Frantziako bozak

Le Pen «blokeatzeko» dei egin du Etxegaraik, hura euskara «eskolan irakastearen aurka» dagoelako

Euskara eta beste hizkuntz baztertuak «eskolaz kanpo edo elkarteetan» irakatsi daitezkeela, «baina ez ikastetxeetan», esan dio eskuin muturreko hautagaiak egunkari bati.

Jean-Rene Etxegarai, Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria. FRANçOIS BERLAND
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 22a
18:53
Entzun

«Ez al da RN [Batasun Nazionala] blokeatzeko arrazoi bat behintzat ? Marine Le Penek eskualdeko hizkuntzak eskolan irakastearen aurka agertu da», idatzi du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak eta Baionako auzapezak sare sozialetan.

Mezuaren testuingurua ulertzeko, esteka bat jarri du Ouest France egunkariak argitaraturiko elkarrizketa batera. Horretan, Marine Le Pen igandean erabakitzekoa den Frantziako presidentetzarako hautagaiak «eskualdeetako hizkuntzen irakaskuntzari» buruzko galdera bat erantzuten du. Erantzunean, eskuin muturreko politikariak esaten du hizkuntzok «gure ondasunaren parte» direla, baina Frantsesa dela Frantziako Errepublikaren hizkuntza. Euskara eta beste hizkuntza baztertuak «irakasteak ez du arazorik sortzen, baldin eta eskolaz kanpo egiten bada, edo elkarteetan. Baina ez ikastetxean, hor oinarrizko ezagutzak irakatsi behar direlako».

Ikusi gehiago:Analisia. Yasmine Khris: 'Faltsu dikotomiak'

Eskuin muturreko hautagaiak gaineratu duenez, ikastetxeetan «eskualdeetako historia» irakastearen alde dago, «ordubete, hamabost egunero».

Etxegaraik parte hartu zuen 22. Korrikan, eta lekukoa eraman zuen Baionan.

Anbiguotasuna

Iazko maiatzean Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua Frantziako Konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen: hizkuntza gutxituen aldeko legea atzera bota zuen partzialki, hainbat diputatuk ezarritako helegitearen ondotik. Erabakia «zerbitzu publikoa eskaintzen duen egitura orori» aplikatzen zitzaiola adierazi zuen orduan, eta hala, itunpeko eskoletan ere murgiltzea konstituzioaren kontrakotzat jo zuen.

Ekainean, ordea, ebazpenaren komentarioa publikatu zuen erakundeak, eta zehaztu zuen «irakaskuntza publikoaren kasuan bakarrik» dela konstituzioaren kontrakoa murgiltzea. Beraz, komentariotik ondoriozta daiteke euskarazko murgiltze sistema konstituzionala dela Seaskaren barruan eta sare pribatu katolikoan, baina konstituzioaren kontrakoa dela sare publikoan.

Beraz, euskalgintzako eragileek ondorioztatu zuten euskarazko murgiltze sistema konstituzionaltzat hartu zutela Seaskaren barruan eta sare pribatu katolikoan, baina konstituzioaren kontrakotzat sare publikoan.

Le Penen adierazpenak anbiguoak dira, ez duelako argitzen «eskola» hitzarekin bakarrik eskola publikoaz ari den, edo irakaskuntza osoaz. Beraz, eskuin muturreko hautagaiak presidentetza irabazten badu, ikusi beharko da «eskolaz kanpo» eta «elkarteetan» horrekin zer esan nahi duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.