nahi dute, hari esker munduko ekoizlerik handienen artean bigarrena baita Maroko, eta, horrek zeresana ematen dio prezioak ezartzeko garaian. Arrantza da bertze faktore bat. Mendebaldeko Sahararen kostaldea 1.200 kilometro luze da; arrain anitz daude, eta gisa anitzetakoak. Hain zuzen, Rabatek eta Europako Batasunak hori nahi dute. Europak ehun ontzi ditu Saharako kostaldean, eta horrek ekonomikoki eragiten dio Marokori. Egoerak bere hartan dirau, nahiz eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak bi aldiz adierazi duen Europako Batasunak eta Marokok ez luketela ustiatu behar lurralde hori sahararren baimenik gabe, ez baitago Rabaten esku. Nekazaritza ere kontuan hartu behar da: haiek zenbait lur lantzen ari dira kostaldetik hurbil dauden zenbait eremutan, Dahla inguruan, eta baratze horiek uzta aparta ematen dute, hango klimak modua ematen baitu uzta urtean hiru aldiz biltzeko. Hala, Europak produktu freskoak ditu neguan.

Zer-nolakoa da bizimodua Sahara okupatuan?

Marokok indar militarretako 100.000 kide ditu lurraldean, soldaduak eta poliziak kontuan hartuta. Kolono zibilak daude kostalde guzian, eta arrantza sektorea monopolizatua dute. Bertze batzuk errepideak eraikitzen aritzen dira, edo saltokietan, eta nahi ez dituzten lanpostuak sahararrei uzten dizkiete. Kolonoek segidan aurkitzen dute lana, iparraldetik ailegatu eta biharamunean. Sahararrek, ordea, ez dute lanik aurkitzen beren lurraldean, ezta ikasi eta graduatuta ere.

Horrek ezinegona pizten du sahararren artean, eta ezin dute deus egin beren identitatea defendatzeko, ezta Fronte Polisarioaren alde daudela adierazteko ere. Ezin dute bandera bat erakutsi ere, eraso egiten baitiete eta jazarri egiten baitzaizkie berehala. Ezin dira beren lurren jabe izan, kolono marokoarren artean banatzen baitituzte. Lur eremu bat baldin baduzu eta kolono marokoar bat han ezartzen bada, administrazioa agertu, eta sahararrak kanporatzen ditu, indarrez. Marokok errepresioa darabil, eta sahararrak lur horietatik kanporatzea errazten du: noranahi bidaltzen ditu, pateran edo nolanahi, lurraldea modu egonkor eta seguruan koloniza dadin. Apartheid erregimen bat ezarri dute lurralde okupatu guzian.

Zer gertatuko litzateke sahararrekin eta haien eskubide sozial eta politikoekin Marokok proposaturiko autonomiaren pean?

Ez da inoiz halakorik izanen. 1975ean egindako gauza bera eginen dugu: borrokan segitu. Nazioartean borrokatzen segituko dugu, borrokak ehun urte gehiago iraun behar badu ere. Sahararrek argi dute. Borroka gogortu egin da su etena hautsi ondotik, bai Saharako lurretan, bai Marokoren hegoaldean; izan ere, han ere badira saharar jatorriko herritarrak. Ez dugu uste Marokoko erregimenak luzaz irauten ahal duenik halako egoera batean. 1991n, haiek etorri ziren negarrez, su etena egiteko eskatuz eta konponbide baketsu bat lortu nahian. Baina, hain justu, haiek urratu dituzte konponbide baketsuak, eta, orain, guk borrokari ekin diogu berriz ere. Eta ez dugu inongo asmorik su etenik egiteko Saharako Errepublika independente izan eta bere lurretan errotzen den arte.

Espainia Marokoren alde egotea ez da faktore erabakigarri bat. Beti egon da Rabaten alde, hitz onak goiti-beheiti. Frantziak ere esku hartu du arlo militarrean, hegazkinak bidali baititu Marokori laguntzeko, eta AEBek ere bai, gerrarako materiala eman baitiote Rabati. Baten batek uste badu horrela statu quo-ari euts diezaiokeela eta Marokok gerra irabaztea lortu, jakin dezatela ez dutela inoiz lortuko. Ez dugu bitartekorik iritzi publikoan inpaktu handia eraginen duen gerra bat egiteko, baina sinetsi iezadazu: gure jarduna eraginkorra da lekuan bertan, eta Marokoko armadak dituen zailtasunek herria edo militarrak beren erregimenaren aurka altxatzea eragin dezakete.

PSOEk Voxekin batera bozkatu zuen Europako Parlamentuan, Sultana Jaya Sakharov saria eskuratzeko hautagai izan zedin eragozteko. Zer erraten ahal duzu hari buruz? Eta zeren beldur ziren PSOE eta Vox?

Espainiako Gobernuak Marokoren mesedetan jokatu zuen, eta saiatu ziren Sultana Jayak ez zezan izan eraginik Europako Parlamentuan. Berdin gertatu zen lehenago Aminatu Haidarrekin: hura ere aktibista saharar bat da, eta hainbat sari eman dizkiote. Uste dut Alderdi Sozialista lotsagarri geratu zela, Jayari sari bat emateak ez baitu sahararren independentzia ekarriko: giza ekintza bat da, ekintza humanitario bat, eta sahararrenganako errespetua erakusten du.

Saharako bandera bat erakusteagatik, Jayak urte bat eta zenbait hilabete darama etxean preso; argia moztu diote, Marokoko armadaren hainbat eraso jasan ditu, eta eraso horiek etxea suntsitu diote; gainera, bortxatu egin dute, eta gai kimikoak paratu dizkiote etxean. Denetik egin diote. Bertze aktibista batzuei ere gertatu zaizkie halakoak, eta desagertu egin dira. Gaur-gaurkoz, ehun bat lagun daude Marokoko kartzeletan sakabanatuta eta konfinatuta, senideengandik mila kilometrora baino gehiagora, manifestatzeagatik edo eserialdi batean parte hartzeagatik, bertzerik gabe. Espainiako Atzerri Ministerioari horren berri eman diogunetan, ez du deus ere egin.

Hori guzia goiti-beheiti, Sanchezek nahi du Marokoren barreneko autonomia bat izan gaitezela. Ez baitaki Maroko zer den. Legea betetzen ez duen herrialde bat da; despota batek gobernatzen du, Mohamed VI.ak, eta bere gortea du. Kazetariak eta giza eskubideen defendatzaileak atxilo hartzen dituzte, eta inoiz ez da deus pasatzen. Bertzeak bertze, Amnesty International eta Human Rights Watch erakundeek Maroko kritikatu dute txostenetan, baina inork ez du deus egiten. Europako agintariek inolako begirunerik gabe jokatzen dute hegoaldeko, Latinoamerikako eta Asiako herrialdeekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.