Yasmine Khris.
Analisia

Dikotomia faltsuak

2022ko apirilaren 23a
10:30
Entzun

#NiMacronNiLePen. Ez Macron, ez Le Pen. Hori zioen pintaketak, Parisko Sorbona Unibertsitatean margotua, baina baita ere sareetan gehien zabaldu ziren traoletako batek, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehenbiziko itzuliaren emaitzak jakin ondoren. Hainbat eragile politikok hedatu dute mezua, biharamun emozionalaren ondorioz; izan ere, politikan sarritan azaltzen den lelo bat berrerabili dute, ez izurria, ez kolera, frantseseko esamoldetik hartua, desadostasun orokorra adierazteko.

Halarik ere, haustura soziala nabaria zen, boza eman baino askoz lehenago. Frantziako hiri handien mapei so eginez gero, bozen emaitzek demarkazio sozialak imitatzen dituzte. Marseilla ere, Frantziako Estatuko bigarren hiria, bada adibidea. Hiru kolore azaltzen dira argi, Herbehereetako banderaren moduan: iparraldean, auzo xume pobreenak diren eta immigrazio handia ikusten den auzoetan, kolore gorria nagusitzen da, hau da, Frantzia Intsumisoko Jean-Luc Melenchon hautagaiarena; erdialdean, xingola urdin bat, Marine Le Pen, periferiako geografian; hegoaldean, azkenik, auzo aberatsagoenetan, Emmanuel Macronek irabazi du. Fenomenoa areagotu egin da hexagonoaren puntu estrategikoetan: Seine-Saint-Denisen, estatuko departamenturik pobreenean, Jean-Luc Melenchonek lehen itzulitik %50 inguru hartu du.

Irakurketa honetan, bi elementu dira azpimarratzeko: azken hilabeteetan, «estigmatizazio kanpaina» salatu dute banlieue eta langile auzoetan. Eremu horietan, immigrazioko biztanleria bereziki inportantea da, eta ez da zalantzarik hautagaiak saiatu zirela publiko hori konbentzitzen. Diskurtsoen «deskonexioa» kritikatu izan dute, bortizkeria, arrazakeria,eta islamofobia. Ildo berean, ezin dira ukatu abstentzioaren zenbakiak, sindrome gisa: estatu mailako diskurtsoak ez dira heldu etxe guzietara. Bertzalde, Marine Le Penen desdemonizazio estrategiari ekin zioten. Anitzek publikoki partekatu dute nahasmen orokorra, eta zalantza azaldu dute: «Zergatik ez [probatu]?», ahantziz haren aitak, Jean-Marie Le Penek, sortu zuela Fronte Nazionala, Vichyren nostalgiko, Petainen miresle, OASeko (Armada Sekretuaren Erakundea, eskuin muturreko eta frantses nazionalisten taldea) kide ohi eta damutu gabeko collabo-ekin (Bigarren Mundu Gerran, Alemaniako soldaduak lagundu zituztenak).

Horren aurkako jarrera hartu dute eragile zaugarrienek. Nadir Dendoune kazetariak iritzi artikulu bat sinatu zuen Libération egunkarian: «Ez dut bozkatu gabe gelditzeko luxurik. Izan ere, erdi mailako klaseko frantziarra izan aurretik, Marine Le Penentzat batez ere, arabiar bat, musulman bat, barne etsai bat naiz». Ordudanik, mezua bertze itxura bat hartzen hasi zen; Le Penen aurka, hautarik ez, alegia. Ezkerreko boz emaileek ulertu dute Macronen ultraliberalismoak, neurri antisozialez eta injustiziaz osatua den horrek, ez duela konparaziorik Marine Le Penen sartzearekin Eliseo jauregira. Izan ere, zertarako balioko lukete hitz onek urte osoan migratzaileentzat, eskola publikoarentzat edo biodibertsitatearentzat, baldin eta mobilizazio masibo batek balio ez badu presidente xenofobo eta erreboltari klimatiko baten hondamendiari aurre egiteko? Ezkerreko prentsak hautua egin du jadanik euren azaletan: boz baliogabea ezabatu dute, eta dikotomia faltsuak agerian jarri dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.