Greba Osakidetzan

Ia erabateko erantzuna izan du Osakidetzako Transfusio Zentroko grebak

Sindikatuen berbetan, babes «masiboa» izan du asteon egindako lau eguneko lanuzteak. Osakidetzak negoziatzeko ahaleginik egin ezean mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute.

Goizean egin dute manifestazioa Bilbon, sindikatu guztiek deituta. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko apirilaren 22a
13:55
Entzun

Manifestazioa egin dute Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek gaur goizean, Bilbon. Azken greba eguna ere izan dute, eta ekonomikoa da eskaera: euren soldatak ospitaleko langileen parekoak izan daitezela nahi dute. Guztira 120 bat langile dira Gasteizko eta Galdakao-Usansoloko zentroetan. Sindikatu guztiek deitu dute mobilizaziora: SATSE-k, ELAk, LABek, UGT-k, CCOO-k, ESK-k eta UTESE-k.

Lau eguneko lanuztea egin dute asteon, asteartean hasi eta gaur arte, eta erantzuna «masiboa» izan dela adierazi du Aizpea Garcia ELA sindikatuko ordezkariak: «Medikuak eta administrari laguntzaileak kenduta, greba egin dezaketen pertsona guztiek egin dute greba». Garciak azaldu duenez, erizainak, gidariak eta laborategiko teknikariak dira deialdira atxiki direnak, nahiz eta zerbitzu minimoak ia %100ekoak izan. Ordezkariaren arabera, mobilizatzeko joera txikiagoa dute medikuek eta administrari laguntzaileek, eta zuzendaritzatik «hurbilago» daude.

Langileak «gutxiesten»

Sindikatuek salatu dute Osakidetzak «ez duela negoziatzeko borondaterik», eta langileak «gutxiestea» ere egotzi diote, ez dituelako lan espezializatu kontsideratzen. Oinarrizko soldataz gain, ospitaleetako langileek %4ko osagarria jasotzen dute, eta hori eskatzen ari dira Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileak, eurek ere arreta espezializatua egiten dutela aldarrikatuz.

Osakidetzak atzera egin duela diote sindikatuek. 2021ean soldata igotzeko proposamena egin zuen administrazioak mahai sektorialean: 2021ean %2 igoko zituen soldatak, eta %2 gehiago hurrengo urtean. Hainbat alegazio aurkeztu zizkieten sindikatuek plan hari, eta, Garciaren berbetan, handik hilabete gutxira atzera egin zuen Osakidetzak. «Kendu egin zuen proposamena mahai gainetik, esanez ‘orain ezin da’».

Ordutik aritu dira ospitaleko lankideen soldata bera eskatzen. Iazko abenduan egun biko greba egin zuten langileek, eta orain lau egunekoa egin dute Osakidetzari negoziatzera jesar dadila eskatzeko. Iragarri dutenez, mobilizatzen jarraituko dute, negoziazioak hasi artean. «Langileak oso bero daude», azaldu du ELAko ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.