Musika

Oreka TX, Marco Mezquida eta Benny Green Donostiako Jazzaldian izango dira

Dosi txikitan ari dira ematen 57. Jazzaldian izango diren kontzertuen berri. Ordainpekoak izango diren kontzertuak iragarri dituzte dagoeneko, eta datozen asteetan jakinaraziko dituzte doako kontzertuak.

Marco Mezquida pianoan, iazko Donostiako Jazzaldian. GORKA RUBIO
Miren Mujika Telleria.
2022ko apirilaren 22a
15:32
Entzun

«Pianoen jenioez» beteko da San Telmo museoko klaustroa aurtengo Jazzaldian ere. Uztailaren 21etik 25era bitarte, piano soloez gozatzeko aukera izango da egunero, 11:00etan. «Bost kontzertu izango dira guztira egun horietan San Telmoko klaustro zoragarrian. Guztiz akustikoak izango dira, inongo anplifikadoreren beharrik gabekoak», azaldu du Patxi Berradrek, Jazzaldiko komunikazio arduradunak.

Uztailaren 21etik 25era, San Telmo museoko klaustroak nazioarteko piano jotzaile ospetsuak bilduko ditu berriro. Hala nola Vadim Neselnoovski ukrainarrak errezital bat emango du, Chernobil Elkarteari laguntzeko; Craig Taborn ere izango da, «egungo inprobisatzaile handienetako bat»; Sofiane Pamart, «klasikoaren kodeetatik urrundu eta hip-hop estilora gehiago hurbiltzen dena»; eta, azkenik, Benny Green, 40 urteko ibilbidea duen artista. Azken horrek uztailaren 24an eta 25ean egingo du oihartzun San Telmoko «klaustro zoragarriko» hormetan. Izan ere, bi errepertorio joko ditu: 24ean, The conection, eta 25ean, berriz, Reminiscing the piano greats.

Victoria Eugenian antzokian Egile eta Editoreen Sozietate Orokorrari lotutako zortzi artista izango dira. Miguel Martin Donostiako Jazzaldiaren zuzendariaren hitzetan, «musikari sorta bikaina». Esaterako, Carlos Sarduy eta Ernan Lopez-Nussa kubatarrak, Moises P. Sanchez pianista, Chico Perez, Veronica Ferreiro, Berta Moreno eta Oreka TX. Azken horrek «zubiak» egiten ditu herri musika eta jazzaren artean. Eta, hala, jazz generora gehiago hurbiltzen ari direla azaldu du taldeko kide den Mixel Ducauk.

«Bi musikari handi»

Uztailaren 25ean, «bi musikari handirekin» amaituko da programazioa, 12:30ean: Marco Mezquida pianoan eta Juan de la Rubia, berriz, organoan. Johann Sebastian Bachen piezen egokitzapen bat egingo dute bien artean, «guztiz inprobisatua».

Salgai daude dagoeneko, beraz, San Telmo museoan eta Victoria Eugenia antzokian izango diren kontzertuetarako sarrerak. Hain zuzen, Jazzaldiaren eta Donostia Kulturaren atarian dago horiek erosteko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.